Euskanikross taldeak eta Etxarri Aranazko Xalok kirol, dietetika eta nutrizio zentroak antolatuta igandean jokatuko da Etxarri Aranazko II. Txakurkrosa, 9:30etik aurrera, Etxarri Aranazko kanpinean. “Aurreko urtean antolatu genuen lehenengoz eta jendea gustura geratu zen. Kronometrajearekin izandako akats batzuk izan ezik, ekitaldi polita izan zen eta, aurten, akats horiek zuzendu eta ekitaldi borobila lortuko dugula espero dugu” adierazi du Euskanikross taldeko kide eta Etxarriko probako antolatzaile Igor Artieda etxarriarrak. Dagoeneko errekonozimendua jaso du probak, Euskadiko Txakurkros Ligarako puntuagarria izango baita.
Hiru modalitate eta 6 km
Modu xumean esanda, txakurrari lotuta korrika egitea, hori da txakurkrosa. Baina hori baino asko ere gehiago da. Izan ere, hainbat modalitate daude: txakurkrosa, txakurrari lotuta korrika egitea; bikejoring, parte-hartzailea bizikletari lotua joatea eta txakurrak bizikletari lotua; eta patina, parte-hartzailea patin baten antzeko batean joatea eta txakurrak patinari lotuta. Eta hain zuzen ere, hiru modalitate hauen lasterketak izanen dira igandean Etxarri Aranatzen. 6 kilometroko ibilbidea dute aurrez-aurre hiru modalitateek, baina aldaketak egon daitezke. “Ibilbidearen hasierako eremu bat oso biguna dago, lokatz askorekin eta erreka gaiztoren batekin. Segurtasunaren aldetik patin eta bizikleta parte-hartzaileengan arazoak sortu ditzake eta larunbatean erabakiko dugu eremu hori beraiendako moldatzea edo ez; bestela, guztiendako ibilbide bera da” aipatu digu Igor Artiedak.
Lehenik eta behin bikejoringekoak abiatuko dira, 9:30ean, segidan patinekoak eta azkenak txakurkrosekoak izango dira. “Ibilbide teknikoa da. Kanpinetik aterako gara. Ibilbidea Polvorera aldera doa, eta Beheko Basotik, Artxaneko pinudiaren atzealdetik, Haritzen ibilbidea gurutzatzen du eta handik kanpinera doa, Haritzen ibilbidetik. 70 metroko desnibela du, Euskal Herriko Ligako proba lauena da gurea, baina korrika egiteko oso aproposa eta polita da, entretenigarria. Eta paisaia, neguan egonda ere, oso erakargarria da, ederra” gaineratu du etxarriarrak. Duela aste bizpahiru aste ibilbidea erakusteko topaketa antolatu zuten eta harrera bikaina izan zuela aipatu digu. “Europa mailako ibilbide polit eta hoberenekin konparatzen du norbaitek. Errebueltak, toboganak, errekatxo eta putzuak… denetarik du eta jendeari asko gustatu zitzaion” azaldu du.
100 parte-hartzaile inguru espero dira
Antolatzaileek aurreko urteko parte-hartzea, 70 kideena mantendu eta igotzea espero dute. “Ehundik pasatzea espero dugu, baina iazkoa errepikatzearekin kontentu geundeke” aipatu du Artiedak. Munduko txapeldunen bat eta Europako txapeldunen bat gerturatuko omen dela esan digu. Sakandarrei dagokienez, Igor Artieda ez da txakurkrosean arituko, antolakuntzan ibiliko baita, baina Juan Bautista Urtasun urdiaindarra eta Igor Lanz satrustegiarra bizikletan lehiatuko direla espero da. Aurreko urtean, Urtasun bigarrena sailkatu zen patinetan eta Igor Lanz seigarrena bikejoringean.
Igandean proba jarraitzera joateko gonbita egin du Artiedak. “Espektakulu hutsa da ikustea txakurrak eta kirolariak nola lortzen duten “taldea” sortzea, elkarrekin erritmo hori lortzea. Eta zer esanik ez bikejoringa eta patinak, sekulako abiadura lortzen dute. Baldintza onekin, lehor balego, 15 minututik behera egingo zituzten 6 kilometroak. Sakandar guztiei igandean Etxarriko kanpinera gerturatzeko deia egiten diet, elurreko mushing delakotik sortutako diziplina honetaz gozatzera; animatu daitezela goiz pasa polita egitera”.
Bukaeran auzate ederra egonen da eta sari ematea Etxarriko kanpinean egingo dute aurten. Ohiko trofeo eta dominez gain, babesleek emandako sariak lortuko dituzte txapeldunek: txakurrendako pentsua, txakurrendako haragia, Lacturale esnea…
Antolakuntzan 30 pertsona inguru ibiliko dira lanean. Ibilbidean barna egongo dira, lasterketa hasi baino lehen txakurrek pasa beharreko albaitari kontrolean laguntzen, kirolarien eta txakurren materiala ikuskatzen, dortsalak banatzen, anoa puntua prestatzen, hesiak jarri eta kentzen... izan ere, proba hauen atzetik lan itzela baitago.
Izena ematea
II. Etxarri Aranazko Txakurkrosean aritzeko izena ematea gaur despedituko da, ostiralean, 12:00etan, www.sailkapenak.com web orrian.