Ekhi Congil etxarriarra munduko txapeldunordea izan zen 10 km-ko errepideko proban eta munduko hirugarrena ziklokrosean. Guztira 8 domina ekarri zituen Mundialetatik eta “izugarrizko esperientzia” izan zela kontatu digu. Hurrengo erronka hurrengo urteko EC Unicycling Europako Txapelketa da, Holandan jokatuko dena.
Abuztuan Hego Korean jokatutako Unicon 19 Munduko Monoziklo Txapelketan guztira 7 probatan lehiatu zinen. Nola ibili zinen?
Beroa eta hezetasun handia zegoen, baina ongi ibili nintzen. Errepideko 10 km-ko proban bigarrena izan nintzen, txapeldunordea, nire mailan lehena. Hurrengo proba mendi jaitsierakoa izan zen, eta erorketa bat tarteko, seigarrena sailkatu nintzen, nire mailan bigarrena. Ondoren cross countryko proba etorri zen, eta 5.a geratu nintzen. Errepideko maratoian (42 km) laugarrena geratu nintzen, ziklokrosean hirugarrena sailkatu nintzen, mendi igoeran 10.a eta 100 km-ko errepideko proba luzean laugarrena. Hiru ordu eta 40 minutu luze eman nituen lanean.
Kontentu zaude egindako lanarekin?
Oso oso pozik nago egindako lanarekin eta emaitzekin. Inoiz ez dakizu nola atera behar diren probak; banekien ongi entrenatu nuela, baina ez dakizu gainontzeko monoziklistak zein puntutan dauden. Bi txapelketetan nituen esperantza gehien, 10 km-ko proban eta ziklokrosean, eta hala izan zen. Guztira 8 domina ekarri nituen, 2 domina podium absolutuetan eta gainontzekoak nire mailako sailkapenetan. Emaitza ona da.
Egun gutxitan gorputzari sekulako astindua eman zenion.
Bai, asko nabaritu nuen. Amari argazkiak bidaltzen nizkion eta kristoren diferentzia nabaritu zuen txapelketa bitarteko edo ondorengo egunetako argazkiekin, aurpegian aldaketa nabaritzen zidan. Kilometro kopurua baino gehiago zen txapelketak ematen dizun intentsitate hori. Gainera, bero asko egiten zuen eta hezetasun asko zegoen, 38-40 gradu eta %80ko hezetasuna. Bertakoek esaten zuten duela 100 urte ez zutela halako berorik, bero olatua zegoen. Proben ordutegiak aldatu behar izan zituzten; oso goizter jarri zituzten, goizeko 7:00etan hasten ziren 9:00ak izan beharrean, beroa ekiditeko.
Zenbat bildu zineten Hego Koreako Mundialetan?
Urruti izatean parte-hartzea jaitsi zen, baina hala ere 1.400 luze izango ginen. Gehienak japoniarrak eta alemaniarrak ziren, herrialde bakoitzetik 300 kide pasa; Frantziatik 54 inguru lehiatu ziren, penintsulatik 3, eta horietatik euskaldun bakarra ni. Harritzekoa izan zen txinatarrak joan ez izana, izan ere, Txina eta Japonia dira monoziklista gehien dituzten herrialdeak. Eta Txinatik pare bat joan ziren, Hong Kongetik. Atzean arrazoi burokratiko eta politikoak zeuden.
Zein da hurrengo erronka?
Orain atseden hartzen nabil, hurrengo helburua oraindik urruti dagoelako. EC Unicycling Europako Monoziklo Txapelketan aritzea da erronka, 2019ko udan Holandan jokatuko dena. Eta hemendik bi urtera Mundiala izanen da, Italian, Alpeetan, mendiko txapelketendako ezin hobeto.
Gure inguruan monoziklista bakarra izaten jarraitzen duzu?
Uste baina monoziklista gehiago gaude, baina askok ibiltzen dakite eta kitto, ez dira probetan aritzen. Hego Koreatik bueltan guraso asko etorri zaizkit euren seme-alabak monozikloz ibiltzen ikasteko interesa dutela eta ea lagundu ahal ote diedan galdetzera. Gabonak bueltan daudela, semeendako opari monozikloa eskatzea buruan dute. Nik lagundu ahal diet zerbait, pauta batzuk eman, baina monozikloan ibiltzen ikastea praktika kontua da; norbera behin eta berriz saiatzea da gehiago. Behin ibiltzen ikasita gauza gehiago erakutsi ditzaket, teknika eta beste.
Monoziklismo irakasle izango zinateke?
Badaukat gogoa, baina ez dakit nola egin. Magisteritza ikasketak egiten nago, oraindik ez ditut praktikak egin eta halako zerbait egitea ez litzaidake gaizki etorriko. Ikastaro txiki bat egingo banu, uste dut errazago litzatekeela eskatu didaten laguntza hori ematea. Oinarrizko monoziklo batek 60 euro inguru balio duenez, laguntzaren bat lortuz eta norberak zati bat jarriz gero, ikastaroa eta gero mundu guztiak bere monozikloa izanen luke. Bigarren eskuan monoziklo asko daude salgai; jende askok kuriositatez erosten ditu eta gero saltzen ditu, gehienetan berri-berriak daudela. Nire lehen monozikloak 70 euro balio zituen. Gaur egungo pedalek kopuru hori balio dute.
Zenbat monoziklo dituzu?
Koreara eraman nituen bi monoziklo oso. Idealena izango zen 3 edo 4 eramatea, baina ez zegoen tokirik eta horrekin konformatu behar. Entrenatzeko desberdinak erabiltzen ditut. Egun lauzpabost monoziklo ditut. Pieza batzuk Suitzatik ekarri ditut, beste batzuk Italiatik eta asko lagun baten Madrilgo denda batetik.
Mundialetako maila hori mantentzeko zer nolako prestakuntzarekin jarraitu beharko zenuke?
Forma fisiko on bat lortzen denean eta Mundialetan aritu eta gero, orain forma hori galtzea da kontua, hurrengo helbururaino ia urte bat geratzen delako. Gero, ilbeltzetik aurrera berriro entrenatzen hasiko naiz. Buruari ere atsedena eman behar zaio, beste gauza batzuk egin. Orain asko ari naiz mendira joaten. Monozikloa eramaten dut baina jaitsiera egiteko, fisikoa entrenatu beharrean fisikoa, teknikoa lantzeko.
Mundialetan aritzeaz gain, Hego Korea ezagutzeko tartea izan zenuen?
Bai, Mundialak bukatuta aste pare bat egon nintzen hura ezagutzen. Aterpeko jendearekin harremana egin nuen, bertakoak ziren asko, eta bertako gauzak erakutsi zizkidaten. Japoniako jende asko zegoen ere. Denetatik du Hego Koreak: oso polita da, mendi pila bat dauzka, parke natural asko, tenpluak... Mundialetan elikadura zaindu nuen, baina oporretan bertako gastronomia probatzeko aprobetxatu nuen.
Esperientzia, beraz...
...Oso polita izan da, bikaina, gomendagarria. Izan ere, monoziklismoa kirol ederra da. Etxarrin eta Sakana inguruan zabaldu da, badago interesa duen jendea. Hori sustatzea da kontua. Ea, nitaz gain, monozikloan norbait gehiago ikustea lortzen dugun.