Txakurkrosa

“Ikusgarria da txakurren eta pertsonaren artean sortzen den lotura ikustea”

Maider Betelu Ganboa 2019ko abe. 20a, 11:15

Igandean III. Etxarri Aranazko Txakurkrosa jokatuko da Etxarri Aranazko kanpinean, goizeko 9:00etatik aurrera, Triku Trail taldeak eta Euskanikross taldeak antolatuta, Xalok dietetika eta nutrizio zentroaren eta hainbat babesleren laguntzarekin. Igor Artieda Galdeano etxarriarrak eman dizkigu azalpenak. 

Txakurrari lotuta korrika egitea. Hori da, modu xumean azalduta, txakurkrosa. Baina hori baino asko ere gehiago da, hainbat modalitate daudelako. Etxarriko Txakurkrosaren antolatzaileetako bat eta txakurkrosean aritzen den Igor Artieda Galdeano etxarriarrak azalduko dizkigu xehetasunak.

Etxarri Aranazko Txakurkrosaren 3. edizioa jokatuko da etzi. Oraindik Sakanan nobedadea da Txakurkrosa?
Sakanan aspalditik dago txakurkrosean aritzen dena, baina ez asko. Egun, jende askok txakurrak ditu, korrika egiten du mendian baina oraindik txakurrari lotuta ez du korrika egiten. Ez da salto hori ematera ausartzen. 

Salto hori ematea kosta egiten da?
Beno... ezjakintasuna, informazio falta... izan daiteke horren arrazoia, baino behin ikusi edo probatzen duzula honek harrapatzen zaitu eta asko gainera; oso polita da. 

Txakurrik gabe edo txakurrari lotuta korrika egitean zein da alde nagusia?
Abiadura, bereziki. Txakurraren arabera, kilometroaren abiadura minutu bat edo gehiagoan jaitsi dezakezu lotu gabe edo lotuta egitearekin. Beraz, aldea oso nabarmena da. Abiadura ikusgarriak izaten dira lotuta egiten denean. Eta horretaz aparte, txakurkrosa azkenean talde lan bat da, pilotan binaka jolastea bezala. Ehuneko hein handi batean txakurrarena da meritua, abiaduraren aldetik berak esfortzu handia egiten duelako. Eta gero, aginduak nola eman eta jabearen eta txakurraren arteko elkar ulertzeak asko egiten du; hainbat faktore daude talde lan hori hobetu dezaketenak. 

Lasterketetan parte hartzen duten txakurrek zein adina dute?
Normalean txakurrek urte bat izan arte ezin dute korrikarik egin halako lasterketan, eta muga edo topea 10 urte dira. Txakurraren arrazaren arabera, 8 urtetik aurrera euren maila jaisten doa. Nireak, Lunak, 4 urte ditu eta ez naiz puntu horretara iritsi, baina nik garbi dut, ikusten dudanean bere maila jaisten ari dela, adin batera iritsi dela, edo lasterketan egiten duenarekin sufritzen hasten dela, lasterketetatik aterako dut, txakurrez aldatuko dut. Askok adin ezberdinetako bizpahiru txakur dituzte, bat zahartzen denean bestearekin aritzeko... denetarik dago. 

Aurten Triku Trail taldeak hartu du antolakuntzaren ardura, ezta?
Aurreko bi ediziotan Xalok dietetika eta nutrizio zentroko taldeak eramaten zuen ardura nagusia eta ni aholkulari gisa nengoen. Orain, Xalokekoek babesle gisa jarraitzen dute baina Triku Trail eta Euskanikrossen artean hartu dugu proba antolatzearen ardura, Euskanikross gai honetan espezifikoagoak diren atalak landuz eta Triku Trailek kale lana eginez: baimenak, boluntarioak... Elkarlanean egiten dugun ekimena da. 

Igandean jokatuko da proba, Etxarriko kanpinean. Ibilbidean aldaketarik egin duzue?
Ez dugu aldaketarik egin ibilbidea bikaina delako. Jendeari asko gustatzen zaio. Euskal Herrian geografiagatik hau bezalako ibilbide laurik ez dago; denak oso maldatsuak dira, desnibel askorekin, eta gurean, lauago izatean, abiadura handiagoak hartzen dira eta txakurkroserako aproposagoa da besteak baino. Jendeak oso gustuko du, ez da luzeegia, oso erosoa da, entretenigarria, erreboltak, putzuak, errekak, gorabeherak... denetarik du. 6 km dira eta ibilbide teknikoa da. Kanpinetik aterata, ibilbidea Polvorera aldera doa, eta Beheko Basotik, Artxaneko pinudiaren atzealdetik, Haritzen ibilbidea gurutzatzen du eta handik kanpinera doa, Haritzen ibilbidetik. 70 metroko desnibela du, Euskal Herriko Ligako proba lauena da gurea, baina korrika egiteko oso aproposa eta polita da, entretenigarria. Eta paisaia, neguan egonda ere, oso erakargarria da, ederra. 

