Nola sentitzen zara zure agurraren egun honetan?
Oso gogorra da, sentsazio asko nituen. Pentsatuta neukan zer esan nezakeen eta tiradan esango nuela. Baina oso gogorra egin zait. Irudi asko etorri zaizkit, bizi osoko oroitzapenak. Hunkitu naiz. Eskerrak ematerakoan oroitzapenak etortzen zitzaizkidan. Ahal den bezala, egia esan.
Susmoa bazegoen, nahikoa denbora zeneraman lesionatuta. Noiz hartu zenuen erretiroaren behin betiko erabakia?
Uste dut karrera ona egin dudala. Goi goian ibili naiz, ongi sentitu naiz... baina denok dakigunez lan asko egin behar izan dut lesioak direla eta. Belaunetan lau operazio fuerte izan ditut eta mikrooperazio deitzen diren horietatik asko. Beti bueltatu naiz goi mailara eta beti ibili naiz topera lehiatzen. Finalaren ondoren handik 4 hilabetera Bermeon izandako lesioak belauna txikitu zidan erabat. Hortik aurrera operazio pila bat pasatu ditut, mila tratamendu, mediku, mila lekutan ibili naiz... denetatik egin didate. Hasieratik esan zidaten oso itxura txarra zuela honek, ireki zidatenean. Leku guzietan eta mediku guzietan egon gara. Nik argi nuen azkeneko medikuak ezetza eman arte saiatuko nintzela, pilota nire bizia eta ametsa izan delako. Baina informe guztiek gauza bera zioten. Azkena duela hilabete bat jaso nuen. Enpresarekin hitz egin nuen eta erretiratzea erabaki nuen.
Pilota eskolan lanean jarraituko duzu?
18 urte nituenetik sartu nintzen Etxarriko Gure Pilotan. Azken lesioaren ondoren denbora eskatu nion klubari, nigan zentratzeko eta klubak errespetatu zuen. Aurrerantzean ikusiko dugu. Etxarrin entrenadore falta dago, ikusi behar dut nola bideratu nahi dudan bizia, baina frontoian ibiliko naizela fijo, eta orain arte entrenatu ditudan mutilen jarraipena egin eta beraiek laguntzen eta beste egiten jarraituko dut. Ez dut ikusten bizia frontonetik kanpo, ezinezkoa da.
Biziaren bueltak. Zuk erretiroa eta Adur Lasak Asperekin sinatu berri du.
Asko poztu naiz Adurrengatik. Oso mutiko langilea da, jatorra, eta txikitan bera entrenatu nuen, txikia zenetik. Munduko zorterik onena opa diot. Denbora gutxi barru pilotari sakandar gehiago izango ditugu profesionaletan, ziur nago. Sakanan pilotari oso politak daude, segurunago bateon bat gehiago aurrera pasako dela; ahalegin guztiak egingo ditugu.
Zure agurrean ez duzu inor ahaztu. Denez gogoratu zara: Aspeko lankide guztiak, Jokin Etxaniz, Uharte Arakilgo Aralar Mendi kluba, Carlos Navarro, Nafarroako Pilota Federazioa, familia, Asegarceko arerioak, Sakana, Etxarri Aranatz…
Esker onekoa izan beharra dago eta nire burura etorri dira guztiak. Eta ziur norbait ahaztu dudala; hala bada, mesedez sentitu dadila eskertuta. Etxarri, Sakana guztia, nola ez dut buruan izango... Sakanan eta Etxarrin oso maitatua sentitzen naiz. Ospakizun, bazkari, omenaldi guztietara begira zenbat jende etorri den.... Ni pribilegiatu bat naiz. Oso maitatua sentitzen naiz Euskal Herriko txoko guztietan. Eta lesionatua egon naizenean are gehiago. Berdin da non, Bermeon edo Tuteran. Eta Sakanan izan dudan bultzada jendearekin, jendearen gertutasuna... ez dut sekula ahaztuko, kariño hori.
Asperendako urte gogorra da. Barriola, Irujok eta zuk agur esan dute. Beste aro bat etorriko da, bizitzaren legea.
Asperendako kolpe gogorra izan da. Abelena naturaltasunez datorren zerbait da, nahiz eta pena handia izan. Baina Irujo eta ni Asperen egituran ardatzak ginen, gazte guztiekin taldeak aurrera egiteko. Bi baja oso potente izan dira enpresarendako, baina buelta emango diote.
Senitartekoek eskertuko dute zu etxean gehiago ikustea?
Senitartekoek eta lagunek pena handia hartu dute. Badakite zenbat sufritu dudan, nire ahalegin eta saiakera guztiak. Goi goian nengoela utzi dut. Lasaitasun hori dute, ahal dudan guztia egin dudala, eta hemendik aurrera beste bizi bat dator. Beste gauza asko ditu biziak. Duela gutxi aita izan naiz, nire biziko opari handiena. Aurrera segituko dugu. Lagunak ez dira profesionalak pilotan eta pozik bizi dira. Ni beraiekin egon naizenez ejenplu bera jarraituko dut. Pribilegiatu bat naiz.
Etorkizunean nondik joko duzu? Non ikusten duzu zure burua?
Ingenieritza ikasi nuen, irakasle izateko ikasketak ere baditut eta duela gutxi, aste honetan bukatuko dut, hain zuzen, robotikako masterra egin dut, teknologia berrietan eguneratzeko. Beraz, aukerak baditut. Ez dakit ingeniari edo irakasle sartuko naizen. Praktikak Etxarriko Andra Mari ikastolan oso gustura egin nituen, ongi eta eroso sentitu nintzen. Ziurrenik irakasle bidea hartuko dut. Hasi beharko dut lana bilatzen.
Zerbait gehiago eskatzen dizu barrenak?
Eskatuko nizueke esker oso oso bereziak ematea, markatuta, Sakana guztiari eta Etxarriri. Euskal Herrian ere, baina Sakanan jendearengatik sentitu dudana izugarria izan da. Bultzada, jendearen animuak.... oso maitatua sentitu naiz. Eta herri mailan zer esanik ez! Jendearekin dudan berotasuna, harremana... beti eskertu beharko dut. Hitzekin ezin dut egin eta ea hori markatu ahal duzuen.