"Abestiak nahiko ongi islatzen du taldearen arima edo taldea zer den". Hiart Leitza Beietz! musika taldeko abeslaria da. Musika talde arbizuarraren erritmoak biziak direla adierazi du. Hortaz, melodia zeltak beste hainbat erritmoekin nahasten ditu taldeak. Arbizuko festetan egin zuten lehenengo kontzertua, eta ordutik "ezin gara kexatu" esan du abeslariak. Hurrengoa ekainaren 8an izango da, Etxarri Aranatzen ospatuko den Andra Mari ikastolaren 50. urteurren festan, eta bertan Ekin eta Segi urteurrenaren harira sortu duten abestiaren mustutze mundiala egingo dute. Hala ere, Leitzak azaldu duenez, abestia izan da "ondoren datorrenaren aurrerapena".
Zeltik parranda izena jarri zioten euren musika estilo partikularrari. "Gure izpiritu hori transmititu nahi dugu". Instrumentuak dira estiloa markatzen dutenak, izan ere, txirula txikiarekin, biolinarekin eta trikitiarekin "nahi eta nahi ez melodia mota horiek ateratzen dira". Zeltik hori instrumentuetan ikusten da eta parranda taldearen abestiak eta melodiak festa giroko doinuak direlako.
Ekin eta Segi taldearen azken lana da eta Andra Mari ikastolaren 50. urteurrenerako egin dute. Leitzak esan duenez, taldearen arima ongi islatzen du. Hortaz, abesti mugitua, alaia eta estribillo itsaskorrarekin sortu dute. Festa giroko zerbait egiteko eskatu zieten ikastolatik, "eta nik uste ongi atera zaigula botatako erronka". Gainera, ikastolarekin duten harremana "berezia" dela dio Leitzak, izan ere, hainbat taldekide ikasle ohiak dira.
"Zazpi, hamaika, berrogeita hamar" dio abestiak, 50 hori ikastolaren urteei aipamena egiten dio. Ikastetxe batean orokorrean eta egunerokoan gertatzen diren gauzak kontatzen ditu letrak hasieran batean: horregatik abestia zenbakiekin hasten da, eta, ondoren, ikastetxeetan letrak, testuak eta idazten ikasten dela aipatzen da abestian, "ikastetxeetako bi arlo nagusienak". Ikastolaren proiektuaren ibilbidea ere agertzen da: "auzolanean egindako proiektu bat dela eta ametsak egi bihurtzen direla tartekatzen da abestian". Estribillo "itsaskorrak" gaur egun hezkuntza sistemaren helburua "pentsatzen ikasten, izaten ikasten eta bizitzen ikasten" dela dio. Bideoklipa ere laster aurkeztuko dute.
Talde "nahiko gaztea" da. Iazko Arbizuko festetan aurkeztu ziren mundura, lehenengo kontzertua egin zuten, eta ondoren beste hainbat kontzertu etorri ziren, "gehienak Sakanan". Hala ere, Iruñerrian ere aritu direla azaldu du Leitzak, baita Nafarroa Oinezen jo zuten ere. Aurreko asteburuan Irurtzunen Pikuxarren urteurren festan egon ziren, eta datorren larunbatean Andra Mari ikastolaren urteurren festan ospakizunerako sortutako abestiaren mustutze "mundiala" egingo dute. Udaberrian hainbat kontzertu gehiago egingo dituzte, esaterako, etxean joko dute berriz ere, Arbizuko festetan: "herrian izanik kontzertu berezia izango da".
Ekin eta Segi abestia "etorriko denaren aurrerapen gisa" da. Abesti batzuk prestatzen hasi dira eta horiek taldearen lehenengo diskoa izango denaren parte izango dira. "Errepertorioan kantu propioak ditugu eta gure asmoa da kantu guzti horiek disko berri batean biltzea". Uztailean grabatzea espero dute, eta data zehatza ez dakien arren, udazkenerako Beietz!-en lehenengo diskoa izango dela aurreratu du taldeko abeslariak.
Ekin eta Segi abestia badok.eus atarian entzun daiteke.