Etxarri Aranazko kintoak aurten 20 dira: Irati Morentin, Maitane Araña, Irune Ijurra, Leire Maiza, Iune Atxa, Elorri eta Aroa Goena, Joana Irastorza, Amaiur Dominguez, Aimar Araña, Ander Jaka, Irati Igoa, Ganix Kintana, Adrian Jaka, Amets Artieda, Axular Jaka, Igon Araña, Aimar Saez, Yuri DaSilva eta Mikel Riego.
Ihoteetako hiru ostegunetan txatarrez jantzita kalera atera eta zigorrak eskuan txikienak eta ez hain txikiak berotzen ibili dira. Gainera, hiru ostegunetan dendetan eta tabernetan jan-edanak eskatu, haiek elkarte batean prestatu, gaztetxean afaldu eta parranda egin dute. Zalduniyote igandetik larunbatera aldatzean kintoek ere ospakizunean parte hartuko dute. Arratsaldeko mozorro lehiaketan parte hartzekoak dira. Gainera, Kixkimau Pintto erre aurretik plazan barna kalejiran eramanen dute. Hura erretzerako kintoak egindako ttuntturroak jantziko dituzte. Zalduniyoten kintoek kioskoan dantzarako musika jarriko dute, 19:00etatik 23:00etara eta 00:00etatik 03:00etara. Kanta bat eskatzen duenak euro bat pagatu beharko du, eta irabaziak kinto ospakizunerako izanen dira.
Kintoak ostegunetan txatarrez mozorrotu dira.
Hogeikoari kinto zaharrak elkartuko zaizkie asteleheneko afarian. Afaldu ondoren Tolosarako bidea hartuko dute. Han gaupasa egin eta asteartean, 09:30 aldera, herrian barnako kinto-eske kalejira eginen dute. Hura 13:00etan plazan despedituko dute eta han musika izanen da 14:30eraino. Kinto ospakizuna majo bazkalduz despedituko dute.
Euren kinto eginkizunak Olentzeroren etorreran lagunduz hasi zuten. Urte zahar egunean etxez etxeko eskea egin zuten, trikitilari eta pandero-joleen laguntzaz. Egun hauetakoez aparte, kintoek San Kirikon, San Adrianen eta Ama Birjinaren egunean dantzakia dantzatuko dute.