Espetxetik bueltan senideek istripua izan zuten

Guaixe 2019ko aza. 25a, 11:55

Istripuaren ondorioak autoan. Argazkia: Etxerat.

Euriagatik ibilgailuak errepideko bazter babesa jo zuen. Bi ezbehar horiekin senide eta lagunek aurten zortzi istripu izan dituzte. 30 urteetan 1.000 zauritu inguru eta 16 hildako eragin ditu dispertsioak senide eta lagunei egitera behartutako bidai luzeetan.

Euskal presoen senideak biltzen dituen Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, kartzeletara bisitan joaten ziren bi senidek auto istripua izan dute asteburuan. Etxarriarrak izan zuten istripuetako bat, aita eta bere 12 urteko semea. Etxerat-ek jakinarazi duenez, Villabonako espetxean (Asturias, 440 km) dagoen Olga Comes preso iruindarraren senideak dira istripua izan zutenak. Bisitatik bueltan zetozela, ezbeharra Altuben (Araba) izan zuten: beraien furgonetan kurba batean irten zen, bazter babesarekin talka egin zuen. Han bertan beste bi istripu egon ziren euritearen ondorioz.

Etxeratetik jakinarazi dutenez, “gidatzen emandako orduek arriskua handitzen dute halako bidai luzeetan. Lanetik irten ondoren errepidean jarri ziren lau orduko bidaia egiteko, espetxe ondoan lo egin eta berriz kotxea hartu zuten hiru orduz etxera itzultzeko asmoz”. Elkarteko kideek gaztigatu dutenez, Olga Comesen senide eta lagunek izan duten hirugarren istripua da asteburukoa.

Etxerat elkarteko kideek azaldu dutenez, “senideei ezarritako kondena eta dispertsioa mantentzea jasangaitza da eta egoera honekin amaitzea ezinbestekoa da. Senide eta lagunei ezarritako kondenari amaiera jartzea, dispertsioak eragindako hildakoen aitortza lortzea eta preso guztiak Euskal Herrira ekartzea premiazkoa da, asteburu honetan gertatutako istripuak bezalakoak inoiz gehiago gerta ez daitezen”. Aldi berean, hiriburuetan istripuak salatzeko kontzentrazioak deitu dituzte. Iruñean gaur izanen da, 20:00etan Gobernu Zibilaren parean.

Adierazpena
“Askatasunaz gabetzeko zigorrak gizarte eta familia errotze tokietatik urrun betetzea saihestuko duen espetxe politika berria beharrezkoa dela uste du Nafarroako Parlamentuak”. Horixe jaso du Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak gaur onartutako erakunde adierazpenak. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute mozioa eta haiekin bat egin du PSNk. 

Proposatutako adierazpenak beste bi puntu zituen, Navarra Sumaren eta sozialisten kontrako botoarekin aurrera egin ez dutenak. Aurrenak Nafarroako Parlamentuari eskatzen zion elkartasuna adieraztea Olga Comes presoa bisitatzera joandako eta istripua izandako senideei elkartasuna adieraztea, “baita sakabanaketa eta urruntze politikak pairatzen dituzten pertsona guztiei, gertukoak ikusteko ehunka kilometro egitera behartuta daudenak”. Atzenak, berriz, Parlamentuari eskatzen zion Nafarroako Gobernuak beharrezko kudeaketak egin zitzala herrialdean errotuta dauden pertsona presoak Iruñeko kartzelan egon daitezela. 

Bigarrena 
Sakanako senideek kartzeletara joan-etorritan aurten izandako bigarren istripua izan da asteburukoa. Aurrena otsailaren 3an izan zuten Luis Mariñelarena Gartziandia Galiziako Curtis espetxera (650 km) bisitatzera joaten ziren bere lagunek. Etxarriarren autoak irrist egitean, beste auto bat jo zuen lehenik, ondoren bide bazterreko babes hesia jo zuen.