Noiz hasi zinen monozikloan?
Duela bospasei urte sanferminetan Bosquecillon jarritako postu batean monoziklo bat ikusi nuen eta kuriositate moduan probatu nuen, ibiltzen ikasteko, besterik gabe. Gero monoziklo hura hautsi nuen, monozikloaren inguruan ibiltzen den jendea ezagutzen hasi nintzen eta gaur arte.
Monozikloa bizikletarekin desberdintzen da bereziki gurpil bakarra delako eta uneoro pedaleatu behar delako; piñoi fijokoa da.
Iaz Europako Monoziklo Txapelketan parte hartu zenuen, EC Unicycling txapelketan, eta lau domina ekarri zenituen bertatik.
Ez nuen inondik espero domina horiek lortzea. Lehiatzera joan nintzen, parte hartzera, baina ez nuen espero dominen lehian egotea. Zilarrezko hiru –1 km, luzera-jauzia eta Ciclo Cross–, brontzezko bat –maratoia– eta bosgarren postu bat, Cross Countryan eta, horretaz aparte, nire mailan, 19 urtez azpikoan eta 21 urtez azpikoan, urrezko hiru domina lortu nituen. Harrituta eta pozik geratu nintzen, eta motibatuta hurrengo urterako.
Europakoan aritu eta gero esan zenuen hurrengo helburua Hego Koreako Munduko Txapelketan parte hartzea izango litzatekeela eta ametsa gauzatzear zaude.
Bai, gaur hartuko dut hegazkina Hego Korearantz, Bilbotik aterako naiz Amsterdameraino eta handik zuzenean Hego Koreako Incheon aireportura, handik Ansara. Bertan jokatuko da txapelketa. 18-19 ordu guztira. Han gure ordua baino 7 ordu gehiago dira. Azken egun hauetan pixkat urduri ibili naiz, baina joateko gogotan. Burua han dut hemen baino gehiago. Han udan daude eta beroa eta hezea dute klima, euriarekin… Nahiko gogorra izango dela ematen du. Hemen dugun udarekin, entrenatzeko aproposa (kar kar... ) hara joango naiz eta beroa.
Zenbateko parte-hartzea espero da?
Aurreko Munduko Txapelketan 2.000 monoziklista zeuden inskribatuta eta aurtengoan 1.500 inguru izango gara, baina modalitate guztietan. Pentsatzen dut Asian izatean europear gutxiago joango direla. Monoziklista gehien Japonian eta Alemanian daude. Japoniako eskolen %95-98an derrigorrezko ikasgaia da monozikloa, eta horrek lortu du monozikloan ibiltzea ohikoa izatea. Alemania talde eta zale aldetik ongi dabil.
Igandean hasiko dira Mundialak eta abuztuaren 11n bukatu.
Lehenengo proba abuztuaren 1ean dut, 10 km-koa. Hortaz, pistetan entrenatzeko badut tartea. Nik bideberria egingo dut batetik, hor proba bat da 10 km-koa (abuztuak 1), erlojupekoa balitz bezala, maratoia, 42 km-koa (abuztuak 7) eta 100 km-koa (abuztuak 10). Eta bestetik mendi probak: mendi jaitsiera (abuztuak 2), ziklokrossa (abuztuak 8) eta cross country (abuztuak 6). Azkenik igoera gogor baino motz bat egingo dut (abuztuak 6). Guztira zazpi-zortzi proba egingo ditut.
Eta zeinean ibiltzen zara hobekien?
Errepideko 10 km-koa egiteko ilusio berezia dut; modalitate hori oso gustukoa dut eta asko entrenatu dut. Guztiek betetzen naute, baina 10 km-koa bereziena da. Eta ziklokrosa baita, ondo moldatzen naiz.
Zer espero duzu? Ezagutzen dituzu zure arerioak?
Europakoan asko egon ziren, baina betikoa, ez dakizu beraiek ere zenbat entrenatu duten eta nahiago dut ezer espero ez izatea eta zer pasatzen den bertan ikustea. Disfrutatu eta kito, eta esperientziarekin pozik egotea.
Zenbat entrenatzen duzu?
Unibertsitate garaian gutxiago, denbora gutxiago dudalako eta garaiaren arabera ezberdin. Hasieran entrenamendu luzeagoak egiten nituen, gorputza egiteko, baina orain egiten ditut motzagoak baina gogorragoak. Uda denez, goiz eta arratsaldez atera naiteke, beti ere deskantsuak errespetatuz, baina orain nahikotxo ordu. Gorputza oso fuerte nabaritzen dut; aurten entrenamendu jakin bat egiten saiatu naiz eta puntu potentean nago, fisikoki gustura.
International Unicycling Federationen jarraitzen duzu federatuta?
Bai. Alemanian du egoitza. Estatuan ez dago federaziorik. Italian, Alemanian, Korean... badaude, baina penintsulan ez dago. Federaziorik ez dugunondako, badago federazio handi hau, munduko txapelketetak antolatu, baldintzak eta arauak jartzen dituena. Berez da federazio bat sortu zena monoziklista guztiak batzeko eta errekorrak egiten direnean, munduko txapelketetan eta bestetan denborak ofizialak izateko. Bizikletaren UCIren antzekoa izango litzateke.
Basque Countryko bakarra izango zara.
Orain dela urte batzuk Basque Countryren izenean hasi nintzen, eta 2016ko Munduko Txapelketan lortu zuten herrialde bat gehitzea, Basque Country, modu ofizialean. Ni Basque Countryko ordezkari bakarra naiz. Antolakuntzatik eskatzen didate ikurriña ematea beste banderekin jartzeko, normalean ikurriña ez baitute izaten, zaila delako lortzen. Euskal Herritik bakarrik ni noa eta Espainiatik Soriatik 2 doaz. Pentsa, Frantziatik 52 doaz, baina hemen afizio gutxi dago.
Hego Koreara joateko diru-laguntza lortzea zaila izan da?
Oso-oso eskertuta nago. Bere momentuan deialdia egin nuen, Mundialera joan behar nintzela eta laguntza bila. Eta oso pozik nago jendea nire bila etorri delako laguntza emateko. Oso kontentu eta eskertuta nago babestu nauten guztiengatik.
Zortea alde izan dezazula!
Eskerrik asko.
Argazkiak: Ekhi Congilek utzitakoak.