Narrazio bilduma paperean argitaratu du orain Alvarok

Guaixe 2017ko eka. 23a, 09:45

Potroak odoletan liburua, bakar-bakarrik, Sakanako lau liburu-dendetan erosi daiteke: Irurtzungo Martxueta, Etxarri Aranazko Kaxeta eta Altsasuko Arkatz eta Liburunda liburu-dendetan.

Gailu teknologikoz inguratuta egon arren hainbatek liburua paperean eskatu ziotela eta, azkenean, hala egitea erabaki du Alfredo Alvaro Igoak. 2014ko apirilaren erdialdetik ePUB edo PDF moduan irakurgai zegoen Potroak odoletan liburua paper bihurtuta heldu da liburu-dendetara.

Makina istorio txiki jaso ditu liburuan Guaixeko erredaktoreak, umorea, irudimena eta gogoeta uztartuz. Guztietan ere gizon indartsuaren, gogorraren eta handi-mandiren estereotipoaren irudiarekin hautsi nahi izan du; “potroak” arrazoibide dutenen aldean, gizonak ahul agertzen diren errealitate txikiak jaso ditu, batzuk esaldi bakarrean. Sei narrazio, gainera, Jose Mari Morcillo, Morkots-en ilustrazio bana dute. Liburuaren azala, berriz, Jabi Bergararen eskultura baten argazki indartsu bat da.

Liburutik ateratzen diren irabaziak Guaixe fundazioarendako izanen dira. Hala, haren bazkide direnak 10 eurotan erosteko aukera izanen dute, txartela erakutsita. Ez direnak, berriz, 14 pagatu beharko dituzte. Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko liburu-dendetan erosi daiteke.