1.Granadan harrapatu zaitugu, Lide. Zer egiten du etxarriar batek bertan?
Bilbon nago, ikasten, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Lizentziatura, baina aurtengo ikasturtea, 3. maila, Granadan egiten ari naiz, Séneca bekari esker. Oso gustura nago bertan.
2.Bertan izan al duzu zure lehendabiziko harremana errugbiarekin? Noiz hasi zinen errugbian jokatzen?
Aurten hasi naiz errugbian, Granadan. Nire pisukide batek aurreko urtetik errugbi talde batean jokatzen zuen eta berak animatu ninduen bere taldera joateko, probatzera. Konbentzitu ninduen eta Granadako Unibertsitateko INEF-eko Correcaminos Errugbi taldean nabil.
3.Laburrean, nola jokatzen da errugbira?
Arau asko dituen kirola da, kontaktu handikoa. Bi talde daude eta futbol zelai antzekoan jokatzen da. Ateetako zutoinak altuagoak dira, bertikalagoak, H forma osatuz eta baloia obalatua da. Kontua da baloi hori taldekidetik taldekidera pasatzea, eskuz esku, eta kontrakoen zelaiko azkeneko marra gainditzea. Hau da, kontrako atera iristea, marra gainditzea, eta eremu horretan, in-goal izenarekin ezagutzen den eremu horretan, baloia lurrean uztea. Horrela entsaio bat lortzen da. Gero, baloia utzi duzun puntu horretatik hainbat metro atzera, linea zuzenean, baloia kokatu eta hankarekin baloia jaurtitzeko aukera duzu, baloia “entre palos” esaten zaiona sartzeko. Baloi hori atetik gertu uztea hobe da, gero jaurtiketa hobeto asmatu ahal izateko. Hori da funtsa, hitz gutxitan.
4.Baloia pasatzeko bide horretan kontrako jokalariak bidea trabatzen saiatzen dira plakatzeak eta beste eginez.
Hori da. Baina plakatzeetan ez dago guztia baimenduta. Erregelamendu zabala eta potentea dago errugbiaren atzetik, bete beharrekoa. Esaterako, lepotik gora ezin duzu jokalari bat hartu, fisikoki. Eta beste hainbat eta hainbat arau.
5.Kanpotik ikusita kirol gogorra dirudi. Horrenbesterako al da?
Kontaktuzko jokoa da, hori bai. Plakatzeei beldurra kendu behar diezu. Finean beste pertsona trabatzea edo gelditzea da hori, beste pertsonari heltzea. Baina beldurra kentzen duzunean, eta ongi ikasten duzunean, ez da horrenbesterako. Ezin da zangotraba egin. Zuk kontrako jokalariari eutsi ahal diozu, lurrera bota, baina zu ere berarekin lurrera erori beharko zara. Ezin dituzu zangotrabak eta holakoak egin. Arau asko daude, jokoa seguruago izateko. Bestalde, ahoan bukalak jartzen ditugu, babesteko. Tartean lesioak ere izaten dira, baina beste kiroletan bezala.
6.Zein kategorietan jokatzen duzue?
Gurea talde mistoa da. Mutilekin batera entrenatzen dugu, baina partidak aparte jokatzen ditugu. Gure taldea ez dago federatuta eta, hortaz, ez dugu federatutako txapelketetan parte hartzen, ez gaude ligan; torneoetan aritzen gara eta lagunarteko partidak jokatzen ditugu. Ongi doakigu. Talde dezentea gara, itxurakoa. Taldekide gehienak andaluziarrak dira, eta kanpoko bospasei jokalari gaude, hiru euskaldun tartean. Giro oso ona dago taldekideen artean.
7.Hurrengo urtean Bilbora itzuliko zara ikasketekin jarraitzera. Errugbiarekin jarraituko duzu?
Bai. Nire pisukidea Durangokoa da eta esan zidan bertan emakumezkoen talde bat dagoela, federatua, Nesken Euskal Ligan parte hartzen duena. Eta ziurrenik bertara joko dut. Normalean ez da arazorik izaten emakumezkoen errugbi taldeetara sartzeko. Guztiz harrapatu nau kirol honek; geroz eta zale gehiago ditu, goraka doa.
8. Zein postutan jokatzen duzu?
Nik ez dut postu jakinik, oraindik ikasten ari naiz. Aurrelari ibildu naiz eta orain jarri didate tres cuartos edo hiru laurden postuan, ihesaldiak egiten dituen aurrelaria, finean. Jokalari azkarrenak izkinetan kokatzen dira, aurrera ziztu bizian atera ahal izateko.
9.Egia da errespetua funtsezkoa dela errugbian? Jokalariek arbitroen erabakiak protestatu gabe onartzen dituztela?
Bai, horrela da. Arbitroak esaten duena ez da zalantzan jartzen. Errespetu handia zor zaio. Errugbiak arau asko ditu, bereziki jokoa segurua eta azkarra izan dadin. Eta jokoa ez da arriskutsua jokalari guztiek elkarri agertzen dioten errespetuagatik. Funtsezkoa da.
10.Errugbian aritzera animatuko zenuke jendea?
Bai, zalantzarik gabe. Kirol gogorra dirudi baina barrutik ezberdina da. Harrapatzen zaitu, guztiz.
11.Egia da partida bukaeran bi taldeak elkarrekin bildu eta pote bat hartzera doazela eta horri hirugarren zatia deitzen zaiola?
Bai, hala esaten zaio eta guk ere hala egiten dugu. Hori da inportanteena (kar kar). Granadan bagaude, Granadako taldeak toki bat hartzen du eta partida bukaeran bi taldekoak bertan biltzen gara, zehozer hartzen dugu giro onean eta gero, denen artean ordaintzen dugu.