Folk musika eta metalak igandeko musika plazan

Guaixe 2018ko mai. 25a, 12:25

Manez eta kobreak taldeak emanaldia eskainiko du igandean, 19:30ean, Etxarri Aranazko plazan. Arte eszenikoek hasiera eman zioten musika plazan zikloari. Plaza "berria" mustu zuen arte eszenikoen erakusketak.

Etxarri Aranazko Musika plazan zikloa aurrera doa eta igande honetarako folk musika emanaldia antolatu du herriko Kultura Zerbitzuak. Manez eta kobreak taldearen emanaldia igandean, 19:30ean, izanen da, plazan. Aurreko igandean arte eszenikoen erakustaldiak martxan jarri zuen igandero, garagarrilaren 10a arte , plazan izanen diren emanaldiak. Erakustaldiak plaza "berria" mustutzeko aitzakia izan zen ere.

Musika plazan zikloaren barruan Manez eta kobreak taldeak emanaldia eskainiko du Etxarri Aranazko plazan. Thierry Bizkai dago Manez izen artistikoaren atzean. Hainbat taldetan aritu ondoren, Bolbora, Hegaka eta Kalakan, besteak beste, berak egindako kantuak aurkeztea erabaki zuen. Kobreak metalezko taldearekin aritzen da. Bizkairen kantuek auzolagunekin, familiarekin eta lagunekin duen harremanaz hitz egiten dute.

Plaza "berria"

Arte eszenikoek mustu zuten Etxarri Aranazko plazako zeleiye. Plaza eta liburutegiaren artean zegoen espazioaren lurzorua berritu ondoren erabilera anitzaterako espazioa sortu dute. Kultura ekitaldiak egin ahalko dira, eta horren erakusle izan zen igandean musika eta dantza plazan zikloa ireki zuen arte eszenikoen erakustaldia. “Plaza mustutzeko zerbait berezia egitea eskatu zidan Kultur Zerbitzuak. Hortaz, zerbait kontenporaneoa egitea iruditu zitzaigun”, azaldu du Ainhoa Juaniz artistak.

Garazi Pascual kablearen gainean orekan aritu zen. Zirkus Blaiko kideek, Alaiak eta Iraiak, akroport eta dantza garaikideko emanaldia egin zuten. Isisek oihaletan dantza egin zuen, eta Dabitxi malabaristak tenis raketekin malabareak egin zituen. Musikaz Unai Otegi arduratu zen. Pablo Jimenezek pianoa jo zuen eta Jose Ramon Rodriguez biolan aritu zen.