“Pasa dettezke mille gauze, ta mundu bet”

Guaixe 2018ko uzt. 13a, 08:56

Xabier Mintegi Ziordia entzierro korrikalai etxarriarra sanferminetan Santo Domingo aldapan aitzen da lasterkan. Bee zaletasunaan ta entzierruen inguuko makina bat kontu esan duzkigu entzierro baten ondorien.

Dira, dira, zezenak dira… Nolakuek die zezenak gertutik?
Netako oso polittek. Netako don animalik polittena da. Zeleietan-ta ikusten ttuzunien oso polittek. Beye gertu-gertu dazkazula guaño polittoo. Transmititzen debie poderio berezi bet.

Noiztik entzierrotan lasterkan?
19 urte nazkanetik. 18 urtekin laster eitte nehi nen, beye guañiken kotxieen karnetik ez nakan ta entzierrota fateko aukeraik ez nakan. Behin karnie atiaa ondorien, 19 urtekin hasi nintzen, kotxie nakan ta herri guzitaa faten. Iruñen hasi nintzen. Beye gio beste herri betzutaa debei. Zaletasuna txiki-txikitetik dakat nik.

Nolas, ba, entzierrotako joera hori?
Ez dakit. Goguatzen det haurre nintzela amak egunkaye egunio yosten zela. Sanferminetako kronika hartzen nen nik, sepaatzen nen eta ordu pilla bat pasatzen nen entzierrotako argazkiyek ikusten ta ikusten. Ez dakit zengatik, beye haurretatik lotu zuten horrek, bei.


Pentsa det entzierruek ikusteko de goizter esnatuko ziñela, ezta?
Bei, hala da. Entzierruek zortziten izeten die, beye telebisten zazpi terditen hasten zien eta dena tragatzen nen: erreportaje guziek, kamarak ta ez dakit zer. Behin hori ikusiik egunien botatzen zittubien errepikapen guziek ikusten nittuben, telediayuen ematen zittubienak ta, dena.

Hasi beño leheno zer?
Azkenien telebisten ikusten dana zerbeit efimerue da. Normalien pasatzen da nehiko azkar. Gaur egun, geñaa, zezenak oso entrenatuta etortzen die. Idiyek ee oso ongi yakusiyek dee ta zezenai oso ongi launtzen dobie. Horrek denak ekartzen dau entzierruek bi-hiru minutukuek izetie. Beye horrek lehenotik istoi bet daka, telebisten ikusten ez dana: bakuitzaan maniak, bakuitzaan errutinak elkartzen dien momentube, guatzetik jasotzen zanetik gosaltzen dezun momentube arte.

Noiz sartzen zaa entzierroko oholan artien?
Nai, normalien, zazpitako ibilbide barnen yotie gustetzen dakit. Zazpiyek eta laurden eta terdi artien polizia munizipalak ibilbidie itxi eitten dau. Hortik aurria ezin zaa sartu. Nai denborakin fatie gustetzen dakit. Ni Etxarritik seiten o seiek eta hamarrien atiatzen neiz. Kotxie aparkatu eta handik lasterka faten neiz ibilbidiaño. Udaletxe plazatik sartzen neiz, zazpiten hor. Jendiekin, kuadrillekuekin elkartzen gaa ta batak bestie laseitzen dau.


Jantzi ta oinetako aproposak biherko die, ezta?
Bakoitzak bee maniak dazka. Nik urtero zapatilla berri betzuk yosten ttut laster eitteko. Azkeniako, sanferminekin ude hasten zaa, beye gio faten gaa Tuteraa, Tafallaa, Lizarraa, Azkoiena, Zangozaa…  Madrille eta Castelloniaa de faten gaa lastaillen. Nai gustetzen dakit zapatille-ta urtero berriyek, bazpa dee, azkeniako gastatzen faten die. Galtzak, elastiko pisket, laster eitteko.

Ze eitten dezubie zortziyek biyertien?
Marzelan ta Rafan Abarzuza libru-dendaa faten gaa. Han uzten dugu mugikorrak ta halakuek uzten. Kuadrillakuek etortzien hizketan yoten gaa han. Zazpiyek ta hamarrien o laurdenetan kaliaa atiatzen gaa eta toki jakin betien, paretan jartzen gaa. Guu lekube da, ohitture dakau. Pixka bat hizketan aitzen gaa, aurreko eguneko entzierrues, aurreko eguneko gauzetas orokorrien. Zazpi terditen hormako-zuluen patzen debien santube jaisten debie. Hori, nik uste, inflesiyo-puntu baten modukue da. Ni beti seyetzen neiz santube ikutzen debei. Azkeniako ohituran parte da debei. Behin hori ikusita bakuitze bee munduben sartzen da. Nai astraitzie gustetzen dakit, hizketaldi gutxi horti aurriaa. Pixka bat biotu, hanka koxkorrak, belaunek…  Bintzet jakin nun zauden, zer ein nehi dezun… Kontzentratu pixka bat.

