Etxarri Aranazko Udalak legegintzaldi honetan Aldapasoro, Kale Nagusia, Santa Kitz eta San Kiriko kaleetan LED argiak jarri zituen. Argiteria publikoa berritu, energia eraginkortasuna handitu eta argindar kontsumoa murrizteko udalak jakinarazi zuen otsailaren 25a eta apirila bitartean hainbat kaletan LED argiak jarriko zituela: Kale Nagusiaren sortaldean (udaletxe inguru guztia), Aritzetabide inguruko kaleak, Zugarreta eta Bureina inguruko kale guztiak, eta Andra Mari baseliza ingurukoak. Behin lanak egiten hasita, Kale Nagusiaren mendebaldera dauden kaleetako argiteria berrituko direla jakinarazi du udalak.
Lan horiekin batera, herriko argiteria publikoko sei koadroetatik hiru zaharkituta zeudela eta berritu eginen dira, euren kable-sarearekin batera. Udaletxean, Arluzepen eta Bureinan dauden koadroak dira. Bestalde, Arluzepeko eta Bureinako koadroak bateratu egin behar dira, argiteriaren kudeaketa sinplifikatzeko eta efizienteagoa izateko. Eneka Maiz Ulaiar alkateak esan duenez, neurri horiekin “ia herri osoko kaleak berrituak geratuko dira, baita ere beharra duten koadro elektrikoak ere”.