Irurtzungo kanporaketa "nahiko justu" pasa zuen, eta ez zuen espero finalera pasatzea. Hala ere, Nafarroako Bertsozale elkarteak eta Baztango udalak antolatzen duten Izeta Sariketaren finalean egon zen, Elizondon. Egon eta irabazi. 246 puntu bildu zituen etxarriarrak, txapela janzteko aukera eman ziotenak.
Nola jasotzen da horrelako txapela bat? Espero zenuen?
Momentuan, ez. Egia esan Irurtzungo kanporaketan nahiko justu pasa nintzen eta ez nuen finalera pasatzea espero. Saioak barrutik nahiko ezberdin bizitzen dira. Epaileekin hitz egiten beste ikuspuntu bat ematen diozu, baina momentuko sentsazioa nahiko arraroa egiten da. Finalean pozik, baina barrutik oso ezberdin ikusten da. Gauza bat da nola sentitzen zaren eta beste bat epaileek zer jasotzen duten. Bertso batean nahiko ongi egin nuen, baina ez nekien non nengoen, eta sorpresa etorri zen.
Zergatik da garrantzitsua horrelako sari bat irabaztea?
Nafarroa mailan gazte sairketen artean izen handiko bat da urte askota egin delako. Erakusleiho moduko bat dira horrelako sariketak. Aurrera egiten duenak edo ongi ikusten zaionari ongi. Egun bat da, egun bakarra, egun horretan jendearrean aritzen ikusten zaizu.
Egun bat da, baina egun horren atzean laneko egun gehiago daude, ez?
Bai. Bertso eskolak daude eta gero etxean, egia esan, nik ez dut asko egiten, baina agian egin beharko nuke. Baina, bai, badu lana. Bertsolariek, askok, lan asko egiten dute bertso eskoletan, etxean, koadernoarekin...
Nafarroako Bertsolari Txapelketerako entrenamendua izan daiteke Izeta Sariketa?
Aitzaki polita da bertsotan hasteko. Udan ez gara asko elkartzen, normalean ez gara elkartzen. Eta kasualitatez Bolik beste sariketa bat zeukan, txapela lortu zuela ere, eta aitza horrekin astero behintzat elkartu gara. Hori mantantzen bada Txapelketan ez gara ezer egin gabe iritsiko.
Datorren urterako zer helburu dituzu?
Ez daukat horrela esanda helbururik. Saiatu behar naiz bertso gehiago sortzen eta nik uste lortzen ari naizela. Ostiraleko saioa ez nuen gehiegi gozatu, baina egia esan beste saio batzuetan bai disfrutatu dudala. Irurtzunen, adibidez, nahiz eta txapelketa izan eta puntuazioa dagoenean beti ezberdina den, gozatu nuen. Puntuatzen egon arren gozatzea lortu dut.
Ez gozatzeaz ari zarenean, zer da ez gozatzea?
Burua beste gauza batzuetan neukan. Aste arraroa izan zen eta bertso saioa amaitzeko gogo gehiago neukan beste edozer baino. Suertatu zen horrek mesede eta dena egin zidala. Batzuetan presioa daukazunean apaltzen zara. Aspaldi ez dugu egoera horie aurre egiteko lanketa egin.