Presoen senide etxarriarrek izandako istripuaren kontura, Etxarri Aranazko Udalak adierazpena onartu du. Lehenik, herritarrak deitutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu ditu (bihar, 20:00etan, plazan). Horrekin batera, udalak dispertsio politikaren eta urruntzearen berehalako desaktibazioa eskatu du, senideak kaltetu eta oinazea eransten baitie. Gogoratu du, gainera, presoak bisitatzera egindako joan-etorrietan 16 senide hil direla trafiko ezbeharretan. Azkenik, udalak pertsona guztien Giza Eskubideen errespetua exijitu du.
Etxarri Aranazko Udaletik nabarmendu dutenez, presoen dispertsioak, “arrazoi politikoei erantzuten dionak, ez dio soilik oinazea sortzen zigorra betetzen ari den presoari, zuzen eragiten die senide eta lagunei ere. Praktikan beharrezkoa ez den zigor bat da, senideek euren borondatearen aurka egin behar dituzten bidaiak dira, euren senide presoekin bisita eta komunikazio eskubideak gauzatzeko bakarrik eginak”. Udaletik gaineratu dutenez, “baldintza inposatu batzuetan derrigorrean egiten diren bidai batzuen ondorioak pairatu dituzten hainbat pertsona, segurtasun fisikoa eta bizitzak jokoan jarriz”.
Udal ordezkarien iritziz, “ETAren behin betiko etenaren ondoren, egoera hau luzatzeak ez du inolako zentzurik. Orain, aldatzeko aukera dugu, oinaze guztiak kontuan hartzeko unea da, pertsona guztien giza eskubideak errespetatzeko eta etorkizun hobeago bat eraikitzeko momentua, dispertsioari amaiera emateko ordua da. Senideen sufrimenduarekin amaitzea beharrezkoa da”.