Gaixo dauden presoen aldeko manifestazioa

Guaixe 2016ko ira. 2a, 09:19

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak (AEM) deitu du mobilizazioa, bihar, 19:00etarako. AEMk berak atzo jakinarazi zuenez, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak, Carmen Albak, mobilizazioa debekatu du, baina debekuari helegitea iragarri diote. Biharko manifestazioan parte hartzera deitu dute AEMtik. Gaixorik dauden presoak kalera, amnistia osoa leloa du deialdiak. Espetxean larriki gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatuko dute. “Ezin dugu jarraitu ikusten gure preso gaixoekin nola jokatzen duten. Herri bezala erantzun behar dugu, bestela galduta gaude.” Bestalde, AEMko bi kide gose greba mugagabean daude Etxarrin.


Fernando Lizeaga eta Joxan Kortadi
AEMko kideak gose greba mugagabean daude Etxarri Aranazko ikastola zaharrean agorrilaren 15az geroztik.

Zergatik ari zarete gose greba?
Lizeagak: Larriki gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatzea da helburu nagusia. Eta, bide batez, haien eskubideak defendatzeko herri bezala erantzuteko ikusten dugun beharra mahai gainean jarri nahi dugu. Egun ditugun preso, deportatu eta exiliatuak aurreko borrokaren ondorioa direla ulertzen dugu eta, gure ustez, hori denon gatazka da, behintzat anai-arreba sentitzen ditugunona. Jendea mugitu behar dela pentsatzen dugu, presoena denen arazoa da. Ezin diegu bizkarra eman. Dagozkien eskubideen alde egin behar dugu borroka. Guk estutu beharko ditugu legeak, etsaiak ez digu ezer ez emanen.

Kortadi: Preso eta gaixo daudenen bozgorailua izan nahi du gose grebak.

Zergatik gose greba?
Lizeaga: Atentzioa deitu nahian. Legea urratu gabe, behar bada, borrokatzen toperaino joaten gara. Ezin dugu gehiago eman. Gure jarrerarekin adierazi nahi dugu egoera benetan larria dela, gaixo dauden presoez aparte, jende asko eta asko oso egoera txarretan dugula adierazi nahi dugu. Badugu jendea bizi duina aurrera eramateko baldintzarik ez duena. Ulertzen dugu gure ardura dela antolatzea eta horiei guztiei gure babesa adieraztea. Bizkarra ez diegu emanen, ezta pentsatu ere.

Zergatik Etxarrin?
Kortadi: Beste toki batzuetan leku bila egon gara eta Etxarri izan da leku bat eman digun bakarra.

Zer moduz daramazue?
Kortadi: Ahul, baina ongi.

Lizeaga: Ondo. Nabarmena 55 eta 60 urte dauzkagula, ez garela gaztetxo batzuk. Gure garaian konpromiso hau hartu genuen. Erabat sinistuta gaude gure borroka justua dela. Pentsatzen dugu borrokatzen jarraitu behar dugula, hau ez da bukatu.

Zuekin batera barau egitera bakarren bat animatu da?
Kortadi: Bai. Angel Erdozia Larrazak, Ikok, hiru egun pasa zituen; preso ohia ere bai. Hasieran ere neska bat aste bat edo egon zen. Biek ere lan kontuengatik utzi dute. Batzeko edo bisitan etortzeko ateak erabat zabalik daude.

Bisitak jaso dituzue?
Kortadi: Dexente. Jende asko etorri da eta hitz egiteko gogoekin, nolabait gauzak, zalantzak argitzeko.

Lizeaga: Jendea oso nahastuta dago eta normala iruditzen zaigu nahastuta egotea. Jendea ez da argitzen. Amnistiaren kontzeptua batzuk eta besteak erabiltzen dugu. Batzuk zentzu bat eman nahi diote besteek beste bat. Nire ustez auzi hau ez da horretaz. Behar bada horretaz hitz egiteko argudioak ere baditugu. Helburua da preso, errefuxiatu, deportatu eta exiliatu guztiei atzean herri bat dutenaren bermea ematea da. Jendeak ulertu behar du gai izan behar dugula horren alde egiteko siglarik gabe, ezer gabe. Arazoa denona da eta konpondu behar dugu. Ezin dugu horrelako jarrerarik onartu: ikusita zer egoeratan dauden eta zer ari garen egiten.

AEM sortzeko arrazoietako bat hori izan da?
Kortadi: Bai. Batez ere presoen eta kanpoan dauden jende horien bizi baldintzak eta zerak nolabait bermatu, babestu… Zeren erabat bizkarra emanda daudela ikusten ari gara. Herriaren, guztion erantzukizuna da; hori ez da batena edo bestena.

Amnistiarekin zer adierazi nahi duzue?
Lizeaga: Amnistia aldarrikatzen dugunean bere osotasunean ulertzen dugu. Amnistia lortuko dugu gure herria benetan aske izatean. Ez dakigu, ez dela helburu bat epe motzean lortuko duguna, ezta presoak ateratzea ere. Gutxienez minimo bat bezala jartzen dugu, hauen bizi baldintzak duinak izanen direla bermatzeko.

Gero interpretazioak sartzen dira. Batzuk pentsatzen dute bidea alde batetik markatu behar dutela, beste batzuk, berriz, horretaz ezer esaterik ez dugula. Zeren azken finean beraien erabakia da nondik jo. Berriz diot, denona den arazo bat dugu. Guk haiek hartzen duten erabakiarekiko errespetua eskatzen dugu bakarrik. Errespetua edozein kasutan. Eta gure mugimenduari ere errespetu pixka bat erakutsi.

Zeren oso gaizki ari gara gure artean ere. Presoei ezin diegu hori erakutsi. Presoek zer ikusiko dute ba? Ze baldintzetan daude eta gu nola gabiltza? Ez gara mugitzen, eskubideak lortzeko borroka eginen dugula ez dugu adierazten. Minimo bat bezala jartzen dugu. Amnistiak bere osotasunean gauza askoz ere gehiago esan nahi ditu.

Kortadi: Amnistia ez da bakarrik presoak ateratzea. Hori baino gehiago da. Presoak kartzelara joateko egon diren arrazoiak nolabait gainditzea da. Ez da gelditzen presoak ateratzean. Presoak atera daitezke, baina amnistia aldarrikapenak hor jarraituko luke. Zeren, ziur aski, hurrengo hilabetean edo urteetan jende gehiago sartuko litzateke kartzelara arrazoi berberengatik.

AEMk kideak Sakanan ditu?
Lizeaga: Bai, talde bat dago. Kriston lana egiten ari dira eta eskerrak eman nahi dizkiegu. Baita Etxarriko herriari ekimen hau antolatzea posible egiteagatik. Poliki-poliki antolatzen ari gara. Helburu bakarra aipatu dugun minimo hori betetzea da. Eta gero gure herria aske izateko borrokatzen jarraitu.