Marcelo Lasa Zeberioren oroimenez

Guaixe 2019ko uzt. 9a, 15:26

Olaberriara, familiaren eskutara bueltatu zen Marcelo Lasa Zeberio zenaren gorpuzkia garagarrilaren 30ean. Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak 1936an eraildako olaberriarren ingurukoan ikus-entzunezkoa ondu du.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Martzelo Lasaren gorpuzkia bere familiari eman zioten Olaberriako udaletxean egindako ekitaldian. Han izan zen presente Etxarri Aranazko Udalaren ordezkaritza ere. 

Lasa olaberriarrak 17 urte zituen 1936ko agorrilaren 25ean Lizarrustin tiroz erahil zutenean. Familiak ingurua zein zen bazekien arren, ezin izan zuen lurperatu zuten toki zehatza zein zen jakin. Lekua lokalizatzeko lehen arrastoa liburu batean egiten zen erreferentzian aurkitu zuen familiak, bertan zehaztu eta mugatu egiten zen zein ingurutan lurperatu zuten eta, azkenik, erabakigarria suertatu da Patxi Lakuntzaren testigantza. Sei urte zituen berak, Lasa hilda ikusi eta non lurperatu zuten ikusi zuenean, eta familiari eta Aranzadiko lan taldeari lekua zein zen azaltzeko modua izan du. 

Lasa gorpuzkia ateratzeko lanak 2018ko irailaren 2an egin ziren eta, behin hori eginda, DNA bidez identifikatua izan da. Lakuntza, exhumazioa egin eta egun gutxitara hil zen, 2018ko irailaren 21ean, eta berak lekuan bertan kontatutakoa, Gogorak ekitaldirako egin zuen bideoan jasotzen da, gorpuzkia lokalizatu eta lurpetik ateratzeko lanak nola izan diren eta jaso eta zabaltzeko helburuarekin egin dena.

Erlazionatuak