Guardia Zibila AEMren manifestazioaren kontra

Guaixe 2016ko ira. 5a, 13:27

AEMren deialdiari erantzun ziotenek debekuaren aurrean zer egin aztertzeko batzarra egin zuten.

Debekatuta zegoela eta ezin zela manifestaziorik egin. Horixe esan zien Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduko kideei (AEM) Guardia Zibilaren buruak larunbatean. 19:00ak ziren eta Guardia Zibilak kide ugarirekin plaza hartua zuen. Etxarrirako bidean ere kontrolak jarri zituzten eta haietako batean, Altsasun, Bilbotik zetorren autobusa ordu erdiz geldirik izan zuten. Deialdiak batutako pertsonek, batzarrean, manifestazioa egitea erabaki zuten. Plazatik ikastola zaharreraino joan ziren, 20:00etan. Bidean honako leloak oihukatu zituzten: borroka da, bide bakarra; ez gaituzue geldituko eta presoak kalera, amnistia osoa. Gose grebalariak agurtu eta Eusko Gudariak abestu zuten.

Horren ondoren Guardia Zibilaren karga iritsi zen. Ke poteak eta pilotak bota eta manifestariak sakanabatu zituzten. Haietako batzuk, aurpegia estalita, beira edukiontziak irauli eta botilak jaurti zizkieten Guardia Zibilei. Tentsioa 21:30erako baretu zen. Guardia Zibilak plaza inguratzen segitu zuen. Hala ere, poteoan zebiltzan edo batetik bestera joan nahi zuten etxarriarrei eragozpen bat baino gehiago jarri zieten. Errepideetan ere kontrolak jarri zituzten.

Deitzaileen iritzia
AEMk adierazi duenez, “debeku guztien gainetik espainolismoa eta ukazioaren ikur bihurtu nahi duten Nafarroan ere gure ahotsa entzunarazi egin dugu eta aurrerantzean ere egiten jarraituko dugu.” Deitzaileek “herria txalotu” zuten larunbatean “erakutsi zuen ausardia eta erabakigarritasunagatik, zailtasun eta inposizio guztien gainetik askatasunerako bidea egiten jarraitzeko prest dagoela beste behin ere erakusteagatik.”

Estatuak hainbat arrazoiregatik “isilarazi” nahi dituela adierazi zuten AEMtik: “jendeari konta ez diezaiogun Espainia eta Frantziako Estatuko gobernariak bakezaletasun faltsuaren maskara jantzita daramaten hiltzaileak direla; ez dute kontatzea nahi traje eta gorbata horien atzean kartzeletako hormigoiaren opakotasunak babestuta presoak erailtzeaz arduratzen den nolahalako jendea ezkutatzen dela; ez dute kontatzea nahi Espainia eta Frantziako Estatuek hamarkadak daramatzatela preso politikoei xantaia egiten hauen damua lortzeko asmoz, gehien eman dutenen ahotik borroka egiteak merezi ez duela dioen mezua lortu nahian, herri bat menpean hartu eta desagerrarazi nahian” eta, azkenik, “ez dute kontatzea nahi xantaia horretan preso gaixoek osatzen duten kate-begi ahulenarekin tematu direla. Atxilotuak, torturatuak, gatibuak, isolatuak, sakabanatuak eta, orain, damutzea ala hiltzea beste aukerarik uzten ez dieten koldarren sadismoa pairatuz.”

AEMk berretsi zuenez, “herri honi dagokio preso gaixoak etxera eta bizirik ekartzea lehenengo, eta herri honi dagokio hau egin eta gero gainontzeko preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak Euskal Herri libre batera ekartzea amnistia baten bitartez. Guardia Zibilik ez dagoen Euskal Herrira, bere oraina eta bere etorkizunaren jabe den Euskal Herrira. Helburu hauek lortzeko bidea markatuta dago: antolakuntza eta borroka.”

Erreakzioak
Sortuk AEMren estrategiarekin bat egiten ez duela argitu zuen, baina “aldarrikapen zilegien aurkako bortizkeria eta errepresioa” salatzen zuen. “Sakanako herritarrek behin baino gehiagotan salatu dute Guardia Zibilaren okupazioa. Soberan dago Euskal Herrian Guardia Zibila. Euskal herritarron eskubideen urratzaile izan dira eta izaten jarraitzen dute larunbatean ikusi zenez.”

PPk Etxarri Aranatzen duen zinegotzietako batek, Juan Antonio Extremerak, udalari manifestazio “ilegala eta ondorengo bortizkeria ekintzak” salatzeko eskatu dio, baita “halakorik berriro ez gertatzeko bitartekoak jar ditzala.” Popularrak “baimenik gabeko manifestazioa gogor kondenatu” zuen, “ETAko kideak omendu, justifikatu eta haien irudia eta delituak goratu asmo baitzuen.” Extremerak, bide batez, Guardia Zibilaren jarduna “eskertu” du. Eleak Libre dinamikak, bestalde, adierazpen askatasuna “ukatu” zela eta eskubide zibil eta politikoak zanpatu zirela salatu zuen.

Grebalariak
Larunbateko manifestazioaren eta gero, 20 eguneko gose grebaren ondoren, Joxean Kortadik protestaldia utzi zuen. Fernando Lizeagak gose greban 22 egun egin ditu gaur.

www.ahotsa.info-ren bideoa