Aurrekontu berriak herri guztirako LED argiak ekarriko ditu

Guaixe 2018ko abe. 14a, 12:19

Etxarri Aranazko Udalak 2.198.328,48 euroko aurrekontua izanen du heldu den urtean, aurten baino 49.431,52 euro gutxiago. Baina legegintzaldiko aurreneko aurrekontua baino 479.679,48 euro gehiago.

Eneka Maiz Ulaiar alkateak Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) sekula baino lehenago, azaroaren 21an, onartzeagatik pozik dago alkatea. Maizek jakinarazi duenez, ohikoak ez diren bost inbertsio eginen ditu udalak heldu den urtean. Handiena, 194.314,1 euro, argiteria publikoko bonbilak LED teknologiagatik ordezkatzeko izanen da. “Horretan hasiak ginen, baina herriko kale gehienak eginen ditugu orain”. Udalak horrela argindar kontsumoa eta pagatu beharreko faktura txikituko ditu. Asmo berarekin eskoletan LED argiak jartzeko 6.000 euroko diru-saila du udalak. Frontoi barruko argiak ere berrituko dituzte.

Maizek aurreratu duenez, Utzubar industrialdeko urbanizazioa hobetzeko egiten ari diren lanak heldu den urtean segida izanen dute 2019an eta horietara 133.347,36 bideratu ditu udalak. Industrialdea nahiko zaharkitua zegoen. Lanekin zorua, argiteria eta bestelako azpiegiturako konpontzen ari dira. Zumurdineta industrialdea bultzatzeko, Irurtzunen Inasa zenarekin egin den bezala, Etxarrin Ufesarekin zerbait egiteko aukerarik legokeen galdetuta, alkateak esan du Inasakoa “Nafarroako Gobernua sustatzaile nagusi gisa sartu den makro-proiektua da. Etxarrin horrelako bat egitea, momentuz, zaila. Nahiko genuke etorkizunean Zumurdiñetako industrialdea hobetzeko bideak egotea. Orain gauzak ongi egin daitezen ahalegina egin beharko dugu denok. Baina Inasaren pareko, zaila da gaur egun”.

Ur-hornidura sarea hobetzeko 90.802,41 euroko balioa duten lanak eginen ditu udalak. “By-passa eta erregulatzaileak jarriko dituzte urarekin ditugun presio arazoak konpontzeko”. Euskalerriari frontoiko teilatu txikia berritzeko lanak ere 2019an eginen dira, 40.327,77 euroko kostuarekin. Alkateak jakinarazi duenez, “frontoiko bi teilatuek dute berritzeko beharra daukate. Handiari oraindik ez zaio garaia heldu, inbertsio handia delako”. Azkenik, udalarendako kamioi bat erosteko aukera ez du baztertzen alkateak, “duguna oso zaharra delako”. Horretarako, 15.000 euro aurreikusi dituzte.

Bestelako konponketa batzuk ere eginen dira 2019an. Maizek jakinarazi dutenez, kultur etxeko teilatuko matxurak konponduko ditu udalak. Horrekin batera, igerilekuan hobekuntza lanak eginen dira. Eta plazako argiteria eta haur-parkeak hobetzeko asmoa ere iragarri du alkateak.

Gehiago
Etxarri Aranazko alkateak Sakanako irrati euskaldunean jakinarazi duenez, udala Administrazio Elektroniko sistemara pasatuko da, eta horretarako beharrezkoak diren inbertsio eta funtzionamendu aldaketak eginen dituzte heldu den urtean. Kulturara bideratutako aurrekontua handitu egin dela jakinarazi du Maizek. Baita adin nagusiko pertsonek estimulazio kognitiboa lantzeko tailerra eskainiko dela ere. Bestetik, Sakanako Mankomunitateak Berdintasun teknikaria kontratatuko duela eta horretarako udalak diru-sail bat aurreikusi duela gaztigatu du Maizek.



Beleixe Irratian Maizek jakinarazi du udal kanpina Ospium izeneko gestoria batek kudeatuko duela. Hurrengo astean eginen den udal bilkuran formalizatuko da esleipena. “Kudeatzaile berriak ilbeltzean hasiko dira turismo azpiegitura kudeatzen, gaur egungo kudeatzaileekin eta udalarekin koordinatuta; informazio trukaketa txukun bat egin dadin”.

Finantza egoerak eta tasak
Legegintzaldian zehar udalaren aurrekontuak, inbertsioak, eta diru-sarrerak handituz joan direla eta krediturik ez dutela eskatu behar izan nabarmendu du alkateak Beleixe Irratian. “Inbertsioak handitu arren udalaren zorpetze maila jaitsi egin dugu”. Alkateak datuak eman ditu: “2014an 610.000 euroko zorra zuen udalak, 2019an 388.750 izanen da”. Maizek ziurtatu duenez, “zorpetze txikia da gure moduko udal batendako”. Udalaren diruzaintzako gerakina, 2017ko kontuak itxita, 679.169 eurokoa da.

Tasei dagokionez, alkateak azaldu du kontribuzio zerga % 0,24koa izanen dela 2019an. “Joan den urtean % 0,25ekoa zen, baina lur eta eraikienen balorazio ponentzia berritu zela, eta baloreak asko igo zirenez, Udalak erabaki zuen aurtengo tipoa 0,23ra jaistea, herritarrengan inpaktua txikitzeko. Baina asmoa da progresiboki berriz ere 0,25era iristea, nahikotasun mailara iristeko. Bide horretan, 2019ko tipoa 0,24an jarri da”. Bestetik, udalak Utzubarren eta Beheko Basoan aziendarako bazkaleku bana du. Alkateak jakinarazi duenez, “erabilerarako ordenantza lantzen ari gara, eta han jasoko da, besteak beste, abeltzainek abeltzaintza unitate bakoitzeko ordaindu beharko duten tasa”.