III. Triku Traila osatzera

Guaixe 2016ko eka. 24a, 14:15

Igandean, 9:30ean Etxarriko kanpinetik abiatuko da Etxarriko mendi lasterketa (21 km). Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria izateaz gain, Euskadiko Koparako puntuagarria izango da aurten Triku Traila

Urte osoko lana egin ondoren, Triku Trail Kirol Taldea azken ukituetan murgilduta dago, igandean jokatuko baita hainbat babesleren laguntzarekin batera –Etxarri Aranazko Udala, Etxarriko kanpina, Sakana Kooperatiba, Xalok kirol nutrizioa eta makina bat establezimendu eta komertzio– antolatutako III. Triku Trail mendi lasterketa. Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria izateaz gain, aurten Euskadiko Koparako puntuatuko du Triku Trailek, eta horregatik juniorren eta kadeteen mailako ibilbidea antolatu behar izan dute, Kopak hala eskatzen duelako.

Harizti, pagadi eta trikuharrietatik barna
Proba nagusia Etxarri Aranazko kanpinetik abiatuko da 9:30ean, kadeteak eta juniorrak barne. 21 km eta 1.400 metroko desnibel positiboa duen lasterketari egingo diote aurre. Etxarri Aranazko Trikuharrien ibilbidea oinarri hartuta, ibilbide hori luzatu dute antolatzaileek. Proba zorrotza da, baina ezberdina. Izan ere, Trikutraila gehienbat basoan garatzen da. Kanpinetik abiatuta, hariztien ibilbidetik haritz eta pago artean ia estalita ibiliko dira korrikalariak, itzalpean. Kanpinetik aterata Maitzegurretik pasatuko dira korrikalariak, eta segidan Auntzetxetik. Ibilbidean aurrera eginez, Axioren putzua pasatu ondoren Lizarrustira helduko dira. Ondoren Txaradigorri trikuharrira joko dute. Horixe izango da eremurik gogorrena. Hortik Hirumugeta igoko dute, Otxentara jaitsi eta Fagamendi igotzeko. Handik haritz zaharren ibilbide zoragarritik jaitsiko dira, eta Etxarriko kanpineko helmugan despedituko da proba. Juniorrek eta kadeteek 15 km-ko ibilbidea osatu beharko dute, nagusien ibilbide beretik abiatuta, buelta motzagoa eginez.

Aurreko urtean 30 graduko tenperaturari aurre egin behar izan zioten korrikalariek eta Juanjo Igarzabal (1:46:57) eta Aitziber Ibarbia (2:12:34) izan ziren azkarrenak. Iganderako eguraldi iragarpenari dagokionez, “tarteko eguraldia” espero dela adierazi digu Aritz Munarrizek. “Ez du egingo bezperetan egin duen bero saparik. Korrika egiteko eguraldi sanoa espero da, hori bai”. Eta proba jarraitzera Etxarriko kanpinera gerturatzeko deia egin du Munarrizek. “Giro oso polita sortzen da” gaineratu du.

Dortsalak, agortuta
Probak 350 parte-hartzaileren muga dauka baina dagoeneko ez da dortsalik geratzen. “Esaten digute ea zergatik ez dugun kopurua zabaltzen, baina ez dugu proba gehiegi masifikatu nahi, bestela kalitatean galduko delako. Kopurua zabalduz gero, kanping inguruan aparkatzeko arazoak sortuko lirateke, dutxak ere mugatuak dira… 350 korrikalari horiek zaindu nahi ditugu, zerbitzuekin eta lasterketarekin gustura geratu daitezen” adierazi du Triku Trail taldeko Aritz Munarrizek. Triku Trail taldean mendi lasterketetan aritzen diren etxarriarrak biltzen dira. Etxarriko beheko basoan sarritan ibiltzen dira entrenatzen, eta horrela bururatu zitzaien mendi lasterketa antolatzea, euren entrenamendu tokia paraje zoragarria delako.

“Sekulako basoa dugu, korrika egiteko espeziala. Gorabeheratsua da, malda gogorrak ditu, suabeagoak… ibilbide zoragarria da, gogortasun handia ematen dio probari eta jendeari gustatu zaio. Horregatik mantentzen dugu ibilbidea” diote antolatzaileek.

Sariak, opariak eta auzatea
Antolatzaileek 1.200 euro banatuko dituzte sarietan. Lehendabiziko gizonak eta emakumezkoak txapela, trofeoa eta 300 euro jasoko dituzte, bigarrenek 200 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 100 euro eta trofeoa. Lehen juniorrek eta kadeteek trofeoa jasoko dute eta bigarrenek eta hirugarrenek dominak. Lehen junior etxarriarrak ere trofeoa lortuko du. Bestalde, lehen beteranoendako, lehen sakandarrendako eta etxarriarrendako ere trofeoak izanen dira. Horretaz gain, korrikalari guztiek kamiseta teknikoak eta opariak jasoko dituzte eta proba ondoren auzate ederra egonen da proba jarraitzera hurbiltzen diren guztiondako.

Proba antolatzeko makina bat lagun ariko dira lanean, 100 boluntario inguru. “Proba honen atzean lan handia dago. Taldean 8 kide gara eta abendutik astero biltzen gara. Eta azkeneko egunetan herritarren laguntza izaten dugu, eskertzekoa. Bestetik, oso eskertuta gaude babesle guztiei, bakoitzak ahal duenaren neurrian lagundu duelako” azpimarratu dute antolatzaileek.

Txikienendako Trikutxikia
Aurreko urtean Trikutxiki antolatu zuten lehenengoz, proba ez lehiakorra, neska-mutikoek ongi pasatzeko. Aurten ere antolatuko dute. 10:00etan izanen da, kanpinaren inguruetan, korrikalariak proba nagusian dauden bitartean. “Korrikalari asko familiarekin etortzen dira eta polita iruditu zitzaigun txikiekin distantzia sinbolikoa duen proba egitea, neska-mutikoek ongi pasatzeko” azaldu digu Aritz Munarrizek. Izena igandean bertan eman beharko da eta bertan aritzera animatu dituzte gaztetxoak.

trikutrail.wordpress.com
Probako informazio guztia, ibilbideen tracka barne. Facebookean ere (Trikutrail).