Joanes Bakaikoa: “Debutarekin oso ilusionatuta nago”

Guaixe 2017ko urt. 13a, 14:24

Bakaikoak bihar debutatuko du Asegarcerekin, Labriten, Zilarrezko Binakako Txapelketan. Ladis Galarzarekin osatuko du bikoa. Julen Martija arakildarrak ere Zilarrezko Binakakoan parte hartuko du

Sakandarrak Zilarrezko Binakakoan
Peña II-Salaverri / Bakaikoa-Ladis Galarza (larunbatean, 17:45ean, Labriten. ETB1)
Elordi-Erostarbe / Errandonea-Martija (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)

Aspek eta Asegarcek ilbeltzaren 3an aurkeztu zuten Zilarrezko Binakako Txapelketa. Txapelketa aurkeztearekin batera sorpresa iritsi zen, Asegarcek aurkezpen hori baliatu baitzuen Joanes Bakaikoa pilotari etxarriarra aurkezteko. Aurkezpenaren egunean bertan sinatu zuten bi aldeek kontratua. Eta, hain zuzen, Zilarrezko Binakakoan debutatuko du Joanes Bakaikoak, bihar, larunbatean, 17:45ean Iruñeko Labriten hasiko den jaialdian (ETB1).

Zilarrezkoan bi sakandar: Martija eta Bakaikoa
Aspe eta Asegarceko launa bikotek hartuko dute parte 2. Mailako Binakako Txapelketan, Zilarrezkoan. Gaur, ilbeltzaren 13an hasiko da lehia eta, itzuli bakarreko ligaxkaren ondoren, lehen lau bikoteak finalerdietarako sailkatuko dira. Finalerdiak ere ligaxka bidez jokatuko dira eta apirilaren 2an jokatuko da finala.

Asperen lau bikoteak Errandonea-Martija, Elordi-Erostarbe, Ugalde-Martinez eta Dario-Jaunarena dira. Errandoneak eta Martinezek berriki egin zuten debuta eta Jaunarenak atzelari moduan jokatuko du lehen aldiz. Etxeberriko Julen Martijak Errandonearekin osatuko du bikoa.  Astelehenean sartuko dira lehian, Tolosan, eta Elordi eta Erostarbe izango dituzte aurkari.

Asegarceren lau bikoteak, aldiz, Bakaikoa-Ladis Galarza, Laso-Iturriaga, Peña-Salaberri eta Arteaga-Erasun dira. Joanes Bakaikoaren kasua da deigarriena, etxarriarrak oraindik ez baitu debuta egin. Txapelketakoa izango da Etxarrikoak Asegarcerekin jokatuko duen lehen partida, bihar, Iruñeko Labriten. Ladis Galarzarekin osatuko du bikoa Bakaikoak eta Peña II.a eta Salaverri izango dituzte aurkari.

Gertutik: Joanes Bakaikoa
Bihar Asegarcerekin debutatuko duen pilotari etxarriarra

Non hasi zinen pilotaka?
Iruñeko San Juan taldean, 6 urterekin. Etxarriarra naiz baina ikasketak Iruñean egin izan ditut. Urte asko pasatu ditut Donibaneko klubean eta ordu asko bertako frontoian, Etxarriko frontoian, Lizarragako frontoian, aiton-amonak bertakoak direlako, eta Alliko frontoian, ama bertakoa dudalako.

San Juanetik Doneztebeko Erreka klubera egin zenuen salto.
Donibanen, kadete mailaraino, entrenatzen genuen Lasok, orain profesionala dena, Julen Martijak eta Medinak. Bizpahiru urtez elkarrekin entrenatu genuen. Antzeko maila genuen, gure arteko pike sanoa, eta gustura entrenatzen genuen. Errekako Patxi Ordokik deitu zigun, ea bertara joan nahi genuen, Donibanerekin hainbat txapelketatan ezin genituelako jokatu, Berria Torneoa eta Interpueblos edo Herrien Arteko Txapelketak, tartean. Horrela, Errekara joan nintzen, baina egunerokoan ez nuen nabaritu, Donibanen jarraitzen nuelako entrenatzen, eguneroko martxan, Unai, Martija, Laso eta Medinarekin. Kantxatik kanpo ere harreman ona daukagu.

