Makina bat jendek hartzen du egunero Artzabalerako, maiatzerako, bidea. Oinez gehienak, korrikan batzuk. Etxarri Aranazko Udalak hargintza tailerra antolatu zuen 2013an eta parte-hartzaileek harrian 20 bat toponimoren izenak zizelkatu zituzten, gero zegokien parajean jarri zirenak. Harrez geroztik, esaterako, maiatzera igotzen denak badaki non dagoen Arrigorri. Bidean goraxeago dago Kostuel parajea.
Ez dago galbiderik.
Han Kostuelgo iturria dago eta horren berri zuten etxarriar batzuk berreskuratu egin dute. Iturria eta bere aska agerian utzi, urari berriz bidea eman, garbitu eta Artzabalko bidetik iturrira joateko seinaleak jarri dituzte. Seinaleei segituz, bidetik mendebaldera 90 metro egin behar dira iturria opatzeko. Jakina, ura tratatu gabe dago, baina kalitate onekoa da. Boluntario etxarriarrek euren asmoaren berri udalari eman zioten eta udala izan da kartelak enkargatu dituenak. Lana, berriz, etxarriar talde batek egin dute eta udalak bere esker ona azaldu die.