Iberdrolak onartu du argi-hornikuntza arazoak daudela

Guaixe 2018ko eka. 22a, 11:08
Etxarriko udaletxea eta azoka.

Azken hilabeteetan izandako argi mozketengatik Udalak eta Kontsumitzaileen Bulegoak 20 erreklamazio baino gehiago jaso dituzte.

Argindarrarekin etengabeko arazoak izan dituzte Etxarri Aranatzen azken hilabeteetan. Hozkailuek, labeek edo bitrozeramikek ez dute ongi funtzionatzen edo ez dute egoki lan egiten. Izan da etxarriarrik asteburuetan labea edo lehortzailea pizterik ezin izan duena. Elektrizitatearen horniduran izandako mozketek etxetresna elektrikoetan matxurak sortu dituzte ere. Halako kexak jaso ditu Etxarri Aranazko Kontsumitzaileen Udal Bulegoa kudeatzen duen Iratxe elkarteak.

Horren guztiaren arrazoia da Etxarri Aranatzek ez duela argindar hornidura egokirik. Horregatik, bai udalak bai elkarteak etxarriarrak erreklamazioak aurkeztera gonbidatu zituzten maiatza erdialdean. 20 erreklamazio jaso eta bideratu dituzte Iberdrolara. Alde batetik, etxetresna elektrikoetan izandako matxurengatik kalte-ordaina eskatuz eta hornidura ematean legeak ezarritakoa bete dezala eskatuz. Bestetik, Iratxek Industria Departamentuan administrazio-salaketa jarri du, egoeraren berri izan dezan eta etxarriarrek gutxieneko bermea duen zerbitzua berreskuratu dezaten.

Onarpena
Iberdrolaren Nafarroako Argi-banaketarako Departamentuak Kontsumitzaileen Udal Bulegoari onartu dio Etxarri Aranatzen argi-hornikuntza arazoak egon direla eta ardura bere gain hartu du. Iberdrolatik jakinarazi dutenez, gaur egun potentzia arazoak dituzte eskualdean dauden etxebizitzen, komertzioen eta industria-guneen argi-eskaerari aurre egiteko. Enpresak jakinarazi du ere behin-behinean argia beste sare batetik hartzen ari direla, eta oraingoz arazoari konponbidea eman diotela, baina egoerari behin betiko konponbidea emateko udalarekin bilera bat egin behar dutela egoera sakonago aztertzeko.

Eneka Maiz Ulaiar alkateak jakinarazi duenez, “Iratxe elkartearen, kontsumitzaileen udal bulegoko teknikariaren eta udalaren arteko elkarlanari esker, eta indar gehiago eragiteko asmoarekin, herritarren norbanako kexak jaso era bateratu eta formalean tramitatu dira, eta lanketa kolektibo horri esker Iberdrolak jasotako kexa guztiak onartu eta indemnizatzeko prestutasuna agertu du, nahiz eta norbanako kexa horiek txosten teknikorik gabeak izan”.

20tik gora kexa
Bi hilabeteetan jaso dituztenak Etxarri Aranatzen. “Orain arte Iberdrolak herritarrei emandako erantzunetan esaten zuela ez zeukala argi-hornikuntza gabezien konstantziarik”. Azkenik, enpresak arazoa dagoela onartu du. Udaletik eta Kontsumitzaile Bulegotik erreklamazioak egitera gonbidatu dituzte etxarriarrak. Hilaren 29ra arte egin daiteke. Inprimakiak udaletxean edo www.etxarriaranatz.eus web orrian daude.