Aranzadi zientzia elkarteak Lizarrustin, Quifosa zenaren ondoan, Marcelo Lasa Zeberio zenaren hezurdura lurpetik atera zuen irailaren 3an. Lasa Olaberriakoa zen, abertzalea, eta 1936ko agorrilaren 25ean erail zuten. Gorpua bilatzeko ezinbestekoa izan zen Francisco Lakuntza Larraza etxarriarraren lekukotasuna. Lakuntza zena 1936an Lizarrustin bizi zen eta 6 urte zituela gorpua arrastaka nola zeramaten ikusi zuen.
Antza, aitarekin eta osabarekin arrantzan zegoela, tiro hotsak entzun eta kaxko batera igo eta handik bi gizonezkok beste bat hilda zeukatela ikusi zuen. Alde egiteko eta ez begiratzeko esan omen zioten. Lakuntzak pago baten erreferentzia eman zuen eta handik ez oso urrun agertu zen hezurdura. Beraren zehaztasunak eta familiak eta Aranzadi elkarteak jasotako datuak oinarri hartuta, heriotzaren leku zehatza aurkitu zuten.
Beharrezko identifikazio protokoloak egin ondoren, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak igandean bueltatu zion hezurdura familiari, Olaberriako udaletxean egindako ekitaldi publikoan. Aretoa lepo beteta zegoela egin zen ekitaldi hunkigarria.