Etxarriar talde batek auzolanean eta Sarek sortu dute Iluntasunetik etxera dokumentala. Lannemezango espetxean (Etxarri Aranaztik 300 km-tara) preso dagoen etxarriarraren egoeraren berri ematen du ikus-entzunezkoak. Jaiki Hadi mediku elkarteak jakinarazi zuenez, Maizak gaixotasun larriak eta sendaezinak ditu: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina-askatzea, berriki, eta eskuineko begiaren galera haurtzarotik; diabetesa, dislipemia; hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra. Maizak 68 urte ditu, 41 urte daramatza herritik urrun; azken 12ak Frantzian preso eta zigor luzea du. Gainera, Espainiaren hiru estradizio eskaera eta euro-agindu bat ditu.
Dokumentalean kartzelak gaixotasun larri eta sendaezin bat duen presoarengan duen eragina azaldu nahi du. Horretarako, testigantzak jaso dituzte. Alde batetik, espetxean preso eta gaixo egon zen Bautista Barandalla etxarriarrarena. Bestetik, Jone Zabaleta optiko optometristaren iritzi aditua jaso dute. Baita Maizaren lagun den Igor Artiedarena ere. Azkenik, lege kontuez presoaren abokatu Xantiana Cachenaut ari da. Dokumentalak 24 minutuko iraupena du, euskaraz da, gaztelaniazko azpi-idatziekin. Soinu banda Luisillo Kalandrakak egin du.