Hiru modalitate daude.
Txakurkrosa, txakurrari lotuta korrika egitea; patina, kirolaria bizikleta normal baten tamainako gurpilak dituen patin moduko batean doa, eta txakur bat edo gehienetan bi patinari tiraka; eta bikejoringa, parte-hartzailea bizikletan do eta txakurra hari lotuta. Segurtasunagatik, txakurren artean liskarrak eta tentsioa izaten delako, ezinezkoa da denak batera ateratzea. Pentsa 110 txakur batera biltzea lasterketa batean aritzeko... hori ezinezkoa da. Hortaz, txirrindulan eta patinean doazenak banaka aterako dira elkarren artean minutu bateko tartearekin. Eta txakurkrosean parte hartzen dutenak aurten hirunaka aterako dira. Aurreko urtetan bosnaka atera ziren, baina aurten hirunaka, hobetze aldera. Txakurrendako lasaiago. 
 
Izan ere, proba hauetan txakurren segurtasuna eta hobe beharra bermatzea da garrantzitsuena, txakurrak ongi egotea eta ez estutzea. Hori ziurtatzeko egiten al dituzue albaitarien kontrolak?
Bai, proba hasi baino lehen albaitariek txakurrak artatzen dituzte. Txakurkrosekoak lasterketa motzak baina esplosiboak dira, txakurrendako nahikoa esfortzua. Txakurrek minutu dexente egingo dituzte ahalegin betean, topera. 25, 20 minutu... txakur bakoitzaren arabera, eta horretarako baldintza egokitan egon beharko dute. Hankak begiratzen zaizkio, zauririk izan ez ditzan, bihotza auskultatu, txerto guztiak dituela ziurtatu... asko begiratzen da. 

Lasterketa goizeko 9:00etan abiatzen bada, albaitariak noiz hasten dira lanean?
Goizeko 8:00etarako hasten dira. Goizeko 9:00etan lehendabiziko txirrindularia aterako da, gero gainontzekoak, eta segidan patinekoak, guztiak jarraian, banaka. Eta goizeko 10:30ean txakurkroseko lehen parte-hartzaileak hasiko dira lanean. Beraz, 8:00etatik 10:30etara lanean ariko dira albaitariak, jo eta fuego. 

Zenbat parte-hartzaile espero dituzue?
Iaz 104 pertsona izan ziren, baina horietako batzuk diziplina bat baino gehiagotan aritu ziren eta hortaz, uste dut 111 partaide inguru izan zirela guztira, errepikatu zutenekin. Dagoeneko kopurua gainditu dugu eta uste dut 115-120 ingurutan egon gaitezkeela. 

Sakandarren bat ariko da?
Bi daude izena emanda. Juan Bautista Urtasun urdiaindarra patinean ariko da. Berak urte asko daramatza eta beterano handia da. Eta Igor Lanz satrustegiarra bikejoringean ariko da. 

Igandean Etxarriko Txakurkrosa ikustera joan nahi badugu, zein da proba ikusteko gomendatzen diguzun tokia?
Ibilbidearen bigarren erdian. Haritz Zaharren Ibilbidean badago haritz bat zulo handi bat duena, eta  inguru horretan jarriko nintzateke. Eta hori baino lehenago badago kilometro eskaseko gune bat gorabehera eta errebueltaz betetakoa... Finean, probako bigarren zati ederrean edozein puntu da polita lasterketa ikusteko, eta bertaraino hurbiltzeko erosoa. 

Xarma berezia duen lasterketa izango da. Abiadura ikusgarria hartzen omen dute bereziki patinean eta bizikletan doazenak.
Izugarria! Iaz uste dut hiru diziplinatan denborarik onena patinean aritu zenak egin zuela eta 12 minutu eta segundo gutxi batzuetan egin zuela buelta. Eta hori ibilbide guztia lokaztuta zegoela kontuan hartuta. Pentsa lehorra balego! Txakurkrosean irabazi zuenak 19 minutu eta 4 segundotan
egin zuen lana. Txakurrarekin lotuta azkarrago zoaz.  

Jendea joaten al da proba ikustera?
Giroa eta mugimendua egoten da Etxarriko Kanpinean, polita izaten da. Baina abendua da, eguraldi onik ezin da ziurtatu... eta horrek ikusleengan eragina du. Dena den, eguraldiaz ari naiz ikusleei begira, guk ez baitugu eguraldi hobea behar, beroa ez baita ona txakurrendako. Guretako hotza da eguraldi aproposena; zenbat eta hotzagoa hobe, txakurrendako. 

Beraz, proba ikusgarria dela dudarik ez. Sakandarrak gonbidatuko al ditugu igandean goiz pasa ederra egitera?
Giroa oso polita eta oso berezia da. Telebistan elurretan lera bati tiraka txakur pila ikusten ditugu, eta diziplina horretatik dator txakurkrosa. Ikusgarria da ikustea txakur horiek nola egiten duten tira, nola egiten duten korrika, eta txakurraren eta pertsonaren artean sortzen den lotura hori zein polita den ikustea. Animatu daitezela sakandarrak, pozik joango direla etxera ikusten dutenarekin.