Ametsa egia bihurtu zen

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2019ko eka. 7a, 12:07

Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak 50 urte betetzen ditu aurten. 1969an guraso eta herrita talde batek seme-alabak euskaraz ikasteko nahia adierazi zuen. Guraso eta herri talde horrek historia egin zuen

1969. urtean hasi zen ametsa errealitate bihurtzen. Etxarri Aranazko guraso eta herritar talde batek beren seme-alabak euskaraz eta euskal kulturan heztea nahi zuten eta Andra Mari ikastola sortu zuten. Izan ere, Frankismoa bete-betean zegoen eta irakaskuntza "pentsamendu bakarreko" hezkuntza zen. Euskara debekaturik zegoen, eskoletan euskaraz egiteagatik jendea zigortzen zen eta irakaskuntza erabat konduktista zen: zigorren eta sarien bidez ikasten zuten haurrek eta gazteek. Horren aurren Sakanako familia eta eragile askoren nahiari erantzunez, ikastola sortu zuten duela 50 urte; hortaz, 2019 urte honetan urteurren borobila ospatzen dute. Ikasturte osoan zehar ekintzak egin dituzten arren, bihar, larunbata, Ikastolaren Egunarekin, urteurren ospakizun borobila eginen dute.

Erronka
Andra Mari ikastola herri ekimenez eta auzolanean sortutako gurasoen kooperatiba bat da. Herritarrek eta gurasoek seme alabak euskaraz ikasteko nahietatik eta beharretatik sortu zen. Erronka handia zen gurasoendako. Jose Luis Aldaz da duela 50 urte urratsa ematea erabaki zuen gurasoetako bat. Pedro Lizarraga garaiko gaztearen laguntza izan zuen. Edo aldrebes. Herrian euskaraz ikasteko behar eta nahi bat zegoela ikusi zuten Lizarragaren lagunek. Zerbait egin behar zutela. "Baina gure lana erraza zen, horretan sartzeko prest zeuden gurasoak bilatu behar genituen". Gurasoak konprometitzea zen "arazoa", Lizarragaren esanetan. Horietako guraso bat Jose Luis Aldaz izan zen, ikastolako lehenengo presidentea.

Hastapenak, biek kontatzen dutenez, ez ziren errazak izan. Ia klandestinitatean hasi ziren lehenengo ikastola eraikitzen. Hala ere, ez zen ikastetxe baten eraikin bat sortzea, proiektu bat sortzen ari ziren. Pausuak emateko beharra zegoen.  "Guk momentu horretan ez genuen pentsatu inondik ere hau honaino iritsiko zenik". Geldi hasi zirela esan du Lizarragak. Martxan zeuden ikastolekin harremanetan ere egon ziren.

Ikastola sortzeko talde bat egin zuten, "junta" bat. Bertan, besteak beste, herriko apaiza eta udaleko zinegotzi bat sartu ziren, "nolabait ofizialtasuna emateko". Jose Maria Satrustegiren laguntza ere izan zuten ikastolaren sorreran. Gainera, herritarrek asko lagundu zutela esan dute ere. Hala ere, kontrako joerak ere entzun behar izan zituzten, Aldazek gogoratu bezala: "esaten ziguten ea zertarako nahi genuen euskara ikastea, ea zer pentsatzen genuen". Irakaskuntzan arazoak izanen zituztela ere leporatu zieten: "gure seme-alabak ez zirela unibertsitatera iritsiko esan ziguten ere". "Beldurra baino zer gertatuko zenaren zalantza zegoen".  Garai "nahasia" izan zen ere, eta ETArekin lotura egin zutenak ere egon zirela aipatu du Aldazek.

"Sufritua", baina gustura aritu ziren ikastola sortzen. Hortaz, une politak ere bizi izan zituzten. Juntan giro onean "beti lanean" egoten zirela gogoratu du Lizarragak, "kuadrilla bat". Elkarlanaren eta auzolanaren bidez etorri ziren beste une onak eta politak.

Etxarri Aranazko bajera batean hasi ziren. Ondoren, eskola zaharrean hasi ziren klaseak ematen. Hamabi haur hasi ziren San Fermin ikastolako irakasle batekin, bi sortzaileek gogora ekarri dutenez. Pausu bat aurre egiten dute, eta beste bat atzera eragiten zieten. Kontatu dutenez, eskola zaharrean zeuden mahaiak eta aulkiak erabili zituzten lehenengo klaseak emateko, baina "Otsagabiako inspektore bat etorri zen", eta altzairu guztiak eraman zituen. Baina herritarrek "pixkanaka" eraikina jantzi zuten.

Ikastola sortzeko ere laguntza ekonomikoa behar zuten. Familiek ematen zuten sostengua, baina proiektua laguntzeko ere Etxarriko festetan "taberna" bat jarri zutela gogora ekarri dute Aldazek eta Lizarragak. Bertan ere herritarrak laguntzeko prest agertu zirela azaldu dute.