Tarte hortan bakarren bat berriye ikusiz gio ze pensatzen dezubie?
Batzuten apurue ematen dau. Batez ee hasierako egunetan. Azkenien, gutxi gorabehera, zuk entzierruen zer ein nehi dezun, zer billetu nehi dezun, bakizu… sayetzen zaa gertu jartzen, hola disfrutetzen dezulako. Beye bei, konsziente izen ber zaa zu bezela onduen dola jende pilla bat asmo berakin. Beye debei izen ber zaa konsziente horren guzien onduen dola jende asko sartu dana hor ikus ttulako imajiñek o etor dalako Iruñaa parrandan Australiatik, Kanadatik o ez dakit nundik, hitz ein dobielako entzierrues, beye sartzen da hor jakin be egiten ze ondorio gerta dettezken. Ikusten dezun bakoitzek ematen duzu ardura. Iguel ikusten dezu jendie pasatuta, kamara eskuben… juergan momentu bet balitz bezela hor dee. Horrek ze pentsa ematen duzu.


Entzierrotako zezenak nolakuek dien ikesita faten zarie?
Bei, nai gustetzen dakit. Udalak entzierrue eitteko baimena ematen dau, zezenak kontratatzen ttubena Erruki Etxea da. Heldu dan urtien ze etxetako zezenak etor ber dien azaruen esaten dau. Aurten, esatiako, fan dan urteko berberak etor die. Helduen urtien ikusko diau ze pasatzen dan. Urtie aurriaa faten dan eran, otsellen, marsuben, apribillen, jendie hasten da jakinazten Iruña etor ber dien zezenen argazkiyek, zein bei, zein ez. Nai bei, gustetzen dakit sanfermin beño egun bet leheno Gaseko estarbitaa jatsi ta pixka bat ikustie zezenak; koloriek, iye ille desberdiñe dakabien… Jakitte. Ta ze ganaduteik ze egunetan laster ein biaun, hori dee netako garrantzitsube da. Azkenien denak eitteko bera dakabie, kortatik atiaa ta zezen-plaza allatzie. Beye tartien pasa dettezke mille gauze, ta mundu bet. Segun ze zezen, segun ze enkaste, aukera batzuk bestiek beño erraxo die.

Gustuko ganaduteiren bat bakazu?
Cebada Gago nai asko gustetzen dakit. Beye gehien-gehiena gustetzen dazkit nai grixek. Grixek netako oso polittek die. Ille desberdiñe uraitzies aparte, beiretze oso sakona dakabie. Zezenak beltzak dienien, begiyek dee beltzak dienes, ba beiretzie ez da hainbeste nabai. Beye grisek dienak, igendien korritu zebienak, Jose Escolar ganaduteikuek, netako oso-oso polittek die. Geñaa beste txispa bat dakabie. Auli beten hegaldiyakin distraitzen die. Oso-oso biziyek eta tenperamentalak die. Hoik gehiena gustetzen dazkit.  

Gutxina? Ez dakit. Bade ganadutei betzuk entrenatzen ttubienak pilla bat eta laster asko eitten debienak. Jandilla oso entrenatuta etortzen da. Victoriano del Rio, pasada bat. Nuñez del Cuvillo debei. Miura dee arrolladoriek die. Hoik, bueno, polittek die, beye zerbeit bereziye esan berko banuzu Jose Escolar, bei.

Gios, zezenak entrenatu debei?
Bei, bei, bei. Zezenak etortzen die oso fuerte. Guai dala 20 urteko entzierruek ta ikusten baldin battuzubie, ez dakabie zer ikusiik. Etortzen zien zezenak plaza allatzeko, beye entzierruek irauten zebien zazpi-zortzi minutu, lau, bost… Nehiko normala zan hori. Geña, aparte, guai ez irristatzekue botatzen debie Mercaderes eta Estafeta lotzen dan kurban. Horrek launtzen dau asko zezen-taldie faten hautsi bee. Lehen hori ez zan pasatzen, arazuek ematen zotzan Erruki Etxeari. Ganaduzaliek gaztigetu zittubien ta pixkat entrenatzen hasi zien.


