Etxarri Aranazko Abesbatza 'Ahotsak' saioko finalean sartu da

Guaixe 2019ko ira. 30a, 14:21
Etxarri Aranazko Abesbatza, ezkerrean, Lizarran grabatu zuten 'Ahotsak' saioko galan. UTZITAKOA

'Ahotsak'-eko final handirako txartela lortu du Etxarri Aranazko Abesbatzak. Gasteizko Ur-tanta Korua, Oiartzungo Lartaun Abesbatza eta Etxarri Aranazko Abesbatza lehiatu ziren ETB1eko osteguneko saioan

"Estrategia pittin bat" erabili zuen Etxarri Aranazko Abesbatzak 'Ahotsak' Lizarrako galan, Mikel Jauregi Etxarrikoen ordezkariak esan zuen bezala. Izan ere, 'Ahotsak' Euskal Herriko abesbatza onena lortzeko lehiaketa bat da, talent show bat. Ostegunean emititu zen saioan Etxarri Aranazko Abesbatzak, Gasteizko Ur-tanta Koruak eta Oiartzungo Lartaun Abesbatzak parte hartu zuten. Hiruretatik hoberena Etxarri Aranazkoa izan zen. Eta, ondorioz, final handirako txartela lortu dute sakandarrek.

'Ahotsak' saioan, guztira, 24 koruk parte hartuko dute. Saio bakoitzean hiru abesbatzek parte hartzen dute eta bakoitzak hiru abesti interpretatu behar ditu; bi bideoklip batean eta hirugarrena galan. Galan kanta bakoitza entzun ondoren, abesbatzek haien botoa eman behar dute, eta, azkenik, Hibai Etxebarria epaileak hiru boto ematen ditu. Etxarri Aranatzek 7 puntuekin pasa da finalera. Gasteizko abesbatzak 5 puntu jaso zituen eta Oiartzungoak 2 puntu, Etxarri Aranazko Abesbatzak emandakoak.