Besteak beste, Kixkimau Pintto pertsonaia berreskuratuko dute.
1. Zer dela eta erabaki duzue iyoteak berritzea?
Eneka. Aspaldiko asmoa bazen Etxarriko Iyoteak berritzea. Batetik, iyote indartsuak larunbatean egiteko gogoak zeuden. Eta, bestetik, astearte iyotea ihote rural bezala indartzeko asmoa ere bazen. Orduan, kintoak eta gazte asanbladakoak Iyote Batzordera etorri ziren eta asmo horiek aurten gauzatzeko borondatea agertu zuten.
2. Ez zen nahikoa ospatzen zenuten astearte ihote horrekin?
Lur. Urtero bezala iyote batzordea deitu genuen eta kintoak etorri ziren, inauterietako protagonistak izaten direla, eta gazte asanbladako kideak ere hurbildu ziren. Haien proposamen zuzena izan zen: larunbata gehitzea eta astearteari buelta bat eman. Ikusten zen astez jende asko lanean zegoela eta triste gelditzen ari zela eguna. Erlojupekoan egin genuen, hilabete bat lehenago egitarauari buelta ematen.
3. Beraz, zeintzuk elkartu zarete?
Amaia. Bildu gara herritarrak, kintoak, gazte asanbladakoak eta gero udaletik Lur eta biok. eta egia esan lan talde polit bat hasi zen lanean, eta segitu dugu. Lehendabiziko urtea izanda ikusiko dugu zer fruitu dauzkan.
4. Nola ospatuko dituzue orain ihoteak?
Amaia. Gizekunde, Andrekunde eta Garikunde ostegunak mantendu dira. Zalduniyote igandean ospatzen genuen eta haurren iyotea zen. Nahiko eskas eta pobre gelditzen ari zen azkeneko urte hauetan, orduan, egunez aldatu dugu; larunbateraan ospatuko dugu, bihar, eta iyote urbanoa izango da. Astearteiyote mantendu da betiko moduan, baina orain ihote rurala izango da: txatarrez eta trapu zaharrez janzteko eguna.
5. Beraz, jendeak ostegunetan parte hartzen du.
Eneka. Ostegun horietan egiten zenaz kintoek hartzen zuten ardura edo lana. Txatarraz janzten ziren eta herrian barna zirikan joaten ziren. Txatarraren izaera hori delako. Urte hauetan asko indartu dira ostegun horiek. Jende asko biltzen da arratsaldean. Balorazioa oso positiboa da.
6. Bihar ospatuko duzue Zalduniyote. Nola?
Lur. Larunbata esperimentu moduko zerbait izan da. Lehendabiziko urtea da, zerbait berria. Bi egitarau nahiko txukun atera dira elkarlanean egindakoak. Larunbat eguerdian poteoa egingo da. Gero, arratsaldean, mozorro txapelketa egonen da eta epaimahaian gazte asanbladako kideak egongo dira. Ahalik eta jende gehien animatzea espero dugu. Arratsaldean berriz ere musikarekin poteoa egongo da eta gauean kintoen eskutik musika egongo da. Kintoek beraiek proposatu zuten musika jartzea. Beraz, ekipo bat jarriko dute eta han egongo dira musika jartzen.
7. Lehenengo aldiz mozorro txapelketa egingo da.
Amaia. Hiru kategoria egongo dira: banakako haurrak, banakako gazte-helduak eta taldeka aurkezten direnak. Gazte asanblada antolatzen. Musikarekin egingo da eta aurkezle xelebreak egongo dira; zerbait aterako da.
8. Eta Astearteiyote berria nolakoa izango da?
Amaia. Antzeko egitaraua izango da. Goizean goiz hasiko dira kintoak kalez kale kalejiran eta haurrendako animazioa eta dantzaldia egongo da. Arratsaldean, txokolatada eta musika egongo da eta, ondoren, Kixkimau Pinttoren segizioa aterako da. Gero erre egingo dugu.
9. Berezitasun handiena, beraz, Kixkimau Pintto izango da.
Eneka. Gauza da orain arte Astearteiyote eguna mozorro anitzeko eguna zela. Orduan, larunbatean egingo denez, astearteiyotea ihote rural bezala indartzea erabaki dugu. Batetik, txatarrei eta trapu zaharrei espazio bat ematen. Orain arte kintoak ostegunetan txatarrez mozorratzen ziren, baina ez zegoen egun propio bat herritar guztiak mozorratzeko. Beraz, gonbidatuta daude herritar guztiak asteartean, martxoaren 5ean, trapu zaharrez eta txatarrez mozorratzera. Eta, bestetik, asmoa zen ere kintoen presentzia handitzea. Orain arte bazeukaten, baina ez zegoen espazio bat kintoendako eta herritarrendako denak modu bateratu batean egiteko. Bilatu den formula Kixkimau Pintxo pertsonaia berreskuratzea izan da. Erraldoien bidez berreskuratu genuen eta herritar guztien artean ezaguna da.
10. Nor da Kixkimau Pintto ?
Eneka. Zakuz jantzitako pertsonai bat zen, lastoz beteta, eta eskuan makil bat zeukana. Erraldoietarako irudikatu genuen ttuttur batekin kintoek eramaten duten bezala. Beraz, iyoteetarako pertsonai bat zela argi dago. Ez daukagu dokumentazio idatzirik edo irudirik, baina hori argi daukagu, ihoteetakoa zela, Kixkimau Pintto baino herriagook edo Kixkimau Pinttxo heldu esamoldeak daudelako. Orduan, argi dago pertsonai bat bihurri xamarra eta zirikatzailea zela argi dago. Gainera, aurpegia ikatzez zikindua zeukan eta horregatik erretzearen kontua. Kintoek irudikatuko dute pertsonaia eta segizioa egingo da. Kalez kale ibiliko da eta gero herriko plazan inguruan dantzatuko da eta erre egingo da. Asteartea indartzeko eta gure tradizioak balorean jartzeko modu bat da.
11. Batzordean jendea gehiago egon bazen, arrakasta aurreikusi daiteke.
Amaia. Gazte asanblandan lan ikaragarria egiten ari dira ere. Kixkimau Pinttori garrantzia ematen ari dira eta dena prestatzen dabiltza. Lehenengo urtea denez eskolarekin eta ikastolarekin lana egin dugu eta haurrei azaldu diegu. Ea erantzuna zein den.