Iyendien bezala, ez da normala izenen auripien laster eitte?
Ez da batee dee normala, batez ee Iruñen. Ondorien lagunakin hizketan yon giñen. Nik goguatzen nen Tafallan guai dala bi urteko bat, azkeneko entzierrue auriten yon zana. Gio, Madrillen, azken urtien, bigarren entzierruen dee auriye ein zen. Beye Iruñen nik ez det goguatzen. Uste det azken 28 urtetan dala hirugerna aldiye entzierruen momentuben auriten zona. Batzuten bei tokatzen da zazpiten o zaparradan bat botatzen daula, beye euriye eittes atertzen dau. Lurre bustita gelditzen da, beye entzierruen momentuben bertan auriten oso gutxiten gertatu da.

Lurre bustita dola, lasterrien moldatzen zarie?
Bei. Nik nehio det geña bustik donien. Normalien, auriye eitten daunien jendiei errespetue ematen doo, jendiek apuro gehio hartzen dau ta batzuk aukeratzen debie etxien gelditzie egun hortan. Iguel zapatzekuen ez dakabie konfiantza gehiei ta ez die hain seguru sentitzen. Netako hobe da, hasteko, kentzen dezu jende puska bat. O faten da jende puska bat. Gio, debei, auriye ai danien zerube illuno do ta zezen-taldie faten da babestubo. Aukera gehio. Netako inportantena da auriye donien, animaliyek die oso azkarrak, biaik nabaitzen debie lurre bustita dola, horrek inseguridede gehio ematen dobie. Azkazkalak lurre ikutzien ez die hain ongi sentitzen ta faten die geldiyo ta, orduben, sartzeko aukera gehio dakazu.

Zengatik Santo Domingo aldapan?
Aurreneko urtien Telefonican ein nen. Esperientzia bezela, ez nen kasi-kasi ezta zezena ikusi dee, hor gelditu zan. Bigerna urtien laun betekin elkartu nintzen ta harrek Santo Domingon eitten zen. Yaman ein zuten berakin. Leku horrekin harrapatuik geldittu nintzen. Netako Santo Domingok xarma bereziye daka. Entzierruen danan barne, masifikaziyue danan barne, eszenayo hortan, netako ongi gordetzen ttu garai beteko sanferminek zazkabien baliyuek: herrikotasun hoi festa internazional baten barne, laguntasun hoi… Oso maitagarriye da. Santo Domingoko jendie, korrikalayek, ez korrikalayek, beti denak hor, sortzen da lotura oso bereziye, ta oso politte. Nik uste det kale bakarra dala 14en, azken entzierruen ondorien, korrikalai guziekin famili-argazkiye atiatzen dana. Bereziye da. Hori ez da yozin kaletan pasatzen.

Santubai kantas aitzen za?
Bei. Estafetan entzierruai espia donak laster eitteko gogo hoi ta inyer hoi izenen dau. Beste herriten korritzen daunan antzeko sentsaziyue uraiko dau. Beye Santo Domingok berezitasun bet daka: justo hasiera danes, hor santube doo ta kantatu eitten dakiyola. Horrek bertigue bezela ematen dau, beye modu berien kale horrekin ta santu horrekin lotu eitten zettu, ritual horrekin, azkenien, oso fuerte, bei.


Eskuten periodikoik ibiltzen dezu?
Hasi nintzen periodikuekin laster eitten. Beye behin erori nintzen ta, horren ondoren, erabai nen periodikoik ez yamatie. Azkenien, zaude erdi pendiente periodikuaa. Hola zentratzen zaa laster eitten, zu gorputze koordinetzen. Neyo esku hutsik.

Behin zezenan aurrien lasterka hasita, nuaño fan zettezke?
Segun. Normalien gutxi eitten det. Normalien idiyek aurretik etortzen die. Idiyek bakibie ze lan ein biebien. Oso yakusiyek de, faten die azkarro. Suerte baldin bakazu ta ongi jartzen bazaa, asko jota allatu neiz, iyendien esatiako, udaletxiaan eskubiko fatxadaño. Nehiko aittu nintzen eta gustora. Beye beste egun betzuten ez dakazu hainbeste suerte, jende geyo dolako o idiyek bierrien zezenak aurretik heldu dielako, azkarro dielako, ta hor bi-hiru segundo ta alde batiaa.

