Ikertzaile eta euskaltzain urgazle etxarriarrak udal artxiboan larruzko azala duen liburua aztertu du. XVI. mendean hasitako liburuari “badirudi agiriak gehitu egiten zizkiotela” eta XIX. mendera artekoak ditu. Hura aztertuta, Jose Luis Erdozia Mauleonek Etxarri Aranazko Klaberiako liburua: eliza fundazio zenbait, herriko sorrera dokumentua eta hamarrenaren nondik norakoa lana argitaratu zuen joan den urtean. Nafarroako Gobernuaren Principe de Viana aldizkariaren 271 zenbakiaren (maiatza-agorrila) separata gisa argitaratu zuen.
Klaberia hitza kalbildo moduan hartuta hobe ulertzen da: kleriko edo elizgizonen taldea da eta bere zeregina, Jainkoari kultu edo gurtzarik gorena eskaintzea da. Apezpikuaren kontsulta organoak ziren. Etxarri Aranatzen bat zegoen.
Erdoziak Beleixe Irratian (FM107,3 edo www.guaixe.eus) azaldu duenez, “hasieran behintzat, bere alde nagusia Etxarriko sorrera dokumentua da, 1312koa. Kopia da hori”. 1351ean Karlos I.ak egindako berrespenaren kopia ere hor dago. Erdoziak esan zuenez, “nahiz eta Nafarroako Artxiboan bazegoen, hainbat alditan erre dela jakinda, gauza polita da jakitea herrian bertan dokumentu hori gelditu dela”. Ikerlariak argitu duenez, “badirudi hori sartu beharra izan zutela orduan hasi zirelako orduko zergak (hamarrena, primizia) nola ordaindu behar ziren aztertzen hasi ziren. Horretarako, herriak zer eskubide zituen jakin behar zen”.
Bi estamentu
Herriaren sorrera dokumentuek liburuaren beste bi ataletan aipatzen diren elizaren fundazioei (kapilautza, urteurren eta abar) eta zergen kobratzeari (hamarrena, primizia) legezkotasuna, berme juridikoa ematen die. Azken bi horiek berme ekonomiko-soziala dira. Erdoziak ondorioztatu du egitura horiek mendetan iraun zutela Arañazen eta argitaratutako lanean agertzen direnen azterketa egiten du.
Ikerlariak dioenez, liburuak XVI. mendetik XIX. mendera arteko gizartea “modu zehatzean” antolatua erakusten du, “elizaren eta monarkiaren uztarketa antolakuntza-iturri izanik. Orduko gizartean bi estamentuetan bereizita ageri dira artxiboko liburuan. Batetik, pribilegiatuen estamentua, elizaren eta monarkiaren ordezkariek eta haien mesedetan ari direnak osatuta. Eurek kobratzen zituzten bi zergak: lurrak ematen zuenari lotuta eta elizkizunei lotutakoak (meza abestuak, errezatuak, errespontsuak, arrosarioak, urteurrenak…).
Zer pagatzen zen eta nola
Hori ere jasotzen du artxiboko liburuak. “Etxarri Aranazko Santa Maria eliza buru zen. Lakuntzatik, Arbizutik, Ergoienatik eta baita Bakaikutik ere urtero uztaren zati bat ekarri behar zuten. Eta ez bakarrik uztarena. Baita ere animali handiengatik eta txikiengatik. Gainera, zehaztuta dago bakoitzak elizari eta erregeari zenbat pagatzen zion”. Etxarri Aranatzen hamarrenaren etxea zegoen eta hor biltzen ziren gehienak. “Apaizek zer bazkari egiten zuten, zer eraman behar zuten eta zerbitzariei zenbat pagatzen zitzaion. Eta hori guztia” agertzen da artxibategian dagoen liburuan.
Erdoziak Sakanako irrati euskaldunean azaldu duenez, “XIII. mendetik ikusten da Etxarri Aranatzen, Uharte Arakilen bezala, bertan hainbat eskribau finkaturik zeudela. Horiek erregeendako egiten zuten lana; egungo notarioek bezala”. Beste estamentua, populazioaren gehiengo zabala zena, herri xehea da, elizaren eta monarkiaren sustengu zena.
Liburuak “etxarriarrendako interes berezia du, datu dexente ematen dira. Nahiz eta elizako kontuak izan, beti egoten ziren istilu batzuk tartean”. Bat aipatu du: “1679 aldera udalak eta elizak mezak emateko duten akordioa berritu beharra dute, kapilau zegoen batek esandakoa betetzen ez zuelako. Argitu eta ordu betera meza eman beharra zuen eta, dirudienez, ez zuen ematen. Herritik jende asko pasatzen zen eta meza hori beharrezkoa zen eta halakorik egiten ez bazen herriari kalte handia egiten zitzaiola”. Etxarriko seme zen beste kapilau bati ordainduz konpondu zuten goizeko mezaren kontua.
Aipatu auzi horren inguruan Erdoziak argitu du Etxarri Aranazko Udaleko kideak, kontzeju kideak batzarrean bildurik agertzen direla, 86 izen dira. Beste urte batekoan beste 60 agertzen dira. “Bitxia da zeren oso urte desberdintasun gutxirekin, batean 86 edo bestean 60. Baina bietan jartzen du, gutxienez, bi herenak edo gehiago izan behar zutela bilera baliatzeko. Aldea ikusita zerbait ez dago oso argi”. Izen asko agertzen direnez, onosmastika ere ikertu du. Eta liburuan agertzen diren etxeen izenak ere jaso ditu Erdoziak bere lanean.
Erdoziak ikerketa egiteko liburuaren transkripzioa egin du, haren egungo ordena jarraiturik, eta www.etxarriaranatz.eus web orrian jarriko da ikusgai. Gaineratu duenez, toponimiari buruzko beste lan batzuekin ere gauza bera eginen duela aurreratu du.