Osasunaren Nazioarteko Eguna zen igandea eta egun hori aukeratu zuen Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo dauden pertsonen egoera gogora ekartzeko. Sarek gogorarazi zuen 21 direla preso egonda larriki gaixo dauden pertsonak. Horietako bat Jon Gurutz Maiza Artola etxarriarra da. 68 urte ditu eta azken 12ak preso egin ditu. Honako gaitzak ditu: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina-askatzea, berriki, eta eskuineko begiaren galera haurtzarotik; diabetesa, dislipemia; hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra. Lannemazango kartzelan dago, Etxarri Aranaztik 280 km-ra.
Etxarri Aranazko Sareko kideak Maizaren berri emateko ebakuntza geletako jantziekin herrian barna giza kate isila egin zuten. Eskutan 21 presoen izen-abizenak zituzten kartelak eraman zituzten, eta aurretik megafoniak larriki preso daudenen berri ematen zuen.
Saretik nabarmendu zutenez, “euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe-politika, isolamendua, zigorren luzapena eta urruntze politikak preso dagoen pertsonaren osasunean eragin zuzena dute”. Sareko kideek azpimarratu zutenez, espetxean egoteak “gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu”.
Bestetik, gaztigatu dute espetxeetako osasun-baldintza kaxkarrek ere preso dauden pertsonengan eragin okerra dutela. “Salbuespen politikak desagerraraztea eta larriki gaixo dauden 21 presoak etxeratzea” eskatu zuten Sareko kideek. Horrekin batera, “presoen eskubideen” errespetua aldarrikatu zuten. Herritarrei “larriki gaixo diren presoak bizi duten muturreko egoerarekiko” ardura hartzeko deia egin zieten.