Aldazen Barañaingo ikerketa-erresidentzian ideia pila sortu dira

Guaixe 2017ko uzt. 14a, 11:12

Beste bi sortzailerekin batera hilabete ikertzen eman du. “ Esperimentazioan ardaztutako hainbat prozesu sortzaile desberdin” erakutsi zituzten Barañainen. Gainera, sortutako bi ideia garatu daitezkeela uste du hiruko sortzaileak.

Barañaingo Auditorioa fundazioak Periferia Nafarroako dantzagunea proiektua du. Haren helburua dantza garaikidearen sorkuntza sustatzea da, hainbat arlo eta fasetan, baita ezagutza partekatzea ere. Hori gauzatzeko ikerketa-erresidentzietarako deialdia egin du bigarrenez. Laida Aldaz Arrieta dantzari etxarriarrak Jorge Sanchez, Txiplin, musikariarekin eta Josu Zapata plastika artistarekin batera aurkeztutako proiektua izan zen aukeratua. Hirurek garagarrila auditorioan ikertzen eman dute.

Aldazek argitu digunez erresidentzia bat zera da: “normalean lekua uzten digute, eta diru pixka bat ere ematen digute, kasu honetan ikerketa bat egiteko, ikerketa-erresidentzia baitzen. Ikertzen hasten gara eta, horren arabera, pieza bat edo artearekin zerikusia duen sorkuntza batekin topo egiten dugu”. Barañaingoa ikerketa-erresidentzia zenez, ez zieten ekoizpen bat egitea eskatu, baizik eta ikerketaren emaitza erakustea. “Ikertu genituen gauza guztiak aurkeztu genituen eta ikusleei gure prozesua zein izan den erakutsi genien”.

Tradiziotik abiatuta
Ikertzeko abiapuntuko ideia euskal tradizioa izan zen. “Batez ere Jorge Oteizaren lanean inspiratuz hutsunearen eta isiltasunaren inguruan lanean hasi ginen”. Dantza, musika eta plastika arteak abiapuntu izanik ikerketa nola hasi zuten jakin nahi izan dugu: “musikariak euskal kantuak hartu eta gitarrarekin landu zituen. Flamenko bertsio batzuk atera zituen. Hasiera batean musikaren inguruan eta musikarekin zerikusia zuen ikerketa batean egin behar genuen lan”. Ideia aldatu egin zen, ordea: “konturatu ginen musikan garrantzia zuena isiltasuna zela. Isiltasunak ematen die notei duten balioa”. Hitzekin eta mugimenduekin gauza bera. “Isiltasuna luzeagoa baldin bada, atzetik datozen mugimenduek edo notek balio desberdina dute”.

Ideia horren arabera sakontzen hasi zen hirukoa. Bideoarekin ere lanean hasi ziren. Azkenean bideo pieza batzuk, koreografia txiki bat eta egin zituzten musika bertsioak erakutsi zituzten. Musikari dagokionez, Aldazek esan digu gitarraren pedal batekin lanean hasi zirela: “euskal kantu batzuk hartu, pedalarekin landu eta eraldatu genituen. Azkenean, bazirudien beste kultura bateko abestiak zirela”. Aldazek laburbildu duenez, “guk landu duguna izan da, batez ere, gure kultura landuta nola eraldatu eta horrekin zer edo zer desberdina sortu”.

Lau aste egon dira ikertzen. Horri aurreneko hiru asteak eskaini dizkiote eta azkenekoa ikertutako ideia guztiak ikusleei nola aurkeztu zehaztera eskaini zioten. Ikerketa aldian ideia pila sortu zitzaizkien. “Horietatik bi funtsezko ideia atera ziren eta horiek aurrerago lantzeko balioko dutela pentsatzen dugu: bideoarekin atera zen sorkuntza bat eta koreografikoki landu daitekeen beste bat”. Baina haiek garatzeko beste erresidentziaren bat edo diru gehiago beharko luketela gaztigatu du. “Ordu asko sartzen ditugu eta zer edo zer osatzeko denbora asko behar da. Baldintza egokiak aurkitu beharko ditugu”.

Aldazek azaldu duenez, erresidentzia “batez ere, ideia pila ateratzeko” erabili dutela azaldu digu, “ez produktu bat ateratzeko”. Pila horretatik batzuk aukeratzea ez dela erraza aitortu digu: “bai, baina polita izan da ideia asko atera direla ere. Izan zitekeen ere bat bera ez ateratzea. Asko atera dira eta hori interesgarria da”.

Aurkezpena
Ikertutakoa Barañaingo Auditorioan aurkeztu zuten garagarrilaren 29an. “Ideia guztiak erakutsi genituen. Ikusleekin elkarrizketa bat izan genuen. Haiek ere galdera pila zituzten. Gure prozesua azaltzeko ikusleen eta gure artean elkarrizketa sortu zen”. Ikusleekin izandako esperientzia “oso aberasgarria izan da”.

Barañaingo erresidentziak dantza arlorako dira. Baina hiru diziplina elkartu dira eta atera diren produktuak ez dira dantzaren inguruan bakarrik, “beste arte motak ere atera dira. Hori ere interesgarria izan da ikusleendako. Dantza ikusteko ideiarekin joan dira eta, bat-batean, beste gauza asko aurkitu dituzte”.

Urte pila egin du atzerrian Aldazek eta han “geroz eta gehiago elkartzen dira diziplinak. Sorkuntzak ez dira dantza bakarrik, edo musika bakarrik, edo bideoa bakarrik. Baizik eta dena, pixka bat, nahastu egiten da. Hemen ere hori egiten saiatu gara. Baina hemen halakorik ez da gehiegi ikusten. Baina geroz eta gehiago gertatzen da hori”.

Erresidentzia “dexente eta desberdinak” egin ditu Arrietak. “beste batzuk ez dira ikerketa-erresidentziak baizik eta produktuak osatzekoak”. Errenteriako Dantzagunean, Gipuzkoako dantza-etxean, erresidentzia eginen du hilabete akaberan. “Horretan, Helena Lizarirekin, landuko duguna izanen da dantza pieza bat. Euskal kirolen inguruan sortu dugun dantza-garaikideko pieza bat da. Euskal Herriko kiroletatik zortzi aukeratu ditugu eta dantzarekin eraldatu egin ditugu”. Haren 15 minutuko bertsio txikia egina dute, kale-jaialdietan aurkeztu dutena. “Orain gure ideia da ordubeteko saio bat egitea, antzokietan aurkezteko”.