Sare Herritarrak “salbuespeneko espetxe politika indargabetzeko ordua” dela adierazten duten aldarrikapenez bete nahi ditu eguberriak. Baita “elkarbizitzan eta benetako bakean urratsak emateko presoen korapiloa askatzea beharrezkoa dela azpimarratu” ere. Eguberriak “sendiarekin eta lagunekin batzeko egunak izaten diren hauek, ehunka eta milaka kilometrotara dauden presoen hutsunea areagotzea dakarte”.
Sareko kideek nabarmendu dutenez, “hutsune horri, gainera, salbuespeneko errealitateari egin behar diote aurre”. Izan ere, Nafarroako 36 presoen (sei etxarriar) % 80 lehenengo graduan dago, espetxean dagoen erregimenik gogorrean. 35 urrunduak Espainiako eta Frantziako estatuetan, 1 espetxe arinduan (etxean preso). Horietatik, lau larriki gaixo daude (tartean Etxarri Aranazko Jon Gurutz Maiza Artola), lau emakumezkoak dira, bizi baldintza okerragoetan. Ama, aita edo biak espetxean dituzten haurrak 11 dira (Motxiladun umeak) eta horietako bat espetxean dago bere amarekin. Sarek gogorarazi du urrunketaren ondorioz, espetxetara joan etorrietan bi nafar auto istripuetan hil zirela. Sareko kideek sakandarrak Iruñeko eta Etxarri Aranazko manifestazioetan parte hartzera deitu dute.
Hitzordu gehiago
Abenduak 27 Gaixo dauden presoen egoeraren berri ematen duen Sareren anbulantzia Sakanan barna ibiliko da.
Ilbeltzaren 11n, 17:00etan, Orain presoak manifestazioa Bilboko La Casillatik.
Ilbeltzaren 12an, 17:00etan eta 19:30ean, Zama doinuz arinduz ikuskizun-kontzertua Etxarri Aranazko kultur etxean.