Duela 21 urte mendizale batzuk Josu Zabala Salegi zenaren gorpu hila opatu zuten Itziarren, bihotzean tiroa zuela. “Harendako eta Euskal Herri guztiarendako egia, erreparazio eta ez errepikatzeko bermea lortu arte ez dugu etsiko. Hau da, benetako bakea eta askatasuna lortu arte”. Horixe adierazi zuten Sortuk antolatutako ekitaldian, igandean. “Erronka hau ez da batere erraza izanen. Gezurrezko bertsio ofiziala inposatu nahi dutenak botere asko dute eta egiaren alde egiteko ditugun bitartekoak herri gogoa eta auzolana dira”. Azaldu zutenez, “Josuren egia aldarrikatzen” dutenak Euskal Herrian bakearen eta konponbidearen alde lanean ari diren eragile askorekin harremanetan egon dira. Esan zutenez, Euskal Herrian “gauzak mugitzen ari dira. Lan handia egiten ari da ondorio guztien konponbidearen alde”. Eta Egiari Zor fundazioak martxan jarriko duen Egia, justiziarako mekanismoa ekimena nabarmendu zuten: "estatuak praktikara eramandako biolentziaren biktimen arteko elkarrizketa gunea sortu nahi dute, egia nola ulertzen duten jakiteko edo argitu gabeko kasuen inguruan hausnartzeko".
Ekitaldian Sortutik gaztigatu zutenez, “estatuarendako bahiketa eta judizioz kanpoko exekuzioak egin dituela aitortzea, tortura era sistematikoan eta masiboan erabili duela aitortzea, gatazkaren izaera politikoa aitortzearen ondorioa ekarriko luke. Estatuak sartu zuen bortizkeria Euskal Herriko bizitza politikoaren ekuazioan”. Gaineratu zutenez, “estatuaren ukazioan dago eta egon da beti bortizkeriaren sorburua; horregatik, konponbidea eskubide guztien aitortzaren eskutik soilik etor daiteke Euskal Herrira”. Aldi berean, “bere eskubideak eskuratzeko borroka ari den herri baten egiaren ordez garaile eta garaituen gezurrezko kontakizuna inposatu” nahi dutela nabarmendu zuten Sortutik.
Udalak argitaratutako Sufrimenduaren mapa aipatuta, Sortutik adierazi zuten: “izugarria da herri txiki honek azken 100 urtetan sufritu duena. Errealitate horren benetako dimentsioa hartzean konturatzen gara ezin garela bakoitza gure zilborrari begira egon. Herri bezala heldu behar diogu gatazkak utzi dituen zauriak osatzeari; sufritu dutenengatik, oraindik sufritzen ari direnengatik eta, bereziki, ondoren etorriko direnei sufrimenduaren oinordetza ez uzteagatik”.