Sanfermiñetako kanta: Si te ha pillau, si te ha pillau, si te ha pillau el carrico del helau… Pasa dakizu?
Zerbeitt bei. Zezenan adarkadaik ez. Momentus ez dakat, eta espero det luze irautie horrek. Beye sustuek ta, bei, pasatu ttut. Iruñen pasa nen bat, guai dala bi urte, Jose Escolar batekin, geña. Suelto geldittu zan. Ikus nen goraka heldu zala. Hasi nintzen berakin lasterka. Oso gustora sentitu nintzen. Beye momentu betien bat kruzetu zan. Berakin erori nintzen, aurpeye bota zuten ta kasi-kasi berakin yamaten dut. Iruñen, erori ta, asko pasatzen da. Azkeniako suertie da. Tokatzen bakizu norbeit aurrien botaik dakazuna, askotan ez zaa kontuetzen, erortzen zaa, ta golpie segun nola dan, hobe o okerro. Azkoienen dee bota nintzen, pasa zazkiten geñetik, belarriye hautsi nen. Puntu betzuk dee bazkat. Kolpiek ta, askotan pasatzen die. Guai dala bi-hiru hillate Alfaron bota nintzen ta idiyek zapatu zuten, odolduye nakan hankan… Pasatzen die halako gauzek.

Iguel da idiyek o zezenak harrapatzie, ezta?
Idiyan ta zezenan artien desberdintasune da zezenak adarkada sartu dezakela ta idiyek ez. Beye lasterka faten bazaa ta idiyek harrapatzen bazettu ematen duzun sopapue da, puag. Iguel idiyek dazka 700-750 kilo horrek ematen baduzu, o geñetik pasatzen ba, doblatuik uzten zettu.



Entzierruen ondorien, errugbiyan modue, 3. denbora, gosaye?
Hori da inportantena. Azkenien, entzierrue guteko zerbeit oso garrantzitsube da, ta urte guzie espiaa gaudena. Beye, konpañiangatik ez balitze, netako ez zan iguela izenko. Entzierrue korrittu ta etxia einko baldin bagiñu, hor yonko zan, ez, disfrutetuko giñuke, beye… Azkenien, nik uste, polittena dala launekin juntetzie ta bakuitzek bee esperientziyek kontatzie, bee momentubek, disfrutetu daun, ez daun disfrutetu, biyerko goguek den o ez… Nik uste det hori oso politte dala. Nee entzierroko kuadrille iye denak Uharte-Iruñekuek die, Errotxapeakon bat o Zizurrekon bat dee badoo. 15 gaa. Beti Uhartiaa faten gaa, Casa Navarrora. Urteroko tradiziyue da hautze fatie, plater konbinetu bet jatie. Geñaa merke ematen dugubie, sei eurotan jesukriston platera atiatzen dugubie.

Hor zaudiela entzierroko bidiyuek ikusten ttuzubie?
Bei. Iyende atsaldien neskatuekin ta entzierroko laun pariatekin buelta eman giñuben ta esaten zugun entzierros besteik ez giñubela hitz eitten. Hori atsaldien, ba goizien… entzierrue ta gio, imajinetu. Pepek jatekue ematen dugu, beye biyertien telebisten errepikapenak dee. Gaur egun mobillek denes, ta makina bat argazki denes, hor aitzen gaa dena beire, bakuitzan karrera, bakuitzan argazkiyek…  

Hortik barna entzierroz entzierro ibiltzen zariela aipatu dezu leheno.
Denondako garrantzitsuna, o polittena, Iruñe da. Beño leheno hasten die entzierruek. Ni urtero Villatuertan hasten det, beyek askatzen ttubie. Iguel lau urteko zezenan bat debei, beye gehiena beyek. Negu guzian ondorien, izotza pixkat pusketzeko, horrutze faten neiz. Apribillen Rincon del Soton yoten da. Pixka bat bianduxo Alfaron yoten da. Erriberan ta, asko yoten die: Arguedas, Valtierra, Fitero, Funes… asko de sanfermiñek beño leno. Beño, entzierruek, entzierruek, Iruñe lehenengo. Gero Tutera. 25ien hasten da beti, Santa Anakin. Gio Lizarra, askotan Etxarriko festakin koinziditzen dau ta ezin izeten neiz fan. Ondorien Tafallaa, Madrille faten gaa. Irellen Zangoza, Azkoien, Azagra, Andosilla, Milagro… asko. Azkenien bade batzuk, bei. Castelloniaa dee baguez. Azken urtien ez giñen fan, beye aurreko biten bei. Han launek dazkau. Madrille otsaillen fan izen gaa noizbeitt. Han dee launek dazkau ta hain etxien gelditzen gaa. Aprobetxatzen diau.