Afizionatuen mailan palmares ikusgarria duzu. Nafarroako txapelduna, Espainiako txapelduna, eta soilik 2016ko denboraldia kontuan hartuta, Errekarekin Nafarroako Herriz Herriko txapelduna izan zara, Euskal Herriko Herriz Herriko txapelduna eta Berria Torneoa irabazi duzue. Eta ETB Enpresen Torneoa irabazi zenuen Erasunekin. Hor hasi ziren zurrumurruak, profesionaltasunaren bidea zabalduko ote zitzaizun, Asegarcerekin harremana bazegoelako, ezta?
Noizbehinka joaten nintzen Asegarcekoekin entrenatzera, baina beste pilotari batzuek bezala. Debutatzearen inguruan ezer ez zidaten esanda. Irailetik aurrera astero joaten nintzen entrenatzera eurekin, gero eta gehiago, Tolosan. Eta gustura sentitzen nintzen. Pixkanaka badirudi hobetu dudala eta debutatzeko aukera eman didate.

Ilbeltzaren 3an 2. Mailako Binakako Txapelketa aurkeztu zuten, Zilarrezkoa, eta argazki erdi-erdian zu zeunden. Zu izan zinen notizia, ekitaldi berean iragarri zutelako Asegarcerekin kontratua sinatu duzula eta txapelketa honetan debutatuko zenuela. Hau ate handitik sartzea al da?
Ohikoena jaialdi batean debutatzea da. Niri txapelketan debutatzea tokatu zait baina uste dut ez dela ez hobe ez okerrago. Ezberdina da. Baina akaso hobe izan daiteke, horrek astero partida bat izango dudala ziurtatzen didalako. Alde ona begiratu behar da.

Nola harrapatu dizu debutak, espero zenuen?
Niretzat sorpresa izan da une honetan debutatzea. Uste nuen beraiek txapelketa antolatuta zutela eta, agian, gauzak ongi eginez gero, beranduxeago debutatzeko aukera izango nuela. Baina azkarrago tokatu da eta ni ilusio handiarekin nago.

Nola zaude? Urduri, ilusioarekin?
Urduri ez. Agian gero jarriko naiz, baina orain disfrutatzeko gogo handiarekin nago.

Nola definitzen duzu zure jokoa? Nolako aurrelaria da Joanes Bakaikoa?
Ez naiz kriston indartsua den aurrelari bat, indar handikoa, baina horri erantzuten saiatzen naiz aurrean teknikoagoa izaten. Saiatzen naiz aurrean tantoa nahasten, angeluak bilatzen, eta aukera dudanean pilotak gozatzen.

Gertukoek zer diote?
Familia, lagunak, ingurukoak, herritarrak... asko poztu dira eta niri poz handia ematen dit beraiek pozik egotea. Labrit betea egongo da, egia esan.
Ladis Galarza izango da zure bikoa. Zer moduz berarekin?
Kriston indarra dauka, kolpe handia. Agian ez da beste batzuk baino seguroagoa, baina indar handia du. Ea ongi konpontzen garen eta gure artean hitz egiten dugun.

Binakako Txapelketa nola ikusten duzu? Inoiz baino txapelketa gazteagoa izango da, askok debutatu berri duzuelako. Faborito argirik dago?
Txapelketa nahiko irekia dago. Gehienok sartu berriak gara eta irekia ikusten dut. Agian bateonbat gora iritsiko da eta beste batzuk behean geldituko dira, baina nik irekia ikusten dut.

Zorterik onena opa dizugu, Joanes.
Milesker.