Hasiera diskoa kaleratu berri du Hesian taldeak. Fran Urias taldeko kide etxarriarrak dio taldearen ziklo berri baten hasiera dela, hasiera berri bat. Izan ere, Hasiera diskoa egiteko inoiz baino gehiago inbertitu dute. "Leihoa etxetik bota dute", Uriasen hitzetan. Orain arte egin duten proiekturik handiena dela azaldu du.
"Bizitzan beti gaude zerbaiten bila, beti gaude zerbait topatu nahian. Askotan ez dakigu zehazki zeren bila gauden, baina horrela izaten da". Hesian taldea 2006. urtean jaio zen, Etxarri Aranazko elizaren azpiko lokalean. 12 urte hauetan gauzak asko aldatu direla aitortu du Fran Uriasek. Hamaika aldaketa jasan ditu taldeak, esaterako, sakandarrak ziren hasierako taldeko kide guztiak eta orain bi etxarriar daude. "Nik hemen jarraitzen dudan bitartean, etxarriar esentzia hori mantenduko da". Hesian, beraz, ez da berria, baina aurkeztu berri duten diskoa "hasiera bat da".
Daudenen eta pasa direnen artean Hesian taldearen familia 25 lagunek osatzen dute. Bizitzaren "aldaketa naturala" izan da, izan ere hogei urte pasatxo zituzten taldekideak hasi zirenean, eta gaur egun 30 urteak pasa dituzte jada. "Garapen bat izan da, naturaltasunaren horren emaitza bat". Hala ere, Uriasek aitortu duenez, batzuendako musika "droga bat" da.
Hasiera diskoak Hesianen esentzia mantentzen du baina rock-erako joera hartu du. Zuriñe Hidalgo taldeko abeslariak eta Fran Uriasek berak sortu dituzte letrak eta etxarriarrak onartzen duenez: "letrak oso ezberdinak dira baldin eta Zuriñek edo nik idatzi ditugun". Diskoak alderdi "oso faminista eta oso borrokalaria" duela goraipatu du Uriasek. Hala ere, abesti intimoagoak daudela ere esan du musikariak. "Intimitate hori mantentzen dugu, azkeneko urteetan maitasuna izan da gure ildoa". Dena dela, intimoa edo sentimenduei buruzko abesti batek ez du zertan maitasunari buruz hitz egin behar azaldu du Uriasek. "Intimitate maitasunarekin lotzeko joera dugu". Baina ez du zertan. Beti bikote baten istorioarekin lotzen dugu maitasuna, gainera". Heldutasunak "beste perspektiba eta ikuspegi batzuk" eman die.
"Hasi gineneko zaleak izaten jarraitzen dugu, baina abere zaletasuna adierazteko modua aldatu da. Dagoeneko ez dira lehenengo ilaran jartzen, ni beste kontzertuetan jartzen ez naizen bezala". Hala ere, Hesian taldeko zaleak gazteak direla azaldu du Uriasek, gehien bat, kontzertuetara joaten den publikoa. Aldiz, Durangoko Azokako "harreman zuzenean" hasierako zaleak gerturatzen zaiela esan du eta hori "harro egoteko modukoa" dela. Publikoa "musika estiloaren" arabekoa dela azaldu du Hesianeko kideak.
Durangoko Azokako Ahotsenean espazioan Hasiera diskoa aurkeztuko du Hesianek. Abenduaren 8an 13:40ean. Ondoren, disko berriaren hainbat aurkezpen "berezi" eginen dituzte, "solasaldi musikatuak" deitu diotenak: "formatu akustikoa izanen da, eta abesti bakoitzaren esanahia eta egiteko prozesua kontatuko dugu". Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egonen dira abenduaren 14, 15, 20 eta 21 bitartean. Etorkizunerako Euskal Herritik ateratzeko helburua dute eta Espainian, Frantzian eta "kanporago begiera ere" gauzak ixten ari direla esan du Uriasek.