Etxarri Aranazko Abesbatzak irabazi du 'Ahotsak' saioa

Guaixe 2019ko urr. 29a, 09:31
Etxarri Aranazko Abesbatzako kideak 5000 euroko txekarekin. UTZITAKOA

'Ahotsak' saioaren final handia emititu zuten atzo, ETB1en, eta Etxarri Aranazko Abesbatza Euskal Herriko abesbatzarik hoberena dela erabaki zen

Euskal Herriko zortzi abesbatza lehiatu ziren 'Ahotsak' saioko finalean. Donostian egin zuten azken gala, eta Etxarri Aranatzek lortu zuen txapela eta 5000 euko txekea. Abesbatza sakanadarrak hiru abesbatzen bozka jaso zuen, baita Ibai Etxebarria musika adituaren eta saioaren epailearen bi puntu erabakigarriak ere.

Euskal Herriko 24 abesbatzek parte hartu dute 'Ahotsak' saioan. Saio bakoitzean hiru abesbatzek parte hartzen zuten, eta haietatik batek finalerako txartela lortzen zuen. Hortaz, Bilboko Bilbotxeros, Basauriko Zirzira ahots taldea, Leioako Doriene abesbatza, Errenteriako Dizdizka abesbatza, Ugao-Miravalleseko Ugao sare abesbatza, Atarrabiako Paz de Ziganda abesbatza, Hernaniko Dakapo abesbatza eta Etxarri Aranazko abesbatza iritsi ziren atzo ETB1en emititu zuten finalera.

Abesbatza bakoitzak emanaldia egin ondoren, bozkatzeko garaia zen. Koru bakoitzak puntu bat banatu behar zuen. Etxarri Aranazkoak hiru puntu jaso zituen, Hernaniko Dakapo abesbatzak bi puntu eta puntu bana Atarrabiako Paz de Ziganda abesbatzak, Errenteriako Dizdizka abesbatzak eta Basauriko Zirzira abesbatzak. Ibai Etxebarria saioko epaileak bi puntu erabakigarriak Etxarri Aranazko abesbatzari eman zizkion eta Sakanako abesbatza 'Ahotsak' saioaren lehenengo edizioaren irabazlea bihurtu zen.