Bizimodu berriaren erronkan ez da bakarrik egonen

Guaixe 2018ko aza. 9a, 11:47
Hodei Ijurko Iroz askatu berritan.

Hori adierazi nahi diote Hodei Ijurko Irozen lagunek, Etxarri Aranazko gazte asanbladak eta ezker abertzaleak bihar. Horregatik antolatu dute Itzaletik argira Ijurkori elkartasuna adierazteko jardunaldia. Antolatzaileek gogorarazi dute Ijurko irailaren 20an aske gelditu zela 10 urtez preso egon ondoren. “Salbuespeneko espetxe politikari aurre egin behar izan dio Hodeik, beti muturreko baldintzetan, beti etxetik urrun. Hodeik sekulako gaitasuna eta indarra erakutsi du egoerarik zailenetan ere bere duintasuna eta herriarekiko konpromisoa tinko mantentzeko. Orain bizimodu berri bat eraiki behar du Hodeik; eta erronka honi ekiterakoan ez dela bakarrik egonen adierazi nahi diogu”.

Elkartasun eta sustengu jardunaldia Karrikestu elkarteak hartuko duen herri bazkari batekin hasiko da, 14:30ean. Horretarako azken txartelak Leku Ona tabernan daude salgai. Bazkaloste luzearen ondoren, 20:00etan musika jaialdia izanen da gaztetxean. Arkada, Egurre, Alkaloide, Orangutan Room eta sorpresa den talde bat ariko dira. Guztiak musu truk eta jaialdian lortutako dirua Ijurkori bizimodu berria antolatzen laguntzeko izanen da.


Erlazionatuak