Gurasoen kooperatibak
Hasieratik ikastola herritik eta herriarendako sortutako proiektu bat izan da eta Sakanari oso errotuta dagoena. Hortaz, Sakana ia osoko ikasleak hartzen ditu Andra Marik: Hiriberritik Iturmendirako haurrak daude matrikulatuta. Hiru eraikinetan banatuta daude: Arbizukoan haur ikastolako haurrak daude, Etxarriko eraikin berrian Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurrak eta herriko eraikinean DBHko gazteak daude.

Etxarri Aranazko lehenengotarikoa izan zen, baina aldi berean este hainbat ikastola sortu ziren: Uxue, San Fermin, Paz de Ziganda, Olaztikoa, Leitzakoa eta Garces de los Fayos ikastolak. Hurrengo urteetan, gainera, Andra Mari ikastolaren barruan gela bat zabaldu zuten Lakuntzan, 1971ean; 1974an Arbizukoa, eta Bakaikukoa eta Uhartekoa 1977an. 

Ikastola familien kooperatiba bat da. 1976. urtean Aralarko Mikel Donea Ikasleen Gurasoen Kooperatiba osatu zuten Andra Mari ikastolako eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako gurasoek. Kooperatiba hau Nafarroako Ikastolen Elkartearen barruan dago eta Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatibaren kide da.

Ikastolaren eredu familietan oinarritzen da eta familien inplikazioa handia da, Iñaki Mundiñano Andra Mari ikastolako juntakideak azaldu duenez. Egunerokotasunean zuzendaritzan ordezkariak dituzte, juntan daude, mantentze batzordea, sustapenean, pedagogia kontratuetan... "Familien inplikazioa egunerokoa da".   

Olaia Martiarena gaur egungo Andra Mari ikastolako zuzendaria da eta azaldu duenez, kudeaketa zuzendaritza batzordearen bidez egiten da. Zuzendaritza batzordea herri guztietako gurasoez osatuta dago, baina ikastolaren egunerokotasuna irakasleen, zuzendaritza pedagogikoaren eta zuzendaritzaren esku dago. Hortaz, zuzendaritza bitan banatzen da, "alde batetik, pedagogikoa eta, bestetik, administratiboa". Familiak ere "egunero hor" daudela azaldu du zuzendariak. "Eta eskerrak familiei. Beraien beharra eta laguntza modu batera edo bestera ezinbestekoa da".

Oinarri pedagogikoak
Euskara eta euskal kulturaren eta sustapenaren konpromisoa dago ikastolaren oinarrian, baina hainbat pedagogia eta hezkuntza ikerketa oinarri izanda, irakaskuntza eredu bat sortu zuten ikastolek. Hortaz, Nafarroako ikastola guztiekin koordenatuta, Piaget, Wallon, Freire, Freinet eta hainbat pedagogiatan eta garaiko ikerketetan oinarrituriko proiektu pedagogikoa sortu zuten. Metodologia aktiboen apustua ere egin zuten eta Montessori, Decroly, Rosa Sensat eta abar pedagogiak jarraituz, ikastola komunitate osoarendako materiala sortzeari ekin zioten.

Markatutako ibilbide hori hezkuntza eredu batean oinarritzen da: haurra bere ikasketa eraikitzen duena da, neurozientziek berresten duten printzipioa. Eta oraindik jarraitzen dute ibilbide metodologikoa egiten. Hortaz, gaitasunen garapenean oinarritutako proiektu kurrikular propioa sortzea izan zen ikastolaren hurrengo urratsa.  

Irati, Sormen, IK/KI eta KiVa proiektuak dira, besteak beste, martxan jarri dituztenak proiektuan. Haur Hezkuntzan ere haurraren interesetik sortutako proiektuka lan egiten dute. Guztietan oinarria haurrak eta pertsonak daude eta bere garapen integrala da helburua. Hortaz, Haur Hezkuntzan konfiantzaren pedagogia inplementatzeko prozesuan daude, eta ildo beretik Lehen Hezkuntzako lehen fasean Kiribil proiektua sortzen ari dira. Irati proiektua informazioaren kudeaketaren erramintak lantzen ditu; Sormen proiektuarekin inteligentzia laterala lantzen dute eta IK/KI Ikasi Kooperatuz/Kooperatzen Ikasi proiektuarekin lan kooperatiboa sustatzen dute. Azken ikasturteetan, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza baten aldeko pausuak ematen hasiak dira.

50 urte
Duela bi urte inguru "bota" zuen Iñaki Mundiñanok mendi erdiaren urteurrenaren amua. "Bi urte urruti zeuden, baina iritsi da, eta erdi egina daukagu". Beraz, urteurren ekimenekin ikasturtearekin hasi ziren. Irudiarekin hasi ziren, logo "berritua" eginez eta leloa sortuz. Logoa Andra Marirena da, Sakanako zuhaitzetako bost hostoekin osatuta dagoena, baina 50 zenbaki bat jarri diote. Argiñe Berastegi arbizuarrak egin zuen logoa, baita moldatu du ere. Ondoren, leloa aukeratu zuten, nahiz eta "aurretik geneukan": Ekin eta Segi. Ikastolaren 25. urteurrenerako kaleratutako liburuxkan zegoen bertso batetik atera dute.

