Eskola jazarpenaren kontrako antzerkia, Etxarri Aranatzen

Guaixe 2018ko aza. 29a, 13:08
Soka ikuskizunaren une bat. UTZITAKOA

Mikel Gurrearen lehenengo antzezlana, Soka, izanen da bihar, azaroaren 30ean, Etxarri Aranazko kultur etxean, 22:00etan. Nafarroako Arte Eszenikoen zirkuituaren azken emanaldia da

Irudi ilunak, beldurgarriak, akerrak eta ikustezinak emanen dio hasiera Soka antzezlanari, Mikel Gurrea antzezlanaren egilearen esanetan. Irudi honekin haurtzaroan pilatutako beldur guztiak islatu nahi ditu. Izan ere, Soka antzezlanaren oinarrian "eskolan jazarpena sufritu eta jasaten dutenak, haien senideak eta horri aurre egiteko allnean diharduten guztiak" daude. Bullyng-aren inguruko kontaketa bat da: "errua eta erantzukizunaren arteko muga horretan kokatu dut istorioa". Bihar, azaroaren 30ean, izanen da antzezlanaren emanaldia, 22:00etan. Sarrerek 6 euroko prezioa dute eta etxarriaranatz.eus edo leihatilan eros daitezke.

Mikel Gurrea egilea Hattie Naylor antzerkigile ingelesan eta Thomas Vinterberg zinemagile danimarkarraren lanetan oinarritu da Soka antzezlana egiteko. "Haien erritmoa, egitura eta ausardia" izan dira Gurrearen lehenengo antzezlan hau osatzeko inspirazioa. Iñaki Rikarte da eskolaren jazarpenaren sokari tiraka arituko dena, hau da, Igor pertsonaiaren papera egiten duen aktorea. Fernando Bernues da zuzendaria.

Eskolan jazapenari buruz gogoeta egitea da egilearen helburua. Gainera, ikus-entzuleak ohartarazten ditu: "ondorio edo erantzun zehatzik gabeko gogoeta izanen da".

Sokaren emanaldia Nafarroako Arte Eszenikoen zirkuituaren bukaera emanaldia izanen da. Urrian eta azaroan hainbat ekimen antolatu dituzte Nafarroa osoan. Zikloaren helburuetako bat arte eszeniko minoritarioak bultzatzea da, eta egitaraua osatzeko antzerki ausartagoengatik apustu egiten duten konpainiak kontuan hartzen dituzte.