Lasa IV.aren debuta

Guaixe 2016ko eka. 17a, 14:00

Bihar, larunbatean, 22:00etan Adur Lasak jaioterrian, Etxarri Aranatzen debutatuko du Garfe enpresarekin. Xalarekin bikotea osatuta, Titin III.a eta Begino izanen ditu aurkari

Aitor Zubieta, Jose Javier Zabaleta, Joseba Ezkurdiari eta Julen Martijari beste pilotari sakandar profesional bat batuko zaie: Adur Lasa etxarriarra. Oskar Lasaren ilobak bihar debutatuko du, Lasa IV.a izenarekin, Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan, Garfe enpresa errioxarrarekin. Primerako partida prestatu du Garfek, Etxarri Aranazko Udalaren babesarekin. Lasa IV.ak Xala izango du bikoa bere estreinaldian, Titin III.aren eta Beginoren kontra aritzeko. Etxarriko 22 urteko pilotariak adierazi digunez, “gogo askorekin, ilusioz beteta “dago bere debutarekin.

Etxarriko pilota jaialdia
Larunbatean, 22:00etan, Euskalerriari pilotalekuan.
Lau t´erdian: Ansa / Murgiondo
Binaka: Xala-Lasa IV.a / Titin III.a-Begino

Gertutik: Adur Lasa: “Ilusio handia daukat, Etxarrin debutatuko dudalakoz, gehienbat”

Pilotari familia batetik zatoz. Horrek eragiten du?
Bai, asko. Oskar osaba pilotaria zenez, etxean beti pilota ikusten zen. Etxeko giroa pilota zen. Zuk berdina sentitzen duzu eta horrek bulkatzen zaitu. Txikitatik pilotan jokatzea erakutsi didate.

Etxarriko pilota eskolan hasi zinen?
Ba, 12 urtera arte Etxarriko pilota eskolan aritu nintzen. Ventura Mundiñano zen irakaslea. Oso klub polita genuen; pilotari asko geunden eta oso ongi eramaten zen. Felix Igoa ere bertan zebilen. Asko erakutsi zidan, asko maite nuen eta asko diot berari eskertzeko. Gero Oskar, Aitor Zubieta... etorri ziren eta horiekin jarraitu genuen. Pena izan zen Venturak kluba utzi zuenean bi urtez geldirik egon zela kluba eta Etxarriko pilotariek beste taldetara joan behar izan genuen. Ni hasiera batean Burlatako eskolara joan nintzen eta bertan 4 urte inguru eman nituen. Ondoren Doneztebeko Erreka klubera joan nintzen, gaur egunera arte.

Afizionatuetan zer moduz ibili zara?
Oso gustura. Errekako entrenatzaile Patxi Ordokik konfiantza handia eman zidan. Nafarroako Herrien arteko bi txapelketa irabazi genituen, gero Euskal Herriko biak ere bai. Bakaikoarekin batera Malerrekako txapeldunordeak izan gara aurten. Eta Nafarroako selekzioan ere gustura aritu gara. GRAVNI-an aurreko urtean txapeldunordeak izan ginen… Gustura ibili gara.  

Garferen proposamena noiz iritsi zen?
Ni Asperekin nengoen entrenatzen. Egun batean Garfeko nagusiak, Tomasek deitu zidan eurekin aritzeko interesa ote nuen galdetzeko. Nik esan nion proposamena aztertzeko moduan nengoela. Duela bi aste partida genuen Labriten, partida ikustera etorri zen eta partida ondoren Garferekin kontratua sinatu nuen. Nik ez nuen proposamena espero, baina Garfekoak etorri ziren momentutik aukera polita ikusi nuen, Garfen partida asko jokatzen dira pilotari oso onekin. Egia esan, ez nuen gehiegi pentsatu. Ia aukera plazaratu zidatenetik baiezkoa eman nuen. Oso kontentu nago.  

Profesionaleko salto hori ematea zaila da, ezta?
Kosta egiten da. Pilotari asko gaude, asko oso onak dira, 1 edo 2 igotzen dira profesionaletara eta aukeratzea zaila izaten da. Hortaz, aukera dagoenean ezin zaio ezetz esan. Pilotari guztien ametsa goian egotea da.

Atzelaria zara. Nola definituko duzu zure jokoa?
Ez naiz inor baino hobea edo okerragoa, diferentea naiz. Eskuinarekin hobeto defendatzen naiz, kolpea badaukat. Eta alde ahulena nire ezkerra da; gehiago huts egiten dut ezkerrarekin. Hori hobetzen saiatzen naiz.

Bihar debutatuko duzu Etxarrin.
Oso partida ona jarri didate. Ilusio handia daukat, ez bakarrik debutagatik eta partidagatik, Etxarrin jokatuko dudalakoz, gehienbat. Zure herrian, zure jendearen aurrean, koadrila, lagunak, herriko jendea... ez zen berdina izango beste herri batean izango balitz. Etxarrin jokatzea niretzat espeziala da.

Zer nolako uda espero duzu? Partidaz betetakoa?
Uda mugitua izango da. Garfek partida asko antolatzen ditu. Astero partida bat edo bi izatea aurreikusten da. Aurten Nafarroan eta Errioxan partida gehiago antolatzea espero da eta asko jokatuko dugu.

Zer dio osaba Oskarrek? Nola ikusten zaitu?
Beti gaizki (kar kar). Ez dago entrenamendu bat garraxiren bat botatzen ez didana.  Berak ere entrenatzen jarraitzen du, biak entrenatzen dugu sarri. Niri gustatzen zait berak garraxi egitea, horrek nik gaizki egin dudana hobetzea ekartzen duelako. Eskertzen dut berak garraxi egitea (kar kar).

Etxekoak kontentu egongo dira, ezta?
Bai, oso kontentu. Ni kontentu nago baina etxean gehiago. Ni frontoian nabil, jokatzen... jabe naiz gertatzen ari denaz baina frontoian nago zentratuago, entrenamenduan. Beraiek larunbatean dute gehiago burua.

Urduri zaude?
Azkeneko egunean jarriko naiz. Orain debuta iristeko irrikitan nago, gogo handirekin.

Zorte handia izan dezazula.
Milesker.