Hurrengo faserako txartela lortu du Saats Karasatorrek

Guaixe 2019ko ots. 15a, 14:23
Saats Karasatorre Tuterako final-laurdenean. NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Igandean, otsailaren 17an, Eneko Lazkoz etxarriarraren mustutzea izanen da, Lizarrako final-laurdenean

Otsailaren 9an, larunbatean, hasi zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa Tuteran eta lehenengo final-laurden horretan lortu zuen Saats Karasatorre bertsolari etxarriarrak Atarrabiako finalaurrekorako zuzeneko txartela. Asteburu honetan Eneko Lazkoz etxarriarraren txanda izanen da, izan ere, igandean, otsailaren 17an, Lizarran, mustuko da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketan.

Tuteran eta Urdazubin jokatu ziren Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehengo bi final-laurdenak, larunbatean eta igandean, hurrenez hurren. Larunbatean Karasatorre nagusitu zen, eta, bere atzetik, Alazne Untxalo (249), Aimar Karrika (247), Eneko Fernandez (241), Joana Ziganda (240) eta Mikel Lasarte (233) sailkatu ziren. Tuterako irabazlea izateagatik, Atarrabian martxoaren 3an jokatuko den finalaurrekoan ariko da Karasatorre. "Gustura" aritu zela esan du etxarriarrak Beleixe irratian egindako adierazpenetan (FM 107,3 eta guaixe.eus). Saio horretan Maider Ansa etxarriarra gai-jartzaile lanetan ariko da.

Urdazubin, aldiz, azken Nafarroako txapelduna nagusitu zen; Julio Soto bertsolariak irabazi zuen bigarren final-laurdena, 265 punturekin. Iker Gorosterrazu (246), Saioa Alkaiza (245,5), Iban Garro (240,5), Irati Majuelo (234) eta Sahats Aleman (230,5) bere atzetik gelditu ziren. Sotok Etxarri Aranatzen martxoaren 9an jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu zuen. Final-laurden saioetan epaileen taldean Joseba Beltza etxarriarra dago.

24 bertsolari hasi ziren Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta 18 pasako dira hurrengo fasera, finalaurrekoetara. Hortaz, Karasatorrek eta Sotok izan ezik, lehenengo bi saioetako irabazleak izateagatik finalaurrekoetarako zuzeneko txartela lortu dute, puntuatu duten beste bertsolariek asteburuan jokatuko diren final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera pasatzen duten jakiteko.

Lazkozen unea
Bihar, otsailaren 16, Iruritako Gizarte Bilgunean jokatuko da hirugarren final-laurdena. Igandean, otsailaren 17an, Eneko Lazkoz etxarriarraren mustutzea izanen da aurtengo Nafarroako Bertsolari txapelketan. Lizarrako Gazteriaren etxean izanen da. Bi saioak 17:30ean izanen dira, eta sarrerak salgai daude.

Eneko Lazkoz finalista izan zen 2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Iruritako eta Lizarrako saioetako irabazleak zuzenean pasako dira martxoaren 10ean jokatuko den Lesakako finalaurrekora. Julen Zelaieta, Josu Sanjurjo, Amaia Elizagoien, Sarai Robles eta Diago Riaño ariko dira etxarriarrarekin. Gai-jartzailea Ander Aranburu izanen da