Kontseiluak euskararen inguruko azken epaiak salatu ditu

Guaixe 2019ko urr. 18a, 14:39
Xabi Martinez de Lezea (IKA), Begoña Muñoz (Nafarroako Ikastolen Elkartea), Paul Bilbao (Kontseilua), Agurne Gaubeka (Hizkuntzaren Behatokia) eta Xabi Garcia (AEK).

Larunbatean, 12:00etan, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean (Karlos III.a etorbidea) kontzentratzera deitu du “justizia, kohesioa eta berdintasuna ardatz dituen gizarte bat eraikitzeko”. Bestetik, Nafarroako Gobernuari epaiei kasazio-helegitea tarteratzeko eskatu dio.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Nafarroako Auzitegiak euskararen inguruan emandako azken bi epaiek “justiziari, berdintasunari eta kohesioari muzin egiten” dietela salatu du. Eta Nafarroako Gobernuak horiek bermatzea aldarrikatzeko kontzentrazioa deitu du larunbat eguerdirako Iruñean. Aldi berean, epaiaren eta Nafarroako Gobernuak eginen dituen pausoen berri emango dio Kontseiluak Europako Kontseiluari: “Eurogutunak ezarritakoaren kontra doa eta bertako konpromisoak ez betetzea litzateke epaiaren irakurketa murritza egitea”.

Paul Bilbao idazkari nagusiak gogorarazi du Nafarroako Parlamentuan Euskararen Legea aldatzeko batzorde berezian halako zerbait gerta zitekeela gaztigatu ziela. Bilbaok esan duenez, “herritarrei eskubideen aitortza desberdina egiten bazaie, zailagoa da instituzioei eskubideak bermatzeko neurriak exijitzea”. Bilbaok azaldu zuenez, epaia murritza izan arren, debekurik ez du ezartzen eta, beraz, ausardia eskatu dio Gobernuari beste garai bateko “hizkuntza-politika ilunetara” ez itzultzeko. “Epaiak dioen bezala, ahal terminoaren alde positiboa ulertu behar dute instituzioek; hortaz, legeak ezarritako eremu mistoan eta ez-euskaldunean neurriak hartzen jarraitu ahal dute, langileen euskara-gaitasunak baloratzean zein euskararen erabilera orokortuan. Iruñeko alkateak aurreratu du epaiaren irakurketa murritza aplikatuko duela; Gobernuak berdin jokatuko du?” galdetu du Bilbaok. Horrekin batera, Kontseiluko eledunak Gobernuari koherentziaz jokatzeko eskatu dio, bai eta kasazio-helegitea tarteratzeko ere.

Kontseiluko ordezkariak adierazi du ulertezina dela helegitea tarteratu duen eragilearen jarrera. “Euskararen aldeko neurri guztiak jarri dituzte auzitan. Epaileek berek ohartarazi diote ikuspegi juridikoaz haratago, ikuspegi eta arrazoinamendu politikoak erabili nahi izan dituztela. Izan ere, zein lotura dauka errotulazioa edo inprimakiak ele bietan egoteak langileen eskubideekin? Oso kezkagarria da garai ilunetako euskara ez ikusteko balizko eskubidea berpiztu izana”, gaitzetsi du Bilbaok.