"Ez gara heroiak izan behar, garena gara"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko uzt. 3a, 12:34

Xabier Artieda 'Everybody needs heroes!' ikuskizunean. UTZITAKOA

Etxarri Aranazko artistak izanen dira 'Estalopeko hotsak' herriko ziklo berriaren protagonistak. Bihar, osteguna, izanen da lehenego emanaldia, eta Xabier Artieda aktore etxarriarrak mustuko du zikloa 'Everybody needs heroes!" ikuskizunarekin

Denok behar ditugu heroiak. Hori da Everybody needs heroes! ikuskizunaren bidez Xabier Artiedak plazaratu nahi duen mezua. Antzerki fisikoarekin esperimentatzeko nahiari esker sortutako ikuskizuna da. Artieda agertokian bakarrik egonen da, eta mugimenduen bidez barregura sortuko du.

Nola sortu zen 'Everybody needs heroes!' ikuskizuna?
Madrilen bizi nintzen eta nire kontu zerbait egiteko gogoak neuzkan. Agertokian bakarrik egotea eta nire modua aurkitzea nahi nuen. Lagun batekin inprobisazioak egiten hasi nintzen nondik eta nola izan zitekeen. Handik gorputz antzerkiaren bide hori atera zen, gero komediara bideratu nuena. Lanean ibili nintzen, bueltatu nintzen, eta ahaztuta egon zen gaia. Gero egiteko beharra sortu zitzaidan, eta pixkanaka sortzen hasi nintzen. Lan guzti horren bukaera da ikuskizuna.

Agertokian bakarrik egonen zara.
Lehenengo aldia da agertokian ordu bateko ikuskizuna egiten bakarrik egoten naizela. Gainera, nire proiektu bat da. Baina Julio Cesar eta Ruben Hernandez dena gainbegiratzen egon dira. Zerk egiten duen barrea, zerk ez... Pixka bat agertokian agertzen diren gauzak antolatzen egon dira.

Zer kontatzen du antzezlanak?
Izenburuak dioen bezala heroi batzuk daude, eta heroiak izaten ahal duten moduan saiatuko dira, baina heroia izatea ez da erraza eta ez zaie gauzak beti ongi ateratzen. Azkenean hausnarketa bat dago: gu gara garena. Eta ez gara heroiak izan behar. Gu izan behar gara eta horrekin pozik egon.

Erronka handia izan da, ez?
Niretako oso interesgarria izan da komunikatzeko bide hori aurkitzea. Dena mugimendua da, gorputzaren bidez egiten dut. Hitza badago, baina grabazio moduan agertzen da.

Hitzik esan gabe akzioa mantendu behar duzu.
Energia kontua da. Presentzia. Eta egiten duzuna interesgarria izan behar da. Komedia aldetik eraman dugunez jendeak ongi pasa behar du, eta zerbait oso interesgarria eta barregarria izan behar da. Clown munduaren gertu dago, eta laugarren pareta apurtzen da ere momenturen batean.

Honekin bakarrik zaude?
Proiektu askotan nago, baina hau pertsonala da. Nik eramaten dut. Gero zenbait proiektutan sartuta nago, eta gauzak konplikatzen dira. Izan ere, aktore bezala kontratatuta nago.

'Everybody needs heros!' Nafarroako Antzerki Eskolan aurkeztu zenuen, eta orain Etxarrin egongo zara. Nola sentitzen zara?
Oso ongi. Dena prestatzen eta gogoekin. Nik uste etxean beti jendea oso emankorra dela. Oso gustura egongo gara. Eginbeharrak begiratzen eta antolatzen egon gara.

Zergatik aktore izan? Nola hasi zinen?
Bat-bateko maitemin bat bezala izan zen. Antzerki tailer bat egin nuen eta hori ikasteko aukera bazegoen, egingo nuela pentsatu nuen. Oso gazte nintzen. 18 urterekin hasi nintzen Nafarroako Antzerki Eskolan. 18 urterekin fantasia asko neuzkan eta nire bizitzeko modua izango zela esaten nuen. Eta momentuz horrela da. Pozik.

Eta zergatik antzerki fisikoa?
Iruñean Antzerki Eskolan hasi nintzenean ikusi nuen bide horretatik eroso sentitzen nintzela. Mundu hori gustatzen zitzaidan eta liluratu ninduen. Gainera, txikitan ikusten nituen erreferentziak badaude ere. Telebistan bazegoen Michel Kutelmax deitutako pertsonaia bat Algarak edo horrelako programa batean. Esketxak egiten zituen eta berak gorputz antzerkia egiten zuen. Beraz, nahiko garbi izan dut. Ikasi nuen antzerkia fisikoa izan zen. Baina lanean denetarik egiten duzu; gorputza, testua... Gehien bat antzerkia egin dut, baina denetatik probatu dut.

Etxarrikoaren ondoren, zein da hurrengo urratsa?
Emanaldi gehiago egongo dira, datak aterako dira. Facebook-era adi egon.