Joko arriskutsuak trenbidean

Guaixe 2018ko mar. 7a, 15:57

Trenbideen mantenuaz arduratzen den Adif enpresak Etxarri Aranazko Udalari jakinarazi zionez, “segurtasun azpiegiturekin lotutako bi gertakari” izan zituzten otsaileko azken asteburuan. Enpresako mantentze laneko langileek trenbide gaineko zubi azpian azterketa egitera joan ziren otsailaren 25ean, igandean, 15:45 aldera. Haiek hara joaten zirenean 10 eta 12 urte arteko mutiko talde batek korrika alde egin zuen.

Zubipera iristean langileek ikusi zuten mutikoek errail baten gainean txanponak eta bi errailen artean metalezko hodi bat jarri zutela. Adifetik gaztigatu dutenez, “haurrak hor jolastea arriskutsua da eta trenen segurtasunean eta erregulartasunean eraginak handiak dira. Gertaerak larriak dira eta salatu ditugu”. Halakoak “haurrendako eta bidaiariendako arriskua” direla jakinarazi dute Adifetik. Horregatik, udalari eskatu dio halako jokabideen arriskuen berri familiei emateko.

Erlazionatuak