1. Emakumezkoen taldea sortzeko instituzio eta entitate askoren babesa izan du Ermitagaña klubak.
Bai. Babesleen artean Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Lodosakoa eta Etxarri Aranazkoa ere badaude. Nafarroa Ermitagaña Navarra txirrindularitza talde berria da, emakumezkoena.
2.Ermitagaña klubekoak zarete, ezta?
Bai, Ermitagaña klubekoak gara. Ermitagañak beste talde batzuk ere baditu, 23 urtez azpikoen gizonezkoen talde afizionatua eta gero eskolak, kadeteak eta jubenilak. Klub bera da, baina gurea emakumezkoen Nafarroa Ermitagaña Navarra taldea da.
3.Zenbatek osatzen duzue taldea?
15 eta 19 urte bitarteko 13 neskak osatzen dugu taldea. David Latasa da gure entrenatzailea. Sei kadete, lau jubenil eta 23 urtez azpiko txirrindulari bat gaude. Ni kadetea naiz, 2. urtekoa.
4. Zenbat sakandar zaudete?
Maria Beraza uhartearra, Barañainen bizi dena eta ni. Maria kadetea da, lehen urtekoa. Gainontzeko neska gehienak Iruñekoak dira, baina badago Elizondoko bat, Lodosako bat, Tuterakoa… Nafarroa guztitik gaude.
5. Zein lasterketatan arituko zarete, soilik emakumezkoak direnetan edo mutilekin batera lehiatuko zarete?
Saiatuko gara ahalik eta lasterketa gehienak emakumezkoenak izaten, baina asko ez daudenez, ez da kontua ere denboraldia etetea eta tarteka lehiatu gabe aritzea, une horretan emakumezkoen probarik ez dagoelako. Hortaz, gizonezkoen probetan ere ariko gara. Batzuetan proba hauek ez ditugu bukatzen, baina saiatzen gara ahalik eta gehien agoantatzen.
6. Pozik zaude talde berrian, ilusionatuta?
Bai, proiektu berria da; aspaldiko partez Nafarroan emakumezkoen taldea dugu. Oso interesgarria izango da talde berria nola dabilen probatzea, ea aurrera ateratzen den. Eta ongi ateratzen bada, neskek hemen dute taldea. Izan ere, guk zailagoa izan dugun hori erraztea da asmoa.
7. Orain arte zein taldetan ibili zara?
Lakuntzako Aralar klubean aritu nintzen txirrindulari, kadete mailara arte. Izan ere haurren maila bukatzera arte, neskak eta mutilak, guztiak aritzen gara batera. Baina haurren maila bukatzerakoan, kadete mailan dagoeneko neskendako probak daudenez, neskekin konpetitzera zoaz. Horrela, emakumeen taldeetara salto egin beharra dago. Nik iaz debutatu nuen kadeteetan. Tolosako talde batean ibili nintzen, Rural Kutxa Bide Biden. Hiru neska nafar geunden han. Eta aurten Nafarroa Ermitagaña Navarra taldera etorri naiz. Kadeteen 2. urtea izango da.
8.Gainontzeko txirrindulari sakandarrak non dabiltza?
Nik dakidala, Joana Irastorza etxarriarra eta Maialen Aramendia iturmendiarra Gipuzkoan daude, CAF Turnkey Engineering taldean. Eta Bakarne Gonzalez altsasuarra ere txirrindularia da. Gipuzkoan badaude emakumeen bi talde. Hala ere, gutxi da.
9. Nafarroa Ermitagaña taldearen helburua zein da?
Euskadiko Txapelketan ariko gara eta Espainiako Kopan eta hortik kanpo, ahalik eta gehien ibili nahi dugu. Ez da horrenbeste garaipenak lortzea, baizik eta taldea sendotzea. Hori da helburu nagusia.
10. Aldi berean Sakana Triatloi Taldeko kidea zara. Taldearekin lehiatzeko astia izango duzu?
Tarteka bai. Duatloi probetan ibiliko naiz, triatloietan, aldiz, ez.
11. Zorte ona ibilbide berrian!
Eskerrik asko!