Maravillasen aldeko aldarria

Guaixe 2019ko mai. 7a, 14:29

Ostegunean eginen den epaiketa salatzeko 200 pertsonatik gora manifestazioa egin zuten ostiralean.

Iruñeko Alde Zaharreko Maravillas gaztetxearen agorrilaren 18ko husteagatik 26 pertsona epaituko dituzte etzi. Haietako lau sakandarrak dira. Usurpazio delitu arina egotzita epaituko dituzte. Horretaz aparte, beste hiru sakandarrei ilbeltzaren 8ko hustea salatzeko egindako errepide mozketa transfeministan parte hartzeagatik, Mozal Legea dela medio, isunak hel dakizkieke. Isun guztiak batuz 109.160 euroko kopurua da.

Hori guztia salatzeko 200 pertsonatik gora manifestazioa egin zuten Altsasun ostiralean. Salatu zutenez, “berriz ere errepresioak arrastoa utzi du: identifikazioak, polizia okupazio eta kargak, zaurituak, atxilotuak, hedabideen eta politikoen intoxikazio eta buroerrepresioa. Elkartasun ekintzetan parte hartzeagatik hainbat pertsona epaiketaren zain gaude. Eta horietako bat espetxean sartzeko arriskuarekin”. Beste batzuei Mozal Legea aplikatuz isunak iristen ari zaizkie. Eta gehiago iritsi daitezke. Sakanan hiru pertsonari isunak hel dakizkieke ilbeltzeko hustearen salatzeko errepide mozketa transfeministan parte hartzeagatik.

Mozal Legea “gupidarik gabe” erabiltzeagatik, manifestariek “aldaketaren gobernuaren” kontra egin zuten, “nahiz eta hori baztertu eta ez erabiltzeko konpromisoa hartu zuen”. Manifestariek gogorarazi zutenez, aipatu legea, “inposizioz onartu zen, guztiz babesgabe uzten gaituena, eta gure defentsarako inolako lege tresnarik gabe uzten gaituena hain zuzen ere”. Legetik eratorritako isunak “errepresioa sekulako negozioa bihurtu” dutela nabarmendu zuten. Gobernuaren kontra ere jo zuten gaztetxea husteko Iruñeko Alde Zaharrean polizia-okupazioa izan zela zehaztuz, eta Foruzaingoak hustuketan eta ondorengo kargetan nabarmendu zela gaztigatu zuten, “euren izaera errepresiboa argi utziz”.

Maravillas gaztetxearen aldekoek ziurtatu zutenez, “sistema kapitalistak bere makineria guztia martxan jartzen du bere interes eta pribilegioak defendatu eta modu horretan gizarte bidegabekeria betikotzeko”. Eurek ez dute “sistema kapitalistaren hutsuneak bete nahi. Sistema kapitalista suntsitu nahi dugu. Eta bere errautsetatik mundu berri bat sortu”. Autogestiorako eta gaztetxeak defendatzeko deiak egin zituzten.