Parte-hartze prozesuaren inguruko jardunaldiak, Leitzan

Guaixe 2018ko aza. 14a, 08:47
Joan den urtean plazaz hizketatzeko egindako batzarretako bat.

Etxarri Aranazko plazaren birmoldatzeko egindako parte-hartze prozesua kontuan izanen da.

Ostiralean, Herritarren parte-hartzeari buruzko jardunaldiak eginen dira Leitzan, eta landuko diren gaietako bat Etxarri Aranazko plazako birmoldatzeko prozesua izanen da. Leitzan eginen diren jardunaldiak herritarrek erakunde publikoen eta pribatuen kudeaketan parte hartzeak, eta tokian tokiko herritarren parte-hartzean izandako aurrerapenak identifikatzea eta hobetzeko proposamenak jasotzea du helburu.

Etxarri Aranazko eginen den kiosko berriaren proiektua egiteko hainbat batzar egin ziren. Udalak sustatu zuen parte-hartze prozesua eta herritarrek erabakita eguraldi txarra egiten zuenerako estalope finko bat jartzea izan zen gainditu zen proposamena. Proiektua aurrera eramateko ere beste hainbat batzar egin ziren herrian. Parte-hartze prozesuaren bidez erabaki zen, besteak beste, estalope berria zurez eta metalez egindakoa izanen dela, argia pasatzen utziko zuen materialarekin egina eta jartzeko zuhaitz batzuk kendu beharko zituztela. Baita estalopea kioskora integratuta egonen zela ere. Hurrengo urratsa estalopearen  kokapena erabakitzea izan zen.

Batzarretan parte hartu ezin zutenendako udalak ekarpenak idatziz egiteko aukera zabaldu zuen. Plazako birmoldatze prozesua, beraz, oinarri eta adibide izanen da Leitzan ospatuko diren Herritarren parte-hartzeari buruzko jardunaldietan. Eneka Maiz Etxarri Aranazko alkatea bertan izanen da prozesuaren inguruan hitz egiteko, ostiralean 10:15ean.