Ezti ekoizpenerako urte kaxkarra izan dela dio. Gainera, erleek hainbat arerio dituzte, eta handiena barroa da.
1. Noiz hasi zinen erlezaintzan?
Erlezaintzan Uharte Arakilen hasi nintzen. Aldamenekoarekin ere batzuk jartzea pentsatu genuen. Kuriositateagatik jarri genituen, asko jakin gabe. Garai horretan barroa sartu zen eta arrazoirik gabe desagertu ziren denak. Ez genekien horrelako gaitza zegoenik eta gero hasi ziren aztertzen eta tratamenduak egiten. Etxarri Aranatzera bizitzera etorri nintzenean sukarra piztu zitzaidan eta erle batzuekin hasi nintzen berriz. Duela hamabost urte izan zen.
2. Asko aldatu da erlezaintzaren mundua?
Erlezaintzaren mundua etengabe mugitzen ari da. Bai zaintzaren aldetik, baita ezagutzaren aldetik ere. Gaitzei aurre egiteko modua, esaterako. Eta beti ikasten da zerbait.
3. Zer moduzko ekoizpena izan da aurtengoa?
Kantidadez kaxkarra izan da. Naturan ziklo ezberdinak izaten dira eta aurtengoa horrelakoa egokitu da. Joan zen urtean dexente atera zen eta aurten gutxiago. Lehorteengatik izan daiteke edo ziklo ezberdina delako. Dena delakoa, horrela izan da.
4. Eta kalitate aldetik nolakoa da zure eztia?
Eztia beti da ona eta ezberdina. Aurten, adibidez, larra loretatik atera dute eztia. Iaz askoz ilunagoa zen txilarrarena zelako. Txilarra oso gutxitan bildu izan dut, eta joan den urtean sorpresa izan zen. Oso estimatua da txilar eztia.
5. Nola jakin zein lore motatakoa den eztia?
Erleek informazio sistema bat daukate eta behin lore mota jakin batean biltzen hasten direnean erlauntzara joaten direnean informazioa pasatzen dute eta garai horretan erle guztiak lore mota berdinera joaten dira. Udaberrian hasten dira eta erlauntzako erleek ekartzen dute bai ezta bai lore-hautsa landare berdinetakoak dira. Guk ezberdintzen dugu koloreagatik. Taula bat dago jakiteko kolorearen arabera zer motatako eztia den.
6. Etxarri Aranazko ferietan eztia saltzen egon zineten. Zer moduz joan zen?
Ezti gutxi zegoen eta jendea portatu zen. Gainera, bat-batean eguraldia aldatu zen eta ematen du eztia neguari aurre egiteko dela. Beraz, ongi. Jendearen gustukoa da. Ezti-orrazetik zuzenean probatzeko aukera ematen dut eta esaten didate haurrak zireneko garaiak gogoratzen zituztela. Oso goxoa zegoela.
7. Erlezaintza zaila da?
Oso berezia da eta hemen ez dago oso zabalduta. Beste herrialde batzuetan industria handia dago. Baina Sakanan ez. Eguraldiagatik izanen da, ez dela oso egokia erlezaintzarako. Gainera, gauza asko jakin behar dira erlezaintzaren inguruan. Erleek ipurdian ezten bat izateak ez du laguntzen. Jendeak beldurrarekin begiratzen ditu erleak. Gu beti babestita joaten gara erle artean egoteko, begiratzeko eta zaintzeko.
8. Erleak desagertzen arriskuan daudela diote.
Bai. Erleak zuhaitzetan egoten ziren. Barroa sartu zenetik basoetatik desagertu ziren. Eta ez badituzu zaintzen hiltzen dira. Bi edo hiru urtetan tratamenduan ez badituzu jartzen hiltzen dira. Gure etsai handiena gaur egun barroa da.
9. Zer da barroa?
Arkakuso bat bezalakoa da. Erleei linfozitoa zurrupatzen die eta zurrupatzean birusak sartzen dizkie. Tratatatu beharra dago. Erle multzo handi batek barroa duela ikusten duzunean derrigorrez tratatatu behar da. Elkarteko albaiteriak tratamenduak ematen digute eta fitxan jartzen du. Bestela, erlauntza batetik bestera eramaten dute gaitxotasuna. Orain zuhaitzetan agertzen diren erleak guri eskapatzen zaizkigunak dira.
10. Beraz, mendian ikusten direnak erlezaindarienak dira?
Bai. Udaberrian bere sistema handitzen dute eta gerta daiteke ama bat hainbat langilekin eskapo egitea. Beste leku batera joaten dira eta edozein tokitan bizileku berria sortzen dute. Enbor bat izan daiteke, etxetako pertsianen kutxa... Eta horrela beste ziklo bat hasten dute.
11. Asiako liztorra ere beste arerio bat da.
Asiatik etorritako erlamina, bai. Vespa velutina deitzen dira. Hemen bageneukan vespa familiako liztorrak, vespa cabro-ak, baina ez zen hain harrapakaria. Beste espeziea oso bitxia da. Erleak jaten ditu modu berezian, gainera. Harrapatzen ditu, burua mozten die eta haien haurrei proteina bezala eramaten die. Udazkenean ere erlauntza barruraino sartzen da eta erleei eztia kentzen die. Erlea erdi ahula badago, hiltzen du. Eta ez dakigu nola amaitu harekin. Gainera, oso zaila da haien kabiak ikustea zuhaitzen goikaldean jartzen dituztela eta hostoak erortzen direnean ikusten ditugu. Neguan desagertzen da kabia, baina ordurako 50 erregin inguru atera dira eta udaberrian bere kabuz kabi berriak sortzen dituzte.