Presoen urrunketak eragindako istripuak salatzeko deia

Guaixe 2019ko aza. 29a, 10:36
Presoen urrunketa salatzeko ekimena.

Gaur, 20:00etan, plazan. Asteburuan espetxetik bueltan etortzen ziren etxarriar batzuek istripua izan zuten. Presoak bisitatzera joan-etorrietan etxarriarrek aurten izandako bigarren istripua da.

Presoen Euskal Herriratzea eskatzeko kontzentrazioa egiten da Etxarri Aranazko plazan, 20:00etan. Gaurkoan senideek presoak bisitatzera doazenean errepidean bizi duten arriskua nabarmenduko dute. Izan ere, Villabonako espetxean (Asturias, 440 km) dagoen Olga Comes preso iruindarraren senide etxarriarrak dira istripua izan zutenak asteburuan. Aita eta bere 12 urteko semea dira ezbeharra izan zutenak. Bisitatik bueltan zetozela, ezbeharra Altuben (Araba) izan zuten: beraien furgonetan kurba batean irten zen eta bazter babesarekin talka egin zuen. Han bertan beste bi istripu egon ziren euritearen ondorioz.

Euskal presoen senideak biltzen dituen Etxerat elkarteak jakinarazi dutenez, “gidatzen emandako orduek arriskua handitzen dute halako bidai luzeetan. Lanetik irten ondoren errepidean jarri ziren lau orduko bidaia egiteko, espetxe ondoan lo egin eta berriz kotxea hartu zuten hiru orduz etxera itzultzeko asmoz”. Elkarteko kideek gaztigatu dutenez, Olga Comesen senide eta lagunek izan duten hirugarren istripua da asteburukoa. Etxeratekoek azaldu dutenez, “senideei ezarritako kondena eta dispertsioa mantentzea jasangaitza da eta egoera honekin amaitzea ezinbestekoa da. Senide eta lagunei ezarritako kondenari amaiera jartzea, dispertsioak eragindako hildakoen aitortza lortzea eta preso guztiak Euskal Herrira ekartzea premiazkoa da, asteburuan gertatutako istripua bezalakoak inoiz gehiago gerta ez daitezen”. 

Bigarrena 
Sakanako senideek presoak bisitatzeko kartzeletara egiten dituzten joan-etorritan aurten izandako bigarren istripua izan zen asteburukoa. Luis Mariñelarena Gartziandia A Coruñako Curtis espetxera (650 km) bisitatzera joaten ziren bere lagunek eta istripua izan zuten otsailaren 3an. Orduko hartan etxarriarren autoak irrist egitean, beste auto bat jo zuen lehenik, ondoren bide bazterreko babes hesia jo zuen.