Ikastolaren komunitatearendako interesgarriak izan zitekeen hitzaldi zikloa egin zuten gero. Ikastoletan aplikatzen ari den konfiantza pedagogiaren inguruan lehenengoa Amaia Anteroren eskutik eta kooperatibismoaren inguruan bigarrena Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentearen eta Josu Reparaz Nafarroako ordezkariaren eskutik. Izan ere, Mundiñanok azaldu duenez, "gurasook ikastolen kooperatiba osatzen dugu, eta kooperatibak ez dira bakarrik irakaskuntzakoak edo ikastolakoak. Euskal Herrian kooperatiben mugimendua oso indartsua da".

Urteurrenaren "lehenengo fasea" amaituta, bigarrenarekin hasi ziren. Urteurrenaren ospakizuna egiteko urtero egiten dute ikastolaren bazkaria baliatu dute. Hortaz, ekainaren 8an ikasle ohi, irakasle ohi, guraso, langile eta abarrendako bazkaria eginen dute, baita egun osoko egitaraua ere. Herri kirolak, argazki zaharren erakusketa eta urteurrenerako prestatutako oroitzapenen elkarrizketez osatutako bideoaren proiekzioa, puzgarriak, trikitiak eta kontzertuak ere egonen dira. Eta, nola ez, bazkaria. Inoiz egin duten handiena izatea nahi dute. "Oroitu eta ospatu nahi dugu, eta apustu berezia egin dugu". Gainera, festarekin bat egiteko kamisetak ere salgai jarri dituzte.

Egitaraua

  • 10:00 Pilota txapelketako finala
  • 12:00 Herri kirolak eta buruhandiak
  • 12:30 Urteurren ekitaldia
  • 15:00 Bazkaria
  • 16:00-19:00 Puzgarriak
  • 17:30 Xapiru trikitilariak
  • 18:30 DBH 4. mailakoen agurra
  • 19:00 Beietz! taldea
  • 20:30-00:00 Tximeleta taldea
  • 22:00 Suzko zezena

Txosna zabalik egun osoan.
Argazki zaharren eta bideo proiekzioa ostiraletik igandera kultur etxean.

Datu esanguratsuak

  • 1969 Andra Mari ikastolaren hasiera, Eskola Zaharren egoitzetan, auzolanean itxuratu eta gero, 12 ikaslerekin.
  • 1971 Lakuntzako ikastolaren sorrera.
  • 1974 Arbizuko ikastolaren sorrera.
  • 1976 Aralarko Mikel Donearen Ikasleen Gurasoen Irakaskuntzarako Kooperatiba eratu zen, Sakanako ikastola guztiak bertan biltzeko.
  • 1977 Bakaikuko eta Uharte-Arakilgo ikastolak ireki ziren.
  • 1981-1982 Eskolaldi liburuak lortu ziren lehenengo aldiz.
  • 1985 Lehendabiziko legeztatzea
  • 1989 Andra Marik lehenengo Nafarroa Oinez festa antolatu zuen,  “Nafarroan euskaldun” lelopean.
  • 1990 Etxarriko, Arbizuko  eta Lakuntzako (gela bat) Eskolaurreak eta OHOko bigarren lerroa legeztatu ziren.
  • 1990 Uharte-Arakilgo eta Bakaikuko gelak itxi ziren.  
  • 1994 Andra Mari Ikastolaren 25. urteurrena ospatu zen.   
  • 1995 Lakuntzako ikastola itxi zen.  
  • 1995 Andra Marik eta Iñigo Aritzak “Sakana” Ikastola sortu behar izan zuten DBH ezarri ahal izateko. Lerro bana ezarri zen ikastola bakoitzean.  
  • 1996 Bigarren Nafarroa Oineza antolatu zuen “Herrikolore” lelopean, Eskola Zaharreko eraikina LOGSEk Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza martxan jartzeko arautzen zituen baldintzetara egokitzeko.
  • 1998-1999 DBH amaitu zuen lehen promozioa atera zen ikastolatik.
  • 2009 Hirugarren Nafarroa Oineza antolatu zuen “Txikiak handi” lelopean, eta Etxarriko ikastolaren 40. urteurrena ospatu zen. Europako hizkuntza gutxituen herrialdeekin harremanetan jarri zen lehenengo aldiz Nafarroa Oineza, „Txikiak Handi“ proiektuari hasiera emanez.
  • 2010 “Oinez Basoa” proiektuaren lehenengo basoa 2010eko neguan landatu zen Arbizuko udalak utzitako lur eremu batean. Baso honetan, 9 espezietako 5.200 zuhaitz landatu ziren, 2009ko  Andra Mari Ikastolaren Nafarroa Oinezari eta 2010ko  Paz Ziganda ikastolarenari zegozkienak.
  • 2013 Utzubar Txikiko eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldia egin zen.   
  • 2015-2016 Utzubar Txikiko Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikina mustu zen.
  • 2019 Andra Mari Ikastolaren 50. urteurrena.