Aldie izeten da batzuten zezenak dela ta bestetan beyek, ezta?
Bei. Normalien, entzierruek korritzeko ohiture ez da hain handiye, esatiako, Erriberan errekortatzeko ohitturakin konparatuik. Erriberan herri guziten beyek askatzen ttubie. Ez da entzierrue. Itxi betien askatzen debie behi bet ta jendiek errekortatzen dau o laster eitten dau. Beye entzierru inportantenak esan duzkizuten hoik die. Valentzian, Madrillen, Murtzian dee yoten die.


Iruñeko festak zezenik pe, halakoik pensatzeik bado?
Ufff. Bor-bor doo kontube. Gustetzen dakigu asko ta nik ez ttut imajinetzen Iruñeko festak zezenik pe. Joera ikus bierra do. Guai dala 20 urte iyork ez zen zalantzan paatzen. Gaur egun eztabaida kalien doo. Ta ikus ber hemendik 20 urtetaa zer pasatuko dan. Aurrekuen Joseba Asironek esandakuek ongi esanda dee, zezenketak duden jartzen ai dielako; nola eitten dan, zezena tratatzeko modubangatik… Entzierroko zale neizen ikuspuntutik, nik dee, parte batien, bat eitten det. Nik zezena animali bezela maite det. Nai gustetzen dakit zezena ikustie lasterkan, libre, zeleiten. Nik hori maite det. Orduben ikustie situaziyo batzuten ez dakit asko gustetzen. Ni ez neiz zezenketan oso aldeko, egiye esan. Asironek esan zenan bigerna partie dee, ustet arrazoiye bakala: Iruñe entzierroik pe ez da ulertzen. Batak bestie inpliketzen dau. Oso-oso historikue dan tradiziyo batetas ai gaa. Egiye da animaliyai emandako tratu txarrakin jende asko sentsibilizatuik dola. Entzierrue tratu txarra da? Ba, hala bada, uste det hasi berko giñekela pentsatzen guu herriteko feriyek dee tratu txarra izen dettezkela. Bi minutu kalien korrikaaztie tratu txarra bada, hamar ardi bi metro karratuten atsalde oso bat uraitzie dee tratu txarra izen detteke. Nai ez dakit iruitzen entzierrue tratu txarra danik. Horrengatik ez ttut ikusten Iruñeko festak entzierroik pe.

Ikusko diau ze etortzen dan.
Azkenien orekatuko da. Badoo dena raso kentzie nehi dena. Ta badoo jendie don bezela mantentzie nehi dena. Bi idei hoin arteko oreka billetu berko da. Zezenketak nik uste ez dala izengo zerbeit radikala. Ez det uste norbeit etorko dana ta esanen dauna: debekatuta! Debekatzen da zezena hiltzie, lehenbizi zaldiyakin, gio banderillakin, gio estokadakin… Toreatu o dana dalakue bei, beye modube aldatu ber da, ezin da publikuen aurrien hil… Ez dakit. Tarteko zerbeit pasako dala, nik uste det. Entzierrue mantendu detteke problemaik pe don bezela.

Etxien nola bizi debie zuu zaletasune?
Bufff. Nik uste det denbora pasatzen dan heinen ohitzen ai diela. 10 urte pasatu die. Beye hasierako urtiek oso gogorrak zien. Nik goguatzen det askotan Iruñatik etorri, kriston sensaziyuekin, norbeittekin partekatzeko goguekin, etxia allatu ta zelle zan hori partekatzie, biaindako oso gogorra da. Egunio faten zaa ta egunio pasa detteke zerbeit, ona, txarra, beye zerbeit pasa detteke. Nehi zettubienandako hori onartzie gorra da. Beye, nik uste det, azkenien, biziye lau egun die ta aprobetxatu ber da. Hori gustetzen bakizu, nik uste, asumittu ein ber dala. Baliente izan ta ongi atiatzen bakizu, aurria. Ondoriyuek onartu ta… Halako gauzek gustetzen dazkigunai, zezenak o parapentien botatzie, arrisku pixkat inplikatzen dena, nik uste sayetu berko gala, ahaleine eitten nehi dugubienai pixka bat ulertarazteko. Neskatuekin, familiyakin… Guu partetik dee jar ber da.