1. Zergatik hasi zinen garabi hau eraikitzen?
Proiektuaren barruan aurreikusia zegoen halako garabi bat eraikitzea. Orain dela urte eta erdi inguru sartu nintzen Enneco egitasmoan, auzolanean aritzeko. Garabia egiteko prest agertu nintzen. Hala hasi zen prozesua.
2. Zergatik Erdi Aroko garabi bat, eta ez tresna modernoago bat?
Hori aurrez erabakita zegoen. Erdi Aroko dorrea egiteko, Erdi Aroko garabia behar genuen. Beste tresna batzuekin agian errazagoa litzateke, baina ez luke xarma bera izango.
3. Zeintzuk izan dira eraikuntza-epeak?
Otsailean, egurra zerrategitik nire baserrira eraman genuen. Gero, egurra hiruzpalau hilabetez egon zen lehortzen. Horren ondoren, garabia eraikitzen hasi nintzen. Jada erabiltzeko prest dago.
4. Zer egur mota erabili duzu?
Izeia. Haritzak baino denbora askoz gutxiago behar du lehortzeko. Gainera, merkeagoa da. Arraroa egin daiteke haritzaren parkean izeia erabiltzea, baina zentzuzkoena zen.
5. Laguntzailerik izan duzu?
Kasik ez dut laguntzarik izan. Muntaketa lanetan anaiek-eta lagundu zidaten. Baina gainontzeko guztia nik egin dut. Gustura aritu naiz.
6. Dokumentazioa eta planoak nola lortu dituzu?
Nik ikusi nuen hemen eskuz egindako marrazki batzuk zituztela. Eta, maketa bat ere bazegoen. Horiekin, ideia bat egin nuen. Esan zidaten gurpilak hiru metroko diametroa izan behar zuela. Hortik aurrera, garabiaren diseinua landu nuen. Behin arkitekto baten oniritzia jasota, lanari ekin nion.
7. Zer pieza ditu garabiak?
Alde batetik, oinarria eta tripodea daude. Horiek euskarri lana egiten dute. Gero, gurpil nagusia dago. Piezarik handiena da. Eta, horretaz aparte, soka biltzeko tresna dago. Poleara doan soka biltzen du horrek.
8. Nola funtzionatzen du ?
Gurpilean pare bat pertsona sartzen dira, oinez ibiliz bildu egiten dute soka, eta, hala, tira egiten dute poleatik. Beraien pisua bider hamar altxatzeko aukera ematen du garabiak. Oso ondo dago pisu astunak altxatzeko.
9. Beraz, kirola egiteko ere balio du.
Bai. Kar-kar. Adi ibili behar da. Duen pisuarekin, gurpilak inertzia hartzen du, eta pauso bat ematean, beste bat eskatzen dizu. Kontrolatzen ez baduzu, korrika hasten zara. Kaskarrekoa har dezakezu. Badu galda, eta eskerrak. Atzean dauka, eta pertsona batek aktibatu behar du.
10. Beste nonbaiten ere badago halako garabirik?
Frantzia aldean gaztelu bat ari dira eraikitzen, eta, entzun dudanez, honen antzekoak diren bizpahiru garabiz ari dira baliatzen. Hemen inguruan behintzat, ez dut beste inon ikusi.
11. Ikusmin handia sortu du?
Bai. Pena da bi hilabete lehenago prest egon ez izana. Parkea egunero egon da irekita garilean eta agorrilean, eta bisita asko izan da. Ordea, garabia oraindik ez zegoen prest. Beste batean izan beharko du. Baina, tira, kanpotik pasatzerakoan ere ikusten da. Nahiko deigarria da.