Gose greba bukatuta, AEMk amnistia aldarrikatzen segitzen du

Guaixe 2016ko ira. 12a, 16:11

Fernando Lizeaga eta Joxan Kortadi.

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduko (AEM) bi kidek, Joxan Kortadi (20 egunez) eta Fernando Lizeaga (26 egunez) preso politiko ohiak, gose greba egin dute ikastola zaharrean. Azken horrek ostiralean utzi zuen protestaldia. Espetxean gaixo dauden presoen berehalako askatzea aldarrikatu dute. Haiekin batera, hainbat egunez baraualdia egin dute Izaskun Etxeberriak eta Angel Erdoziak. “Borrokaldi gogorra burutu dute, baina ez dute bidea bakartasunean egin”, eta Huelvako presoek helburu beragatik egiten ari diren txandakako gose greba edo Valenceko espetxean dauden bi presoek sakabanaketaren eta urruntzearen kontra egiten ari diren protestaldia gogora ekarri ditu.

AEMko kideek, “informazio boikotaren gainetik”, gose grebaren “irakurketa oso positiboa” egin du. Adierazi dutenez, “borroka honek kontzientziak berpizteko eta inposatu nahi diguten “normalizazio eta bake” egoera faltsuaren gezurra agerian uzteko baliagarria izan da”. Aldi berean, AEMk “eskerrak eman nahi dizkio Etxarriko herriari eta zorionak modu batean edo bestean borroka hauek guztiak lagundu dituzuen guztiei”. Amnistia lortzeko “borroka eta antolakuntza”aldarrikatu ditu.