Profesional mailako lehen txapela lortu du Joanes Bakaikoa pilotari etxarriarrak. “Duela urte t´erdi debutatu nuen profesionaletan. Ordutik Promozioko Buruz Buruko bi finaletara iritsi naiz eta larunbatean lortu nuen nire lehen txapela” esan digu Etxarri Aranazko aurrelariak. Kontentu dago eta gutxinaka hobetzen jarraitzea, bere helburua izaten jarraitzen duela aitortu digu.
Iaz Arteagaren kontra galdu zenuen Promozioko Buruz Burukoa. Aurten arantza atera duzu eta final oso gogorrean Erasuni 17 eta 22 irabazi zenion eta txapela jantzi duzu. Ederki izerditu behar izan zenuen, ezta?
Bai, profesional mailan pilotari guztiek izugarri jokatzen dute eta erraz irabaztea ez da batere erraza. Finala gogorra izan zen, eta irabazita, pozik nago.
Partida alde jarri zitzaizun. Sakeari esker eta zure jokoa eginez 9 eta 18 aurreratu zinen, baina partida izugarri gogortu zen; tanto oso luzeak jokatu zenituzten, nekea nabaritzen hasi zitzaizun eta Erasunek buelta eman zion partidari...
Azken zatia oso gogorra izan zen. Hasieran abantaila dexentekoa lortu nuen eta eskerrak; amaieran nahiko nekatu nintzen, bera gerturatzen hasi zen eta ni presioa sentitzen hasi nintzen. Egia esan, irabazteko gogo handia nuen, presioarekin ez nuen nire mailarik onena ematerik izan, baina nola edo ahala irabazi nuen. Ez nuen igual partida oso ona egin, baina finalak irabazteko izaten dira, ahal bada behintzat, eta irabazita, gustura.
Zer zioen aitak, zure botilleroak?
Nirea egiteko, nirean zentratzeko. Lasai egoteko, partidatik ez ateratzeko eta nirean segitzeko, hala egiten banuen ongi joanen zitzaidala.
Arerioaren horrelako erremontada bat datorrenean, final batean, Labriteko giroarekin... burua hotz izatea zaila izango da.
Bai, azkenean denok egon nahi dugu finalean eta behin iritsita, irabazi. Azkenean presioa pixkat sentitzen duzu, bestea ikusten duzu hurbiltzen, irabazi nahi horrek askotan estutu egiten zaitu. Jakin behar da nola edo ahala aurrera egiten eta buruari gogor eginez lortu nuen irabaztea. Final bat irabazi ondoren ez da momentua akatsak eta beste aztertzeko, pozik egoteko momentua da. Orain bai, hemendik aurrera akats horiek zuzendu eta ahalik eta gehien hobetzen jarraitzea da kontua.
Nola ospatu zenuen?
Partida ondoren oso oso nekatuta sentitzen nintzen eta gorputza ez nuen oso tenple onean. Familiakoekin eta lagun batzuekin Iruñean afaldu genuen, bueltatxo bat eman nuen baina ez nintzen oso berandu etxeratu. Aurrerago beste hitzorduren bat jarriko dugu, gustura ospatzeko.
Etxarritik jende asko joan zen finalera, ezta?
Bai, iaz jende asko joan zen eta aurten ere. Jendea ere ilusioarekin dago, eta hori oso eskertzekoa da.
Garaipen honek eragina izango du berehalakoan? Hemendik aurrera beste jaialditan gehiago programatuko dizute edo epe motzera ez duzu aldaketarik espero?
Ez dakit. Partidak enpresak antolatzen ditu eta pilotariok jartzen digutena jokatu behar dugu. Debutatzerakoan helburua zen pixkanaka hobetzen joatea. Bide horretan nago, lortzen ari naiz, eta pixkanaka hobetzen jarraitzeak jarraitzen du nire helburua izaten.
Hurrengo urtean zu lehen mailako buruz burukoan arituko zara. Ilusioarekin egongo zara...
Bai, dudik gabe. Aurten promozio mailakoa irabazi izanagatik hurrengo urtean lehen mailan jokatzeko aukera irabazi dut. Nik gustura prestatuko dut txapelketa eta ilusio handiarekin jokatuko dut.
Udako torneoak datoz ate joka.
Bai, udan partida asko izaten dira. Iaz dena berria egiten zitzaidan, baina aurten pixka bat ezagutzen dut. Partida asko jokatzen dira, baina gogoz nago. Orain pixka bat deskantsatuko dut, paliza handia hartu nuelako, baina gero gogoekin udako torneoetarako.
Labrit frontoia kuttunenetakoa izango duzu, eta sanferminetako torneoa ere.
Nafar batendako sanferminetan jokatzea egunik hoberenetakoa da. Labrit oso gustuko dut, betidanik etxetik gertu izan dut eta partidak ikustera gehien joaten naiz frontoia da. Sanferminetan egoten den giroarekin jokatzea oso polita da.
Nori eskaini zenion txapela?
Labritera joan zen jende guztiari, animatzen egon ziren guztiei eta batez ere egunerokoan laguntzen didatenei, gurasoei, beti hor daudelako, eta inguruko jendeari.
Igandean maila nagusiko finala jokatuko dute Altunak eta Olaizolak. Nor ikusten duzu txapeldun?
Final erakargarria da, pilotari hoberenetako bat izan denak, Aimarrek, eta jada hoberenetako batean finkatzen ari denak, Altunak, jokatuko dutelako. Ez dut faborito argirik ikusten, egun horretan hobekien dagoenak irabaziko du.